euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antzina aldizkari digitalaren 5. zenbakiak, euskal pilotaren bidez, gizakiarentzat eskuek duten garrantzia islatu nahi du

2008/06/09

Antzina aldizkariko 5. zenbakia
Antzina aldizkariko 5. zenbakia

PUBLIZITATEA

Euskal genealogian espezialdutako Antzina seihilabetekariaren bosgarren alea interneten da dagoeneko, euskal izen-deiturak, historia eta bizimodu tradizionalaz jakitea gustukoa dutenentzat kitorik eskuragarri. Zenbaki berriak artikulu mordoxka biltzen du 53 orrialdetan, besteak beste euskal erbesteaz, pertsona izenez, sukaldeari buruz, pertsonaiez eta etxeez, baina lehenengo bi artikulu nagusietan Euskal Herriko kultura eta ohituretan leku berezia daukan tradizio batez dihardu: euskal pilotaz, XX. mendeko lehen herenerainoko pilotari zerrenda bat eskainiz.

Donostia, Gipuzkoa. Aurreko aleetan artikuluren bat euskaraz bildu izan badu ere, osorik gaztelaniaz dator Antzina seihilabetekariaren bosgarren zenbaki hau. Ohi duen gisan, lehenengo artikuluak gai jakin bati eskaintzen dizkio, kasu honetan euskal pilotari. Honela, Javier Bayona Iturrartek euskal pilotaren historia laburtzen du aurrenekoan. Nafarroako lehenengo lekukotasuna XIV. mendekoa dela aitortzen du. Garai haietan nobleek, apezpikuek eta elizgizonek pilota praktikatzen omen zutela azaltzen du bere idazlanean.

Pilotaren jokoa asko aldatu da bere sorreratik gaur egun arte, baina kirol honek 1900ean eduki zuen bere momenturik garrantzitsuena. Urte horretan Pariseko Olinpiadak egin ziren eta euskal pilotak presentzia eduki zuen Frantziako hiriburuan. Kirol gertakari horretan Amezola eta Villota puntistek urrezko domina irabazi zuten Duquerttyk eta Etchegarayk osatzen zuten bikoteari irabaziz. Artikuluaren osagarri, seihilabetekariak XX. mendearen lehenengo herenerainoko hainbat pilotarien zerrenda biltzen du, bakoitzaren datu zehatzekin: izen-deiturak, ezizena, jaioterria eta herrialdea, jaiotze urtea eta joko modalitatea.

Erbesteko pertsonak eta euskal izenak

Jose Migel Sanchezek 1936ko gerla zibilaren karietara ihes egin behar izan zuten Donostiako hiru ahizparen istorioa kontatzen du beste artikulu batean. Maria Luisak, Brigidak eta Pilarrek --21, 13 eta 10 urtekoak, hurrenez hurren-- 1937ko ekainaren 29an atzerriratu behar izan zuten Durango, Laredo eta Santanderretik pasa ostean.

'Euskal izenak' atalean, oro har pertsonen izenez eta XIX. mende amaieran indarra hartu zuen euskal nazionalismoaren eraginez Sabino Arana Goirik euskal izenen arloan egin zituen ekarpenez idazten du Xabier Ormaetxeak. Aranaren lanen artean izendegi katolikoa euskaratzea aipa daiteke, gaur egun erabat ohiko bihurtu diren Edurne, Nekane edo Igone bezalako izenak sortu edo proposatuz.

Madrilgo Diputatuen Kongresuko lehen diputatu emakume nafarra

Orlando Obaldiak idatzitako euskal sukaldeen barrualdeei buruzko datuak eta irudiak ere eskaintzen ditu aleak. Pertsonaiari dagokionez, 'adimen, borondate eta ontasun handiko' izan omen zen Julia Alvarez Resano emakume nafarra ezagutzeko gonbitea luzatzen die irakurleei Leonisa de Rodrigo Guiterrez idazleak.

Alvarez Resano politikan zein sindikalgintzan aritu zen. Espainiar hiriburuko Diputatuen Kongresuko lehen emakume nafarra izan zen 1936ko otsailean Madrilgo Frente Popular alderdiarekin. Tropa frankistek gerra irabazi ostean, atzerrira ihesi atera behar izan zuen, Frantzian erbesteratuz. Bertan lan garrantzitsua egin zuen Espainiar Errepublikarren Ebakuazio Zerbitzuan eta Espainiar Batasun Nazionalean, Frantziar Erresistentziari laguntza ematen zion gerrilari mugimendua.

Aldizkariaren ale berria nola lortu

Antzina aldizkariaren bosgarren zenbakiko amaiera atalek genealogia edo alboko arloez argitaratu berri diren liburuei buruz aditzera ematen dute, eta Antzinako elkarteak egin edo antolatu dituen azken jardueren berri ere ematen du. Aldizkari digitala internet bidez lortu daiteke hemen sartuz.


Lotura interesgarriak

'Antzinako' elkartea
www.antzinako.org

Hemen irakurri edo jaitsi daiteke Antzina aldizkariaren 5. zenbakia (pdf formatuan)
http://www.antzinako.org/Revistas/Antzinako_5.pdf



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia