Durazno, Uruguai. Euskal jatorriko familia batean jaio zen Raul Iturria Igarzabal euskal uruguaitarra. Ramon Iturria Idiarte aita, Martín Iturria Vergara eta Pilar Idiarte Arijuría nafarren semea zen; Rufina Elisa Igarzábal Rivero ama, Nicasio Igarzábal Zabal gipuzkoarraren eta Justa Rivero uruguaitarraren alaba. Era askotan indartu du euskal jatorriarekiko bere lotura Raul Iturriak; Uruguaiko euskal erakundeekiko harremanei eutsiz eta Euskal Herrira bidaiatzen, bidaia pribatuetan eta baita ofizialetan ere, besteak beste.
Zuhaitz genealogikoa osatu samarra dauka idazleak; izan ere, familiaren historian miatuz jakin zuen jatorrizko abizena “Ibarzabal” zuela, eta Uruguain eta Argentinan bihurtu zutela Igarzabal. Arrazoiak ez dakizki. Bere arbasoen Ameriketara migratzeko zergatiak ere ez dakizki baina ekonomikoak izango zirela pentsatzen du. Zalantzarik gabe esaten du, baina, bere familiaren eta bere euskal jatorriak bultzatu zutela ‘Aporte vasco al Uruguay. Vasconia Uruguayensis’ liburua idaztera, "honek guztiak papereratuta behar zuelako". Historialariak gure buletinari azaldu dionez, beti izan zuen "euskal gaiei buruz zerbait idazteko gogoa, batez ere euskal immigrazioak gure herrialdean izan duen eraginaz”. Orain, helburu hori beteta, azaroaren 14an aurkeztu berria du liburua eta momentuko oso harrera ona izan du publikoaren artean, diosku.
‘Aporte vasco al Uruguay. Vasconia Uruguayensis’
Euskal Herriari buruzko datu orokorrak emanez hasten da liburua, esan nahi baita Euskal Herriaren sorrera, historiaurrea, hizkuntza, ohiturak, kirolak, elezaharrak eta pertsona esanguratsuen pentsaera ematen. Ondoren, koloniaren garaitik Uruguaira etorri ziren etorkinen eragina garatzen du: “Herrialde honetako indar ekonomiko eta kulturalen sustatzaile izan ziren. Euskal eta nafar immigranteek aldaketa nabariak eragin zituzten gure nazioan, esparru askotan. Nekazariak, artisauak, saltzaileak, produktoreak izan ziren… arrakasta lortu zuten; aberatsak egin ziren eta beren seme-alabek baldintza ekonomiko eta sozial hobeak izan zituzten. Euskaldunak Uruguain bizitzera egokitu ziren baina euren tradizioak mantenduz. Ondorioz, batu egin ziren bi kulturak, Euskal Herrikoa eta hemengoa. Eta bien artean Vasconia uruguayensis izenarekin ezagutzen duguna sortu zen”, azaltzen du idazleak.
Iturri bibliografikoei dagokienez, berrogei urtetan zehar osatutzen joan den bere liburutegiko materiala izan dela jakinarazten digu, liburuetako asko Buenos Airesko Ekin eta Donostiako Txertoa argitaletxeetakoak. “Argitalpen mordoa kontsultatu dut; hala ere, hain da handia euskaldunen eragina hemen, liburua erabat motz geratzen dela eragin horrek duen tamainaren aurrean".
“Nik argi ikusten dut", jarraitzen du Iturriak, "euskaldunen ondorengoak euskaldunak izaten jarraitzen dugula; zenbat belaunaldi dauden gure eta Euskal Herritik etorri ziren gure arbasoen artean ez du batere axola. Euskaldunak tradizionalistak dira eta euren etnia eta kultura maite dituzte. Saiakera hau Pirinioetako etniari omenaldi bat egiteko modu bat da”.
‘Aporte vasco al Uruguay. Vasconia Uruguayensis’ liburua Uruguaiko liburudendetan eskura daiteke. Banatzailea ‘Gussi Libros’ da (Yaro kaleko 1119, Montevideo). Banatzailearekin kontaktatzeko datuak hauek dira: telefonoak 598 2413 6195 eta 598 2413 3042 ; webgunea, www.gussilibros.com.uy; eta Facebook kontua, Gussi Libros - Importadora y Distribuidora.