euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antzerki tailerra Buenos Airesen euskaraz/gaztelaniaz, Euskaltzaleak eta Itsaso Iribarrenen eskutik

2008/10/13

Itsaso Iribarrenek datorren astelehenean hasiko du Buenos Aireseko Euskaltzaleak-ek antolaturik antzerki ikastaro elebiduna euskara-gaztelera (argazkia EuskalKultura.com)
Itsaso Iribarrenek datorren astelehenean hasiko du Buenos Aireseko Euskaltzaleak-ek antolaturik antzerki ikastaro elebiduna euskara-gaztelera (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Iruñean jaio zen Itsaso Iribarren eta Bilbon ikasi zituen Arte Ederrak. Denborarekin 'performance'etan espezialdu eta gaur egun “13Días” antzerki taldearekin dabil Buenos Airesen, aldi berean dantza irakasle. Argentinara etorri baino lehen ezer gutxi zekien berak Diasporaz. Orain, berriz, aitortzen du “hemen jaiotako euskaldunen artean bizitzeko aukera izan dudalarik, nire sustraiak gehiago maitatzen” ikasi duela. "Hunkitu egin nau ikusteak hemengoek nola bizi duten beren euskalduntasuna eta zein garrantzitsua den eurentzat". Itsasok euskaraz eta erdaraz emango duen antzerki tailer bat hasiko du datorren astelehenean Buenos Airesen, Euskaltzaleak elkarteak antolaturik.

Buenos Aires, Argentina. Tailerra datorren asteko astelehenean hasiko da, urriaren 20ean, Euskaltzaleak-en, Mexico 1880ko euskal egoitzan. Elebitara izango da, euskaraz eta gaztelaniaz. Egia esan, ez da beharrezkoa izango euskarazko ezagupenik bertan parte hartzeko, baina Euskaltzaleak elkarteak bere ekitaldi guztietan aplikatzen saiatzen den moldearen arabera, antzerki-tailerrean euskarazko hitzak sartuko dira eta naturaltasunez erabiliko da euskara, partaideek gertuago senti dezaten eta hiztegi txiki bat ikas eta praktika dezaten. Ekimenak sei saio bilduko ditu, Euskararen Egunarekin bat --Abenduaren 3-- bukatzeko, tailerreko partaideak egun horretan egingo den festan antzezpentxo bat aurkezteko aukera izan dezaten.

Itsaso Iribarrenek 2004an bisitatu zuen lehenengoz Argentina eta estonatu zen kultura arloan Buenos Airesek daukan aukera zabalarekin. Alabaina, ikasketak bukatzeke zeuzkanez, Euskal Herrira bueltatu zen berriz ere itzultzeko asmoz. Bi urte pasa eta Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak bukatuta, bere formakuntza areagotzeko graduondoko ikastaro baten bila zebilela, Buenos Aireseko IUNA (Instituto Universitario Nacional de Arte) institutuan topatu zuen aukera ona dantza garaikidean trebatzeko, eta honela hartu zuen atzera Buenos Aireserako bidea 2006an.

Kontaktua Diasporarekin

Hogeita sei urteko emakume gaztea izan arren, eskarmendu handia dauka Itsasok artearen alorrean. Germán de la Riva bere bikotekidearekin osatzen duen konpainia, “13Días” izenekoa, leku askotako jaialdietan ibilitakoa da, esan nahi baita besteak beste Bartzelonan, Burlatan (Nafarroa), Londresen eta Mannheim-en (Alemania). Egun, arte plastikoak eta eszenikoak uztartzen dituen obra batekin dabil antzoki argentinarretan, tartean Buenos Aireseko Colegiales auzoko ‘Entretelones’ antzokian eta Borgesen Kultur Centroan, Norah Borgesen aretoan.

Beste askori gertatzen zaion bezala, Argentinara heldu aurretik Itsasok ezer gutxi zekien Diasporari buruz: “Banekien zeozer bazegoela hortik --esaten du irriño batez-- baina ez gauza handirik. Aitortu beharra daukat hemen, Euskal Herritik kanpo egotean ikasten ari naizela nire sustraiak gehiago apreziatzen eta maitatzen. Ikastolan nengoenean, irakasleren batek esana zigun Ameriketan euskal etxeak zeudela, eta euskara ikasten eta pilota jokatzen zuten pertsonak zeudela. Mapan begiratuta oso urrun geratzen da hau, baina saiatzen nintzen imajinatzen nolakoak izango ziren etxe eta jende horiek. Polita izan zen hona etorri eta irudi haiek hezurmamitzea. Benetan hunkitu egin nau ikusteak hemengoek nola bizi duten beren euskalduntasuna, zein garrantzitsua den eurentzat ikusteak".

Antzerkia eta euskara uztartuz... Buenos Airesen

Aitortzen du Itsasok aberasgarria dela oso Argentinan bizitzen ari den esperientzia, batzuetan herriminak bisita egin izan badio ere. Horregatik, orain urtebete,  euskal etxeren batera hurbilduko zela erabaki zuen. Sarean bilatuz, Euskaltzaleak erakundearekin topo egin zuen eta hala gerturatu zen. “Iaz etxera joan nintzen Gabonak pasatzera eta Buenos Airesera itzultzean pentsatu nuen zerbait behar nuela egin nire herriarekin lotura ez galtzeko. Aurten, Euskaltzaleak-en laguntzen dut klaseekin, eta euskal etxeko ikasle eta irakasleekin lortzen dut harreman horri eustea”.

Buenos Aires inguruan bizi diren irakurleak antzerki tailerra egitera animatzen ditu Itsasok. Aukera on gisa ikusten du euskara eta antzerkia uztartzeko. Giro ona aurreikusten du bata zein bestea, edo biak ikasi edota praktikatu nahi dituztenentzat. Badaki berak bolada polita gelditzen zaiola egiten ari den ikasketak bukatzeko eta bere etorkizuna Euskal Herrian, agian Bilbo inguruko herriren batean biziz, ikusten badu ere, bitartean gustura ari da jorratzen bide hau, Argentinako Euskal Herria eta Argentinako euskaldunak hobeto ezagutzen, bi herrialdeon arteko zubian kulunkari.

LOTURA INTERESGARRIAK

Euskaltzaleak, Buenos Aireseko Euskaltegia
www.euskaltzaleak.org.ar

13D antzerki konpainiari buruz
www.13dias.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia