euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antioquiako Euskal Ikasketa Zentruak Jesus Arriola musikaria omenduko du bihar hasiko den Euskal Astean

2007/09/13

II. Euskal Kultur Astearen afitxa
II. Euskal Kultur Astearen afitxa

PUBLIZITATEA

Bihartik hasi eta hilaren 29a bitartean Antioquiako Unibertsitate kolonbiarrak II. Euskal Aste Kulturala egingo du, Antioquiako Euskal Ikasketa Zentruak antolaturik, Unibertsitatearen laguntzarekin. Asteko egitarauak Jesus Arriola musikari eta irakasle euskalduna omenduko du, XIX mende bukaera aldera Kolonbiara heldua eta, besteak beste, Antioquiako Fundación Bellas Artes entzutetsuaren sortzaileetako bat izan zena. Euskal Astean mintzaldiak, euskal zinema zikloa eta argazki erakusketa ere izango dira.
Antioquiako Euskal Ikasketa Zentruak bertako Euskal Kultur Astearen II edizioa egingo du bihar hasi eta datorren hilaren 29a bitartean. Euskal Zinemaldi batekin hasiko da Astea. Bihar bertan, lehen emanaldian, Julio Medem donostiarraren 'Los amantes del Círculo Polar' filma emango dute. Emanaldi hau, eta zinemaldiko beste guztiak, Antioquiako Unibertsitateko Luis Alberto Alvarez auditorioan eskainiko dira, 16:00etan hasita. Bigarren emanaldia hilaren 21ean izango da, ostirala, eta Alex de La Iglesia bilbotarraren 'La Comunidad' lana eskainiko du. Azken filma hilaren 28an emango dute: Telmo Esnal eta Asier Altunaren 'Aupa Etxebeste!'.

Zinemaldiaz gain, Euskal Asteak beste zenbait mintzaldi eta ekitaldi bilduko ditu. Hilaren 24an hasiko dira hauek, Jesus Arriola musikariaren mintzaldi-omenaldiarekin. Ekitaldi hau Fundación Universitaria Bellas Artes-en izango da, 14:00etan hasita. Jesus Arriola euskal musikaria XIX mende bukaeran heldu zen Medellinera eta eragin handia izan zuen bertako musika irakaskuntzan. Arriola Fundación Universitaria de Bellas Artes erakundeko irakasle sortzaileetako bat izan zen eta sortu zituen baita ere Arriola Boskotea; berak zuzentzen zuen La Unión Musical, Antioquiako musikari onenak bildurik; eta La Lira Antioqueña bezalako taldeak, azken honek New Yorken grabatu eta Hego Ameriketan barna bira egin zuena.

Mintzaldiak, gastronomia eta erakusketa bat

Bigarren mintzaldia hilaren 25ean izango da eta 'Euskal Hizkuntza' izango du gaia. Jose Miguel Ramírezek emango du mintzaldi hau, Unibertsitateko 10-203 auditorioan, 10:00etan hasita. Hirugarren mintzaldia hilaren 27an izango da eta 'Euskal Hizkuntzaren ondarea Antioquian' ezarri diote izenburu. Oraingoan ere Jose Miguel Ramírez izango da hizlaria eta mintzaldia Unibertsitateko Museoko auditorioan izango da.

Euskal Astearen egitarauaren barneko beste ekimen bat Gastronomiaren inguruko hitzaldia izango da. Hau ere hilaren 27an gauzatuko da eta Edisón Parrak emango du. Izenburua 'Euskal sukaldaritza eta sozietate gastronomikoak' izango du. Ekitaldia Unibertsitateko Museoko auditorioan izango da, 15:30tan. Azkenik, irailaren 24an hasiz eta 27a bitartean, David Esteban Ricaurte argazkilariaren erakusketa izango da ikusgai Fundación Universitaria Bellas Artes erakundean. 'Antioquiako Euskal Inmigranteen Bisaiak' izeneko argazki sailak eta 'Euskal Herriko irudiak'-ek osatzen dute erakusketa.


Lotura interesgarriak

Antioquiako Euskal Ikasketen Zentrua, Kolonbia
www.vascocentro.6x.to

Antioquiako Unibertsitatea
www.udea.edu.co

I. Euskal Astea Antioquiako Unibertsitatean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 9an

Jesus Arriola musikariari buruzko informazio gehiago
www.geocities.com/funmusica


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia