euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Annie Gabica: "Hamabost eta hogei mila bisitari artean biltzen dituzte urtero Boiseko Euskal Museoko jarduerek"

2015/02/12

Annie Gavica, 30, Boiseko Euskal Museoko hezkuntza programetako arduraduna da (argazkia EuskalKultura.com)
Annie Gavica, 30, Boiseko Euskal Museoko hezkuntza programetako arduraduna da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Annie Gavica Paradise Valley-n jaio zen, Nevada iparraldean, baina Idahoko Boisen bizi da gaur egun. Dantzaria, panderojole eta txalapartaria ere bada eta ezaguera duenetik aritu izan da euskal gauzetan sartuta Nevadan zein Idahon. 30 urte dauzka eta sei aldiz izana da Euskal Herrian. BSUko (Boise State University) graduatua, hiriburu idahotarreko Euskal Museo eta Kultura Etxeko hezkuntza programen ardura darama,

Joseba Etxarri / Boise, AEB. Aitaren zein amaren aldeko birraiton-amonak etorri zitzaizkion Euskal Herritik, Urepele aldetik, Baxenabarren, eta Ispazter, Berriatu ingurutik Bizkaian. Etorri ere, Nevada iparraldera etorri ziren, McDermitt, Golconda eta Paradise bezalako herri txikietara, eta horietako batean, Winnemucca iparraldeko Paradise Valley-n jaio ziren Gavica ahizpak, Annie zaharrena eta Alaina --Elena ahoskatu-- gazteena. Ameriketan dagoeneko ehun urtetik gora daramatzan bere familian, bere gurasoak izan ziren euskal sentipenari eutsi eta erroei jarraipena emateko deliberoa hartuko zutenak, indar berria emanez eta euren bizitza amerikarrean zeharo txertatuz. Gavica ahizpak, egun 30 eta 28 urteko, Mendebalde amerikarreko euskal giro eta elkarretaratzeen baitan hezi eta hazi dira, eta gaur bertan, euskal ezaugarri horietarik begiratzen diote munduari. Urte t'erdi da Annie Boiseko Euskal Museoan ari dela lanean, gustura oso, BSUn Espainiar Literatura ikasi eta bertan Basque Studies Minor egiten lehenetakoa izanik.

-Zure familia, aitaren zein amaren aldetik, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran iritsi zen Euskal Herritik Estatu Batuetara.  Ehun urtetik gora eta lau belaunaldi pasa ondoren hemen zaitugu, Boiseko euskal ekimenen erdian, bertako Euskal Museoan leanean.

Egiari zor, ohore handia da niretzat honetan lan egitea. Zorte izan dudala aitortu beharra daukat. Euskaltzalea naiz, hori bizi eta arnastu izan dut nire bizitza osoan. Ahizpa eta biok betidanik ibili izan gara euskal ekimenetan Nevadan zein Idahon. Boisen, esaterako, kide izan gara Euzkaldunak elkartean, Txantxangorriak musika eskolan, Boiseko Gazteak taldean eta Oinkari dantzarietan. Gazte ginenetik gurasoek Winnemuccako dantzarietan sartu gintuzten, Nevadan, nahiz eta eurek ez zuten gaztetan halako aukerarik izan. Euren etxeetan gurasoek ez zieten euskal gauza askorik irakatsi, bazekiten euskaldunak zirela, baina besterik ez. Interesgarria da, belaunaldi bat edo bitan zerbait ahuldu bazen ere, gaur egun euskalduntasunak gure familian indartsu segitzen duela ikustea.

-Boisen joan zineten unibertsitatera.

Bai, ahizpa Matematika irakaslea da gaur egun Kunan, Boise ondoan, eta neu Espainiar Literaturan graduatu nintzen BSUn, minor batekin Euskal Ikasketetan.

-Esplikaiguzu minor-arena...

Itzela izan zen. BSUn sartu nintzenean, minor izeneko espezializazioa, Euskal Ikasketetan, bere hastapenean, lehenengo urratsetan zegoen. Proba gisa erabili gintuzten. Gogoan daukat irakasle izan genituela Dan Ansotegui --sukaldaritza irakatsi zigun--, Jo Aldape, Lisa Corcostegui --dantza alorrean-- eta Nere Lete euskara irakasle izan genuela. Ederra da ikustea nola hura guztia hazi eta garatu den. 2.008an graduatu nintzen.

-Nola erabaki zenuen 'Euskal Ikasketa Minor'a egitea?

Institutuan hasi nintzenean ez nekien batere zer ikasi nahi nuen. Hizkuntzak gustatzen zitzaizkidan eta espainiera ikasteko aukera zegoenez, hala egin nuen. beraz. Gero, unibertsitatean, harekin segitu nahi nuen, eta tarte horretan Boiseko Ikastolan hasi nintzen laguntzen eta horrek ekarri ninduen orain nagoen lekura, oso gustukoa baitut euskal kultura lantzea eta, izan ere, gehiago nintzenez letretakoa zientzietakoa baino...

-Urte t'erdi da ari zarela Boiseko Museoan lanean.

2013ko abuztu-irailean hasi nintzen eta esan beharra daukat geroztik ez naizela gelditu. Beti daude hemen gauzak egiteko. Egunero ditugu bisita eta tour-ak, adin guztietako jendea, eskola-taldeak, tailerrak, euskara klaseak, musika... gai asko ukitzen ditugu; euskal kulturatik abiatuta, Euskal Herrian zein Estatu Batuetan, esaterako migrazioetaraino, ardi industria Estatu Batuetan, euskal hotelen fenomenoa Mendebaldean euskal artzainen 'etxetik kanpoko etxea' izan zitezen... Boiseko Ikastola bera, gure menpekoa da... Gure zuzendari Patty Miller-i entzun izan diot hogei urtetik gora daramala lanean Euskal Museoan eta ez duela sekula izan haspertzeko betarik. Neuk ere nire eskarmentu laburrean gauza bera esan dezaket. Beti dago lana egiteke.

-Zein da hain zuzen ere zure ardura hemen?

Hezkuntza edo formakuntzen atala daramat. Klaseak antolatzen ditut eta irakasleak bilatzen. Tour-ak antolatu eta eskoletara joaten naiz edo haien honako bisita antolatzen dut. Gogoan izan urte normal batean hamabost eta hogei mila bat jende artean izan ohi dugula gure jardueretan partaide; aurten, Jaialdi urtea izanik, askoz gehiago. Adibidez, Boiseko hirian hirugarren mailako haurrek daukaten eskola-gai bat hiriko historia da eta, beraz, euren irakasleekin batera bisitak antolatzen ditugu, bideoak erakusten eta museoa bisitatzen dute. Estatu mailan ere, estatuko historia, ikasleek laugarren mailan ikasten duten gaietako bat da, eta euskaldunak eta immigrazioa erdi-erdian txertatzen dira hor; beraz, gauza bera. Euskaldunei buruz hitz egiten diegu, euren kultura, immigrazioa eta euskaldunen txertaketa hemengo gizartean. Gaur bertan, esaterako, musika ikasle talde bat izan dugu eta euskal musikaren hainbat alderdi aurkeztu dizkiegu, euskal instrumentu tradizionalak ezagutu eta esku-artean euki ahal izan dituzte. Gauza bera gertatzen da kirolekin... Hemen ondoan daukagun Uberuaga etxea, euskal ostatua izandakoa eta Boiseko etxe zaharrenetako bat dena erakusten diegu (hor hasi zen gure museoa), jendea nola bizi zen ikusten dute, gero ondoko Anduiza euskal hotel eta frontoira eramaten ditugu, kirolak ere azalduz eta pala ipintzen diegu esku-artean... batzuetan dantza erakustaldiak ere prestatzen ditugu. Jende asko harrituta geratzen da euskaldunez eta eskualde honetan lortu zuten presentzia eta errotze eta garapen mailaz.

-Jaialdi urtean daude

Bai, gutxi geratzen da dagoeneko. Uztaileko azkeneko egunetan eta abuztuaren 1 eta 2an, larunbata eta igandea, izango da Jaialdi. Jaialdiko Batzordea urteak dira ari dela lanean eta seguru arrakasta handikoa izango dela. Milaka jende asko espero ditugu, Estatu Batuetako alde guztietatik, baina baita Euskal Herritik eta Diasporako gainerako lekuetatik etorriak ere. Hitzordu berezia, ez ahazteko modukoa izango da. Aukera duenari, ez galtzeko gomendatuko nioke. Neu bertan ibiliko naiz, bisitariekin, lana eta festa uztartzen saiatzen.

-Boise Basque Museum: http://basquemuseum.com
-Boise Jaialdi 2015: http://www.jaialdi.com
-Boiseko Ikastola: http://www.boisekoikastola.org
-Boiseko Oinkari dantzariak: http://www.oinkari.org
-BSU Basque Studies: http://sspa.boisestate.edu/basquestudies
-BSU Basque Studies Minor: http://sspa.boisestate.edu/basquestudies/ikasle-student-resources/minor

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia