Donostia-San Sebastian. Euskal pilotaren alorrean edizio gehien bete dituen txapelketa da Donostiako Antigua auzokoa. Aurten abuztuan jokatuko da, 9-10, 16-17, 23-24, 30-31 eta 3an, eta Youtuben segitu ahal izango da zuzenean. Antolatzaileek propio gonbidatu nahi izan dituzte Diasporako pilotazaleak, izan ere, azpimarratu dute, "gaur egun profesional mailan dabiltza pilotari guztiek parte hartu zuten bere garaian izen handiko txapelketa honetan", eta "baliatzeko modukoa da nonahi egonik ere online segitzeko eskaintzen den aukera", esan dute.
Lehenengo partidak abuztuaren 9an jokatuko dira, eta azkenak aldiz irailaren 3an. Beraz, bederatzi jaialdi izango dira guztira. Duela lau urte hasi zen Antiguako Pilotzaleok elkartea partida hauek mundu osora Youtubez zabaltzen. Aurten zuzenean zuzendu zaizkio munduko Euskal Etxeei eta nazioartean Diaspora barne eta kanpoan barreiatuta dauden pilotazaleei, lehiaketa osoa, hasi eta buka, zuzenean eskainiko baita. Hona Txapelketaren egutegia:
—Abuztuaren 9-10, 16-17 eta 23-24, ligaxka fasea jokatuko da, 19:00etan hasita, Euskal Herriko orduan
—Abuztuaren 30-31ean, finalerdietako kanporaketak, 18:30etatik aurrera. Hiru partida: nesken artekoa bat, eta bi mutilenak
—Irailaren 3an, larunbata, finalak, goizeko 11:00etan hasita, hiru partida