euskal diaspora eta kultura
2012/12/07
PUBLIZITATEA
Bahia Blanca, Argentina. Astelehen arratsaldean eskifai berriak ontzia erakutsi zien Bahia Blancako portura bildutakoei. Jende andana elkartu zen proiektua bertatik bertara ezagutzera, euskal komunitateko kideak zein itsaso zaleak. Jarraian, atsedenik hartzeko aukerarik gabe, lehen zein bigarren eskifaia euskal etxera joan ziren Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzera. Euskal musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera izan zen jaiaren lehen zatian eta ondoren euskara ikasleei oroigarriak banatu zitzaizkien. Unai Basurkok hitz batzuk eskaini zizkien bertaratutakoei eta mokadutxo batekin agurtu zuten aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna.
[Bisitariak Bahia Blancako portuan Pakea Bizkaia ontzia ikusten]
Astearte arratsaldean, Xabier Urresti tripulazioko kideak formazio saio berezi bat eman zien Beti Aurrera dantza taldekoei. Urresti Oinkari dantza talde gipuzkoar ezaguneko dantzaria izan zen urte luzez eta ilusio handiz partekatu zuen bere ezagutza Union Vascako dantzari gazteekin.
[Xabier Urresti dantza saioa gidatzen Union Vascako dantzariekin]
Iluntzean hitzaldia eskaini zuten Unai Basurko kapitainak eta Andrea Ruiz proiektuaren hezkuntza arduradunak euskal etxean. Beti Aurrera dantza taldekoek fandango bat eskaini zieten ongi etorria emate aldera eta jarraian Urrestik agurra dantzatu zuen. Aretoa goraino bete zen Unairen esperientziak zein Pakea Bizkaiaren nondik norakoak ezagutzeko eta txalo zaparrada handi batekin agurtu zituzten.
[Unai Basurko kapitaina eta Andrea Ruiz Pakea Bizkaiaren bidaia azaltzen euskal etxean]
[Jende andana bildu zen euskal etxea bidaiarien espedizioari buruz jakin nahian]
Asteazkenean, belaontzia Puerto Madryn-eruntz abiatu zen eta guztia bidean ondo badoa gaur iritsiko da. Bertan izango dute hurrengo geldialdia marinelek. Han, duela gutxi sortutako “Etorritakoengatik” Euskal Etxea ezagutzeko aukera izango dute. Bihar proiektuari buruzko hitzaldia eskainiko dute “Ecocentro”-n (Julio Verne 3784), 18:30etatik aurrera.
Euskal etxeetako harrerekin “hunkituta”
Pakea Bizkaiako kideak oso eskertuta daude Argentinako euskal komunitateari. Argentinan euskal jatorriko jende asko zegoela zekiten arren, ez zuten horrelako ongi etorririk espero. Buenos Airesera iritsi zirenetik, hiru euskal etxe ezagutu dituzte (Buenos Aireseko “Laurak Bat”, Necocheako “Euzko Echea” eta Bahia Blancako “Union Vasca”) eta denetan primeran jaso dituztela dio Basurkok. Andrea Ruizek Necochean bizi izandakoa azpimarratu nahi izan du: “bertako Ikastolaren proiektuari buruz bagenekien eta ezagutzeko irrikitan geunden, egia esan izugarrizko meritua dute euskal kulturaren alde egiten duten lanarengatik.”
[Unai Basurko Necocheako Ikastolan, argentinar ikastetxera egin zuen bisitan]
Espedizioak amaitzean dokumentalak egin ohi dituzte proiektuaren berri emateko. Bidaia honi buruz egingo duten filmean euskal etxeek pisu handia izango dutela baieztatu digute. Ruizen ustez “Euskal Herrian oso gutxi dakigu Argentinako euskal diasporari buruz” eta hori aldatzen saiatzeko “euskal gaztetxo zein helduei bertako euskal komunitatearekin bizi izandakoa helarazten saiatuko gara”.
Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora...
Javier, 2012/12/08 15:52
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus