Antzinako euskal musika Parisen Ondarearen Eguna ospatzeko, eta bira Viena, Turnhout eta Bartzelonan
2016/09/15
Euskal Barrokensemble (argazkia Noah Shaye). Enrike Solinís gitarra jotzailearekin batera eskainiko ditu kontzertuak
PUBLIZITATEA
Antzinako euskal musika protagonista izango da Parisen eta Europako beste zenbait hiritan datozen hilabeteetan Enrike Solinís eta Euskal Barrokensemble-k Frantzia, Austria, Belgika eta Kataluniako agertokietan eskainiko duten programa bat medio. Lehenengo geralekua Paris izango da, datorren larunbatean, Radio Francek bere estudioetatik zuzeneko kontzertu bat eskaintzeko aukeratu baititu, Frantzia soan entzungo den saioan. Gero datoz Viena, Turnhout, Bartzelona, Bilbo...
Bilbo, Bizkaia. Antzinako euskal musika protagonista izango da larunbat honetan, irailaren 17an, Frantzia osoan. Ondarearen Eguna ospatzeko, Radio Francek Enrike Solinís & Euskal Barrokensemble aukeratu ditu Pariseko bere estudioetatik zuzeneko kontzertua eskaintzeko. Herrialde osorako eskainiko den emanaldia, asteburu osoan eskainiko duen eta bederatzi kontzertuk osatuko duten programazio bereziaren barruan dago.
Enrike Solinís & Euskal Barrokesemble: Euskel Antiqva-Legacy of the Land of Basque
Izan ere, euskal taldearen eta Enrike Solinís gitarra jole eta zuzendariaren ibilbideari eskainitako errekonozimendu handia da, bera baita ospakizun horretara gonbidatutako talde ez frantses bakarra. Horrela, France Musique irrati publikoak 2015ean argitaratutako disko hoberenen artean aukeratu duen Euskel Antiqva – El legado musical del País Vasco azken lanaren abestiak zuzenean entzun ahal izango dira gaueko 22:00etatik aurrera. Solinísekin batera (lautea, gitarra barrokoa, lavta eta zuzendaritza artistikoa), Maika Etxekopar (ahotsa), Mixel Etxekopar (ahotsa, txirula, ttunttuna), Sabin Bikandi (txistua, alboka, gaita), Miren Zeberio (biolin barrokoa), Pablo Martín Caminero (kontrabaxua) eta Daniel Garay Moragues (perkusioa) egongo dira Radio Franceko 105. estudioan.
Bira Europako zenbait agertokitan
Kontzertua, Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek euskal musika eta kultura, Europako zenbait agertoki enblematikoetara hurbilduko duten bira baten hasiera ere izango da. Larunbat honetan Parisen aritu ondoren, Belgika, Austria –Konzerthaus, musika klasikoaren benetako tenplua–, Bartzelonako Auditori eta Bilboko Arriaga Antzokia etorriko dira. Bira hori bat dator, gainera, ‘Jota’, lanaren estreinaldiarekin. Carlos Sauraren azken film horren soinu bandan parte hartzen baitu Euskal Barrokensemblek, Ara Malikianekin eta Carlos Núñezekin batera, besteak beste.
Irailaren 23an, Belgikako Turnhout herriaren txanda izango da. Euskal Barrokensemblek bertako musika erlijioso jaialdi ospetsuan hartuko du parte. Bertan Prophecy of the Sibylla, Solinísen beraren moldaketak dituen lan anonimoa eskainiko dute. Hurrengo hitzordua etxean izango da, Bilboko Arriaga Antzokian, urriaren 13an. Bertan eskainiko duten errepertorio nagusia Euskel Antiqva – El legado musical del País Vasco laneko kantek osatuko dute. Errepertorio horren bitartez, Donejakuera zihoazen erromes europarren ibilbidean, euskal kultura eta musika, Europa osotik etorritako musika eragin anitzenetara zabaldu ziren garaira eramango dituzte ikus-entzuleak. Diskoa Jordi Savallek, antzinako musika alorreko mundu osoko figura nagusietakoak, argitaratu zuen.
Biraren azken etapak, azaroan dagoeneko, Vienara eta Bartzelonara eramango ditu. Azaroaren 3an, Austriako hiriburuan, taldeak Colores del sur diskoko fandangoak, marionak, kanarioak edo kunbeak berreskuratuko ditu Konzerthausen, musika klasikoaren tenplu ospetsuan. Diskoak Espainiako eta Italiako tradizio barrokoak hartu zituen oinarri. Amaitzeko, azaroaren 8an, Bartzelonako Auditorin, Ars Lacrimae emanaldiak emango dio amaiera birari, Marin Marais, Jean-Féry Rebel, Antonio Vivaldi, Georg Philipp Telemann eta Jean-Philippe Rameauren lanekin.
Ibilbide luzeko musikariak
Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek Europan egingo duten bira, bat etorriko da Carlos Saura zuzendariaren Jota film berriaren zine aretoetako estreinaldiarekin. Aurreko filmeetan flamenkoa eta tangoarekiko interesa agertu ondoren, bere lurreko musika tradizionalari begiratuz itzuliko da orain pantailetara. Jota lanean, Saurak genero horren bilakaera eta beste genero batzuekin dituen fusioak erakutsiko ditu, eta lan hori Solinís beraren eta Ara Malikian edo Carlos Núñez bezalako beste artista batzuen lankidetzari esker egingo du.
Euskal Barrokensemble Enrike Solinísek sortu zuen 2006an. Antzinako musikaren panoramako musikari gazteek osatzen dute. Euskal Herrian aritzeaz gain, hamar urte hauetan birak egin izan ditu Europan (Espainia, Italia, Frantzia, Belgika, Alemania, Suitza, Austria, Txekia, Polonia, Irlanda), Amerikan (Kanada, AEB, Mexiko, Kuba, Costa Rica, Nikaragua, Argentina) eta Ekialde Hurbilean (Israel).
Euskal Barrokensemblek ikus-entzuleen eta kritikaren txaloak jaso izan ditu, eta nazioarteko hainbat ekitalditan hartu du parte, Montrealgo Jaialdi Barrokoan (Kanada) edo Pragako Udaberriko Jaialdian, Hanburgoko Festival für Alte Musik izenekoan, Holandako Flamenko Biurtekoan, Habanako Musika Jaialdian edo Madrilgo Auditorio Nacional izenekoan, besteak beste. Euskal Herrian, Ziortzako Antzinako Musika Jaialdian, Donostiako Musika Hamabostaldian edo Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Musika-Música jaialdian hartu du parte.
Enrike Solinís
Enrike Solinís taldearen sortzailea eta zuzendaria, beste batzuen artean Paco de Lucía, Narciso Yepes, Lutosławski, Steve Vai, Tinariwen edo Los Panchos bezalako eragin anitzak dituen musikaren aurrean duen pasioa aitortzen duen bilbotarra da. Konposizio eta gitarra goi mailako ikasketak egin zituen Bilboko J. C. Arriaga Kontserbatorioan, antzinako musikako goi ikasketak Bartzelonako ESMUCen eta, aldi berean, Bartzelonako Escola Luthier eskolan José Tomás maisuaren Cum Laude Kontzertu emaile gradu-ostekoa lortu zuen.
Nazioarteko hainbat gitarra lehiaketetan jaso ditu sariak, eta kultura askotako musiken aldeko interesa erakutsi du. Horrez gain, musikari bakarlari eta kontinuista gisa aritzen da talde garrantzitsuekin, Jordi Savallek zuzendutako Hesperion XXI, Le Concert de Nations eta la Capella Reial de Catalunya; René Jacobsek zuzendutako Concerto Vocale eta Akademie für Alte Musik; Emmanuelle Haimek zuzendutako Le Concert D´astrée, Manfredo Kraemerrek zuzendutako Baroque 21 Lab, The Rare Fruits Council, etab.