euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Echea Institutuak urte osoko organo emanaldi ziklo bat hasi du Buenos Airesen, euskal ikutua eta guzti

2011/04/26

Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuko kapera eta bertako organoa (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuko kapera eta bertako organoa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hilabetero izango diren kontzertuek beti bilduko baitute euskal egileren baten piezaren bat. Bereziak dira baita ere aretoa zein instrumentua. Alde batetik, akustika ezin hobea du Euskal Echea Institutuko kaperak. Bestetik, Argentinan "Kilgen & Son" organo bakarra geratzen omen da eta hori Buenos Aires hiriburuko Sarandi kaleko Euskal Echea-ko kapera honetan dago. Bi baliabide hauek uztartuz, Organo Kontzertu Ziklo bat antolatu du Euskal Echea Institutuak. Emanaldiak hilero izango dira, lehenengo asteazkenean arratsaldeko 7etan eta publiko orokorrari zuzenduta.

Buenos Aires, Argentina. Apiril honen 6an hasi da Buenos Airesko Euskal Echea Institutuan 2011ko Organo Kontzertu Zikloa. Lehenengo emanaldian, Cristina Garcia Banegas zuzendari eta organo-jotzaile uruguaitarrak Bach eta Piazzolaren piezak biltzen zituen errepertorio polit bat eskaini zien hiriburuko euskal eskola honetako elizara bildutako musika zaleei.

Horretaz gain, nazioarteko jarduera zabala duen musikari honek XVIII. mendeko Fernando Eguiguren eta Aita Donostia-ren (Jose Antonio de San Sebastian izena ere bildu zuen programak Aita Donostia aipatzerakoan) lanak ere interpretatu zituen.

Ziklo osoan zehar, izen handiko musikariek joko dute Euskal Echea-n. Hurrengo hitzorduan, Enrique Rimoldi organista eta Fernando Ciancio tronpeta-jotzailearen esku egongo da emanaldia.

Maria de Lourdes Repetto organista uruguaitarra eta Ana Paula Segurola argentinarra ere aurkeztuko dira Institutuko lehenengo solairuan dagoen kaperan, eta geroago Cristina Deanarekin batera, Lagun Onak Abesbatzak eta Jose Maria Gutierrez txistulariak izango dute klasikoei ahotsa eta musika jartzeko ardura.

Kontzertuak hilero izango dira, lehenengo asteazkenetan, arratsaldeko 7etan, Euskal Echea-ren Buenos Airesko egoitzan, Sarandi kalean 735 zenbakian. Sarrera librea eta doanikoa izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia