euskal diaspora eta kultura
2008/09/25
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. Caracaseko Eusko Etxeak joan den irailaren 20an ospatu zuen San Antolin eguna, Lekeition egiten duten erara: Antzar Eguna antolatuz. Bizkaiko kostaldeko herrian irailaren 5ean ospatzen da Antzar Eguna, San Antolin jaien barruan. Egun horretan herriko gazteek, portuko alde batetik bestera jartzen den soka batetik eskegita dagoen antzar bati helduta, nork gehiago eusteko lehian ibiltzen dira. Talde bakoitza batel batean sartzen da uretara, bertatik lehiakideak antzarrari heldu eta ahal bezainbeste aupada aguantatu behar ditu.
Caracaseko euskaldunek ez dute porturik, ezta batelik ere, baina eurek ere Antzar Eguna antolatu zuten, Eusko Etxeko igerlekuaren inguruan eta trapuz eginiko 'antzar' batzuekin. Jaiari hasiera emateko sardina eta marmitako bazkaria prestatu zuten Amaya Arriaga, Josune Zubizarreta, Gaizka Urcelai, Unai Azpiritxaga, Clever Ramirez, Anton Arriaga eta elkarteko beste kide batzuek.
[Amaya Arriaga eta Unai Azpiritxaga 2008ko Antzar Eguneko sardinak eta marmitakoa prestatzen]
Jaia eguerdian hasi zen, baina euskal etxeko kide Pedro Arriagak EuskalKultura.com-i agertu dionez, gauean piztu zen benetako giroa, arratsaldean zehar bertaratu ziren gazteei esker. Gizon eta emakume, neska eta mutil, denak saiatu ziren antzarra helduta ahalik eta gehien irauten. Sokari tiratzeko bolondres ugari ere egon ziren.
[Partehartzaileak aupatzeko sokari tiraka]
Ilundu zuenean jaia bukatu ordez are gehiago animatu zen, gazteek uretan sartzen ausartzen ez ziren kideak zuzenean uretara bota baitzituzten, barre eta algara artean. Orotara giro polita izan zen euskal etxean eta ziurrenik datorren urteko Antzar Eguna noiz helduko zain izango dira gazte horietako asko.
[Gazteak sokari tiraka gaueko parrandan]
[Denak uretara!]
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jo Caracaseko Euskal Etxearen blogera: hona.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus