Artziniega, Araba. Munduan Arciniega abizena daramaten pertsonen bilera, 1272an Alfontso Jakintsuak fundatutako herri hau aurten 750 urte betetzen ari dela-eta antolatutako programaren barruan antolatu du bertako Udalak. Artziniegako alkate Joseba Vivancok gonbidapena luzatu die deitura Arciniega, Arceniega, Arciniega, Arzeniega, Arceniegas edo beste aldaeraren bat dutenei. Uztailaren 9an egingo da elkarretaratzea.
Aitortu du, gainera, ez dagoela herrian abizen hori duenik, baina bai Espainian eta Amerika osoan, gutxienez Mexiko, Ekuador, Kolonbia, Peru, Dominikar Errepublika eta AEBan. Facebooken, esaterako, badaude pare bat talde Arciniega deiturakoak biltzen dituztenak, horietarik bat, gaztelaniaz, mila eta bostehun kidetik gora batzen dituena eta beste ingelesez, laurogei kidekoa.
Artziniega abizenekoa bazara eta informazio gehiago eskuratu edo zuzenean parte hartu nahi duzula adierazi nahi baduzu, ekainaren 9aren aurretik eman dezakezu izena Artziniega1272@gmail.com emailera idatziz eta zeure izen-deiturak eta nondik idatzen duzun esanez. Email berera idatz dezakezu edo Udaleko +34 945 396 353 zenbakira deitu, non lo egin eta bestelako xehetasunez galdetu nahi badituzu.