euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antzerti aldizkariaren bilduma osoa sarean ipini du Armiarma.com-ek, tartean 47 egileren 74 antzerki obra

2008/02/07

1936ko gerra aurreko Antzerti aldizkariaren azaleko irudietako bat, Txiki marrazkigile famatuak bere estilo eta marrazteko molde bereziaz egina
1936ko gerra aurreko Antzerti aldizkariaren azaleko irudietako bat, Txiki marrazkigile famatuak bere estilo eta marrazteko molde bereziaz egina

PUBLIZITATEA

Antzerti aldizkaria nahitaezko erreferentzia da euskal antzerkigintzaren historian. 1932ko urtarrilean sortua, ia 50 urteko etenaldia izan zuen 36ko gerraren ondorioz. Antzerti Eskolaren ekimenarekin batera berriro argitaratu zen eta beste 29 ale kaleratu zituen 1982tik 1985era. Orain, Armiarma.com-ek zenbaki guztiak jarri ditu irakurlearen esku sarean. Bertan aldizkariak argitara emandako 64 aleak topatuko ditugu, tartean 47 idazlek idatzitako 74 obra. Zer taularatu nahi duenarentzat altxor polita.
Armiarma.com euskal literaturan espezialduta dagoen ospe handiko webgunea da. Bertan biltzen dira idazleak eta obrak, albisteak, lokuzioak, abestiak, eta euskaraz idatzitako material ugari. Besteak beste, Euskal Herriko literatura eta kazetaritzaren historian garrantzia handia izan duten eta honezkero desagertu diren 29 aldizkariren aleak irakurrdaitezke. Bilduma horri Antzerti gehitu zaio oraintsu.

Antonio Maria Labaien antzerkigile tolosarra izan zen 1932an jaiotako aldizkariaren sortzaile eta buruzagi nagusia. 35 zenbaki kaleratu ziren, horietatik 17 bikoitz, 36ko gerrak argitalpena eten zuen arte. Lehenengo bolada hartan antzerki lan osoak eta antzerkigintzaren inguruko albiste, iragarki eta publikazioak ziren Antzertiren oinarri. 1982. urtean etenaldi luzearekin amaitu eta berriro ere heldu zitzaion argia aldizkariari Antzerti Eskolaren eskutik. Bigarren aldi honetan 29 ale argitaratu ziren, 1985. urtean desagertu zen arte.

Bere orrialdeetan Abelino Barriola, Xabier Lizardi eta Piarres Larzabal bezalako autore klasikoen lanak topa daitezke eta baita Gillaume Irigoien, Eugenio Arozena eta Imanol Elias bezalako idazle ez-klasikoenak ere. Aldizkariaren azken bi urteetan dena den, beste hizkuntza batzuetako autore eta obren euskaratzeak ahaleginaren zati handia hartu zuen, besteak beste Carlo Goldoni, Jean-Paul Sartre, Wiliam Shakespeare, Manuel Maria, August Strindberg eta Dario Fo-ren obrak euskaratuz. Orain, guztira 47 egileren 76 antzerki-lan aurkitu daitezke sarean. Irakurtzeko soilik, edota Euskal Herrian zein Diasporan taula gainean saiatu nahi duenak badauka non hauta.


Lotura interesgarriak

Antzerti aldizkaria eta bere baitango antzerki lanak sarean
antzerti.armiarma.com

Armiarma.com proiektua: euskal literatura sarean eskuragai
www.armiarma.com

XX. m-ko euskal antzerkia: Kostunbrismotik sinbolismo politikora
Patri Urkizu egile, BasqueLiterature.com webgunean

Euskal literaturaren historia
Zenbait egile, BasqueLiterature.com webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia