euskal diaspora eta kultura
2011/05/04
PUBLIZITATEA
Medellin, Kolonbia. Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroko kide zein sortzaile den John Alejandro Ricaurtek elkarteak apirilean egin dituen ekimenen berri eman digu. "Taldea helburu akademikoarekin jaio zen, baina gero eta kultur ekintza gehiago burutzen ari da, Antioquian euskal kulturari buruzko eskari handia dago eta. Horren adibide dira dantza taldea, euskara ikastaroa eta Medellin hirian egiten diren ekitaldietan izaten dugun partehartzea", azaltzen du Ricaurtek.
Hilabete honetan, adibidez, elkarteak lehen aldiz ekarri du Korrika 17 inguru hauetara. Joan den apirilaren 16ean, lasterketa sinboliko bat egin zuten euskararen alde Caldas herrian, elkarteko dantza eta euskara taldean parte hartzen duten neska-mutikoekin.
"Esperientzia aberasgarri eta dibertigarria izan zen Korrikaren lehen edizio kolonbiar hau, nahiz eta helduen euskara taldeko kideek ezin izan zuten etorri, egun haietan izan genituen euri erauntsiak zirela eta", dio Ricaurtek.
Aberri Eguna eta Global Village
Euskal elkarte honetako kideak Antioquiako herri eta hiri desberdinetan bizi dira (Yarumal, Caldas, Cisneros eta Medellin hirian bertan) eta urruntasun geografiko hori dela-eta, ta eguraldiaren laguntzarik gabe elkarteak ezin izan zuen Aberri Eguneko jaia egin aurten. Hala ere, talde txiki bat bildu zen apirilaren 22an eta ekitaldi xume batekin ospatu zuten eguna.
[Catalina Fernandez eta John Alejandro Ricaurte ikurrinarekin Aberri Egunean (argazkia CEVAntioquia)]
Bestalde, apirilaren 30ean elkarteak Medellin hirian egiten den Global Village izeneko gizataldeen azokan parte hartu zuen. Elkartearen standean Euskal Herriari buruzko informazioa banatu zuen David Jimenez portugaletearrak, euskal kostaldeko argazkiak erakutsiz. Elkarteko beste kide batek, Victor Chavarriak, euskal mitologiari buruzko azalpenak eman zituen, berak eginiko, pertsonaia mitologikoen panpinen laguntzarekin. Catalina Fernandezek zuzentzen duen haurren dantza taldeak emanaldia eman zuen eta txalo zaparrada jaso zuen.
[Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroaren standa Global Village azokan (argazkia CEVAntioquia)]
Euskal abizenak Antioquiak
Bukatzeko, John Alejandro Ricaurtek Antioquiako euskal abizenei buruzko aurkezpena egin zuen. Ricaurtek 1.000 immigranteen datuak bildu ditu azken sei urteotan egin duen ikerketan. Historialariak, gainera, standera abizenaren jatorriari buruz galdezka etorri zirenei euskaldunak ote ziren argitzen lagundu zien.
Euskarari buruzko beste aurkezpen bat ere egin zuen Ricaurtek, euskara ikastarora ikasle gehiago erakarri nahian. "Nire asmoa zera zen, euskara ,gure inguruan dagoen hizkuntza dela erakustea, izan ere, azken 400 urteetan euskal immigranteek euskararen erabileraren aztarnak utzi dituzte Antioquian".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus