Antioquiako Caldas hirian egoitza duen Gure Mendietakoak Euskal Etxeak pozik itxi berriak ditu 2016 urteko ekimenak, arduradunek hamabi hilabete hauetan egindakoaren balioespen baikorra eginda. Burutu dituzten ekitaldien artean arduradunek berek azpimarratu dituzte Euskal Etxeak liburu azokan ezarritako stand-a, euskal jatorri historikoko bertako familia topaketetan egindako aurkezpenak, euskal jatorridun abizenei buruzko saioak... Datorren urtean, gehiago!
Medellin, Kolonbia. Gure Mendietakoak Euskal Etxeak 2016ko ekitaldiei errepasoa egin die EuskalKultura.com-i urteak ekarritako saio eta lanetako batzuk azpimarratuz. Elkartea Kolonbiako iparmendebaldeko departamentu honetan euskal kultura zabaltzen eta sustatzen dabil aspaldion. Urtero urtero egiten dituen ekitaldien artean, esaterako, klasikoa bihurtu da Medellingo Liburuaren Egunak Azokan elkarteak jartzen duen euskal stand-a.
Ekinbide horri jarraiki, Gure Mendietakoak-ek euskal etxearen ekimen eta helburuei buruzko informazioa eman zuen azokako standean eta euskal kultura eta literaturaren berri eskaini zuen, zenbait liburu eta aldizkariren bidez. John Alejandro Ricaurte elkarteko fundatzaile eta kide duenez, bertako euskaldunei eta euskal presentzia historikoari buruzko bi ikerketa liburu ere mahaigaineratuta: “Vasco Navarros en Antioquia, 1890-1970. Una aproximación a la historia de migrantes, religiosos y exiliados” eta “Los Vascos en Antioquia durante el reinado de los Austrias (1510-1700)”, Ricaurte bera bien egile.
Saldarriaga eta Montoya
Euskal etxeak bere buruari ezarritako lana du euskaldunek Kolonbian eta bereziki Antioquian izandako presentzia historikoa ikertu eta honen berri zabaltzea, eta arlo horretan ere zenbait jarduera egin ditu azken hilabeteotan. Irailaren 20an, esaterako, parte hartu zuen bertako Saldarriaga familiak Medellinen egindako bilkuran eta euskal jatorridun abizen honen aurkezpena egin zuen bildutakoen artean, Antioquiara iritsitako euren lehen emigranteen ixtorio eta ekarpenak nabarmenduta. Ricaurtek berak bere “Los Vascos en Antioquia durante el reinado de los Austrias (1510-1700)” liburua ere aurkeztu zen ekitaldian.
Azaroaren 20an, ostera, Medellingo Casa Montoya Fundazioaren bileran parte hartu zuen, Antioquiara abizen honekin etorritako lehenengo kideen eta euren euskal jatorriaren berri emanez.
Gabon afaria
Urtea amaitzeko, elkarteak ohiko Gabon Afaria egin zuen abenduaren 19an. Elkarteko kide gutxi batzuk bildu zirtuen bertara, baina euren artean baziren zuzenean Gipuzkoan eta Bilbon jaiotakoak, baina baita ere Pereira eta Medellingo euskaldunak... Afalostean “Euskara munduan, besteen ahotan” dokumentala jendaurretu zuten. Iñigo Asensio tolosarrak EITBrentzat eginiko lana, elkarteko kide den José Miguel Ramírezen lekukotasun euskalduna biziki txalotuta.