euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antartika helmuga duen Pakea Bizkaia-k Argentinako zenbait portu bisitatuko ditu datozen egunetan

2012/11/21

Pakea Bizkaia belaontziko tripulazioa
Pakea Bizkaia belaontziko tripulazioa

PUBLIZITATEA

Euskal kultura eta baloreak, eta ingurumenarekiko proposamenak hedatzeko helburua du Unai Basurko kapitainak zuzentzen duen espedizioak. Antartikarako bidean, bi eginkizun beteko ditu Pakea Bizkaia belaontziko tripulazioak: batetik, materiala bilduko du gero eskoletan irakatsi eta erakutsi ahal izateko; bestetik, Argentinako euskal gizataldearekin harremanduko da, euren eskarmentua konpartitzeko. Bi puntu hauekin lotuta, Basurkok Necocheako Ikastola hautatu du bertoko ikasleei bisita bat egiteko. Argentinako egonaldian, Buenos Aireseko Laurak Bat, Necocheako Euzko Etxea, Bahia Blancako Union Vasca eta Puerto Madryngo Etorritakoengatik euskal etxeetan ere gauzatuko ditu bisita eta hitzaldiak.

Buenos Aires, Argentina. Atzo arratsaldean espero zuten Pakea Bizkaia belaontzia Buenos Aireseko Puerto Maderoko kaietan. Unai Basurko itsaslaria buru duen belaontzia Bilbotik atera zen urriaren 7an eta Antartikar Penintsulara heltzea du xede, kontinente zurira heltzen den lehenengo euskal belaontzia bihurtuz. Ibilbide osoan zehar leku hauetan guztietan ainguratuko da: Buenos Aires, Necochea, Bahia Blanca, Valdes Penintsula, Punta Arenas, Ushuaia,  Hornos Lurmuturra, Montevideo, Punta del Este eta Brasilgo hiri batean (xehetasunak baieztatzeke). Gogora dezagun aurreko bi espedizioetan Ipar Lurmuturrean (2010ean) eta Ternuan (2011an) porturatu zirela marinel euskaldunak.

Pakea Bizkaia, baina, ez da ontzi baten izena bakarrik. Pakea Bizkaia proiektu bat da, hezkuntza eta itsasoa biltzen dituen programa bat, diote ekimena bultzatzen dutenek. “Helburu nagusia, nabigazioa eta ingurumenaren errespetuaren arteko lotura ezagutaraztea da, belauntzian nabigatzean inguruarekin harreman estua sortzen baita. Eta hori adierazi eta komunikatu ahal izateko, espedizio ezberdinak antolatzen ditugu. Espedizioan gauden bitartean web orriaren bitartez jarraitu daiteke proiektua, eta porturatzean gure bizipen eta esperientziak eskola-umeei erakusten dizkiegu formakuntza jarduerak medio. Hezkuntza-jasangarrirako eta garapen-jasangarrirako gure ekarpen txiki hauekin izaki bizidunenganako, bioaniztasunarekiko, ingurumen eta errekurtso naturalenganako errespetua sustatu nahi dugu. Giza jarduerak ozeanoetan duen eragin negatiboa eta Naturaren edertasun liluragarria erakustean, gizartea sentiberatzearen aldeko apustua egiten dugu”, azaltzen dute ekimenetik.

[Unai Basurkok Pakea Bizkaia zer den azaltzen du bideo honetan]
 

Oraingo bidaia honetan, Antartikar Penintsula da espedizioaren helmuga. Kari horretara, eta Hego Hemisferioko kostaldetatik nabigatzean, Argentinako euskal diasporarekin jarriko dira harremanetan Unai Basurko eta bere eskifaia. “Egingo ditugun geldialdi guztietan gustatuko litzaiguke bertoko euskal etxeekin harremanetan jartzea. Honekin lotuta aipatu behar dugu oso interesgarria iruditu zaigula Necocheako Ikastolaren proiektua. Ikastolari buruz jakin genuenean horko umeei bisita bat egitea erabaki genuen. Oso interesgarria egiten zaigu Atlantikoaren beste aldean euskal kultura nola mantentzen eta zabaltzen den jakitea; euskal arbasoak dituztenen artean eta baita euskal sustrairik ez dutenen artean ere; hori dela eta Necocheako Ikastolara egingo dugun bisita une hunkigarrienetako bat izango da, dudarik gabe”, adierazi dute Pakea Bizkaia-ko lagunek.

Argentinat bira, hala ere, Buenos Airesen hasiko da eta biharko dago aurreikusita lehenengo hitzaldia Laurak Bat euskal etxean. Basurkok Velux 5 Oceans 2006-07 eta Vendeé Globe 2008-09 estropadetan izandako esperientziari buruz hitz egingo du. Horrez gain Pakea Bizkaia proiektua, eta xehatzago 2012 honetako Antarktikar Penintsularako espedizioa aurkeztuko dizkio publikoari. Hitzordua Belgrano kaleko egoitzan da, ostegunean, 19:00etan.

Segidan, Necochean hiru eguneko bisita egingo dute marinel euskaldunek programa honi jarraituz. (data eta ordutegiak ezingo dira baieztatu belaontzia Necocheako portura iritsi arte, eguraldiaren eta nabigatzeko baldintzen menpe baitaude):

- Azaroaren 28an

-Pakea Bizkaia-ri harrera. Portuko, Ikastolako eta Euzko Etxea-ko agintariek eta Ikastolako ikasleek emango diete ongietorria Basurko eta bere eskifaiari
-Eguerdian: bazkaria hiriko elkarte nautiko batekin (baieztatzeke)
-Gauean, bilera Euzko Etxeako zuzendaritza batzordearekin. Afaria euskal etxean.

- Azaroaren 29an
-Goizean: Pakea Bizkaia-ren eskifaiak Necocheako Ikastola bisitatuko du (*). Hitzaldia ikasleei zuzendua.
-Eguerdian: bazkaria hiriko elkarte nautiko batekin (baieztatzeke).
-Arratsaldean: Hitzaldia euskal etxearen egoitzan. Basurkok Velux 5 Oceans 2006-07 eta Vendeé Globe 2008-09 estropadei buruz hitz egingo du. Horretaz gain Pakea Bizkaia proiektua, eta zehatz mehatz 2012 honetako Antartikar Penintsularako espedizioa aurkeztuko dio publikoari

-Azaroaren 30ean

-Goizean: Ikastolako umeek belaontzia bisitatuko dute (*).
-Gauean, afaria euskal etxean. Urte amaierako afaria eta aguirra Pakea Bizkaia-ko eskifaiari. Ikastolako neska-mutilek Pakea Bizkaia proiektuarekin zerikusia duten lanak aurkeztuko dituzte. Euzko Etxea-ko Gazte Alai taldeko dantzarien ikuskizuna. Sarrerak salgai euskal etxeko idazkaritzan.

(*) ekintza hauen ordutegia alda daiteke eguraldiaren arabera

Ontziaren ibilbideari jarraituz, hurrengo geldialdia Bahia Blanca hirian izango da. Union Vasca Euskal Etxeko lehendakari Mikel Irazustak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “abenduaren 2tik 5era arte izango dira hirian eta gutxienez bi ekintza burutuko ditugu; hitzaldi bat emango dute euskal etxean, eta gero euskal etxeko kideok belaontzia ezagutzera joango gara. Bitartean, dena prest dago portuan haiek jasotzeko. Ammarratzeko baimena daukate eta bertan behar duten guztiaz hornituko dituzte”, azaldu digu Irazustak.

Abenduaren 7an, 8an eta 9an, ostera, Puerto Madrynen izango dira bidaiariak. Bertoko Etorritakoengatik euskal etxeko kideek kontaktuan jarri ziren Patagonia Natural elkartearekin eta Hego Atlantikoko Klub Nautikoarekin ahalik eta harrera hoberena egite aldera. Hortik Valdes Penintsulara abiatuko dira bertan materiala bildu ahal izateko. Gainerako hirietan bezala, hitzaldi bat eskainiko du Unai Basurkok eta euskal etxeko lagunek belaontzia bisitatuko dute portuan. 

Artikulua bukatu aurretik berriz behar dugu esan hitzorduen xehetasunak ezin direla erebat baieztatu eguraldiak baldintzatzen baitu ontziaren ibilbidea.

-Ekimenaren webgunea: www.pakeabizkaia.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia