Madril, Espainia. Iazko uztailean egin zuen debuta Madrilgo Euskal Etxeko 'Katalina Eleizegi' Antzerki Taldeak, Maria Gainzarain zuzendari ‘Mikro blues. Escenas cotidianas’ taularatuz. Zazpi hilabete eta gero, aktore amateurrek osatutako taldeak arrakasta berritu du 'La Kuadrilla' lanarekin. Gainzarainek bere bizitzako hainbat pasadizo jaso ditu bertara, “Gasteizen bizi nintzen garaikoak, hango kuadrilari lotuak, gai ugari eta desberdinak bilduz testura”, esan du solasean EuskalKultura.eus-ekin..
Lehenengo lan harek izandako arrakastari esker hamar lagun berri talderatu zitzaizkion urri amaieran. “Ez zen erraza izan lan berri bati ekitea, batez ere, tailerra denez, obra muntatu bitartean ikasleek antzezten ere ikasi behar zutelako. Baina taldekide berriak, ikasteko gogo handiz etorri ziren eta erronka izan da, baina erronka polita. Poz-pozik gaude emaitzarekin, bikain pasatu dugu entseguetan eta estreinaldiaren egunean –'badakizu, areto gainezka ikustea bultzada ederra da beti'– eta esan dezaket antzerki tailerra benetako kuadrila bat bilakatu dela”, azpimarratu digu antzerkigileak.
Euskal Etxeko antzokia goraino beteta, "La Kuadrilla" antzezlanaren estreinaldi egunean
'Katalina Eleizegi' Antzerki taldea
'Katalina Eleizegi' du izena Madrilgo Euskal Etxeko Antzerki Taldeak, Donostian 1889an jaio eta 1963an Lizarran zendu zen antzerki idazlearen omenez. “Euskal Etxeko zaleak ditu kide eta gehienek ez dute inongo eskarmendurik antzerki munduan. Tailerraren helburua, dena den, muntaia egin bitartean ikastea da”. Eta horrela egin dute azken hilabeteotan aktore taularatu zaizkigun Marta Arbizu, Natxo Arteta, Pilar Cabello, Elena Cid, Alba Cueto, Rosa Gago, Iñaki Gauna, Cristina Inés, Maritxu Legarreta, MAF, José Ramón Olaso, Cristina Ordóñez, Graciela Porres, Amaia Segovia, Esther Tabernero eta Urko Urteaga lagunek.
Emanaldia bukatuta, Maria Gainzarain pozik solasean antzezleekin
Aipatzekoa da, Lucía Hernandez saxo-jotzaileak euskal musika jo zuela emanaldian zehar eta eszenografiaz Natxo Arteta artista plastikoa eta Candela Gauna arduratu zirela. Geroari begira, taldeak berriro nahi luke oholtzara igo 'La Kuadrilla'rekin, jende asko geratu baitzen estreinaldi egunean kanpoan. Egun pare bat opor hartu eta gero, lanean segituko dute berriro ere zuzendariak zein ikasleek. Eta ez dute baztertzen hirugarren prestatzekotan diren antzezlanean, euskarazko testuren bat gehitzea, nola egingo duten oraindik argi ez daukatela. “Omenaldi polita izango litzateke, Katalina Eleizegi ohoratzeko, euskarazko atalekin aberastea”, aitortu digu Gainzarainek.
Madrilgo Euskal Etxea sareetan,
- Instagram, euskaletxea_madrid
- Webgunea, ongietorri.euskaletxea-madrid.com