Boise, AEB. Denbora bat bazen berriarekin airean: Dan Ansotegui euskal-boisetar kultur eta negozio ekile ezagunak proiektu berri bat zeukala esku artean, eta argitu eta adierazi berria da sare sozialetan eta bertako prentsan 'Ansots' izena hartuko duen hiriburu idahotarrean euskal markarekin jan/edateko aukera berria. Boise erdigunean izango du egoitza eta uztailaren 15ean zabalduko da, bertan kontsumitu edo etxeraino eramateko zerbitzuarekin. Produktuak, inguruko jatetxe eta supermerkatuetaraino ere iritsiko dira.
"Ansots Basque chorizos and Catering" 560 W. Main St. helbidean izango du egoitza, Basque Block-etik hurbil, eta bistro moduko bat izango da. Ansoteguik bere aurreko ekimenetatik ongi ezagutzen dituen euskal txorizo, solomoak, plater txikiak, otarteko eta sandwichak, euskal ardo eta sagardoa, garagardoa eta antzekoak zerbitzatuko ditu, lokalean, baina baita eramateko ere, eta handizka, txorizoa eta solomoa esaterako, beste jatetxe, supermerkatu eta antzekoentzat.
Gogoratu kultura arloan euskaldun eta euskal musikari den eta musika-irakasle eta oro har antolatzaile karrera polita garatua duen Dan Ansotegui boisetarrak [jaso dituen sarien artean, AEBetako folk munduan sari altuena den National Heritage Fellow eman zioten 2019an], negozio arloan euskal marka izan duten eta Boisen euskal moduak zabaldu dituzten ekimenen sortzaile ere izan dela. Berak sortuak dira egun Boisen arrakastatsu eta erreferentzia izaten segitzen duten Gernika taberna (1991) eta The Basque Market (1999). Azkenaldian, Txikiteon ere (2018) lagundu zuen.