Durham, Ingalaterra. ‘A Vasconic inscription on a bronze hand: writing and rituality in the Iron Age Irulegi settlement (Ebro Valley)’ (Inskripzio baskoniko bat brontzezko esku batean: idazkuntza eta erritualtasuna Irulegiko Burdin Aroko herrixkan [Ebro Ibarra]) du izena Durham-eko Unibertsitatean egoitza duen aldizkariak otsaileko zenbakian argitaratutako artikuluak. Testuaren egile dira, besteak beste, Mattin Aiestaran Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa; Javier Velaza, Bartzelonako Unibertsitateko Latindar Filologian katedraduna eta Joaquin Gorrochategui EHUko Indoeuropar Linguistikako katedraduna.
Artikuluak kontestualizatu egiten du Irulegiko Burdin Aroko herri gotortua (Aranguren ibarra, Nafarroa), Brontze Aro erdialdean sortu zena (K.a. XVI.-XII. mendeak) eta K.a. I. mendearen lehen hereneraino okupatuta egon zena, izan ere erasotua izan eta abandonatu zutenera arte. Aurkikuntzak hizkuntzalaritza arloan eta oro har kultur eremuan izan dituen ondoriak ere goraipatzen ditu ikerketak.
Ikertzen segitzen dute
Berreskuratutako objektuen artean, Leire Malkorra arkeologoak 2021eko ekainean aurkitutako ‘Irulegiko Esku’ famatua hartzen du aintzat bereziki aldizkari zientifikoak. Izan ere, garbitze lanak eta azterketa sakona egin ondoren, adituek, brontzezko eskua azpisistema grafiko paleohispaniko batean idatzita dagoela eta garai hartako baskoiek bazekitela bere hizkuntzan idazten ziurtatzen dute. Ondorio hauek izugarri hunkitu dituzte kulturazale eta euskaltzaleak.
Gaur egun ‘Irulegiko Eskua’ Nafar Gobernuko Zaharberritze Departamentuan dago eta erakundearen helburua da Nafarroako Museoan erakusketa bat antolatzea 2024ko bigarren seihilekoan. Interesatuek hemen irakur dezakete osorik jatorrizko bertsioan Antiquity-ko artikulu osoa; eta hemen Arantzadiren laburpena euskaraz.