euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anne Etchegoyen kantariak debuta Argentinan: Buenos Airesen eta Rosarion kantaturik, ostiralean Paranán ariko

2007/05/26

Anne Etchegoyen iragan ostegunean Buenos Aireseko Palermo auzoan Pela del Colorado delakoan eskaini zuen emanaldian, EuskoSarek enatolatu itzuliaren baitan (argazkia BasqueHeritage.com)
Anne Etchegoyen iragan ostegunean Buenos Aireseko Palermo auzoan Pela del Colorado delakoan eskaini zuen emanaldian, EuskoSarek enatolatu itzuliaren baitan (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Donapaleun sortu kantariak ostegunean hasi zuen abantxu hamar egunez Argentinan eginen duen itzulia. Buenos Aireseko debutaren ondotik, atzo Rosarion ari izan zen, Zazpirak Bat Euskal Etxeak bere egoitzan antolatu bestan, eta heldu den ostegunean Entre Ríos probintziako Paranán eskainiko du emanaldia, bertako Urrundik Euskal Etxearen eskutik. Parisen bizi den Felipe Saldivia gitarrajole txiletarra lagun --jatorri euskaldunekoa hau ere--, EuskoSarek lagundu duen itzuli honekin Etchegoyenek bere lehenengo kontaktua ukan du Argentinako publikoarekin, izan ere, Euskal Herritik eta Frantziatik kanpo egiten duen lehenengo tour tipia baita, eta kontent ageri da. EuskalKultura.com-i adierazi dionez, nahiko luke heldu den urrian berriz etorri, Rosarioko Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko hain zuzen.
Kantariaren debut argentinarra Buenos Aireseko Palermo auzoko Peña del Colorado delako agertoki tradizionalean obratu zen, iragan ostegunean, Maiatzaren 25aren bezperan alegia [hemen, feriado eta egun patriotikoa, bakantza eguna] eta anitz jende bildu zen bertara. Emanaldiaren lehenengo zatian CanciónMujer (sic) bikote argentinarra ari izan zen --María Eugenia Figueroak, gitarra eta ahotsean, eta Laura Ramat-ek, ahots eta perkusioan, osatzen duten taldea--, errepertorio zabala eskainirik, estilo eta jatorri aniztasun handiz, Latinoamerikako aire eta musika molde desberdinekiko duten maitasuna eta abilezia agerian utziz.

[CanciónMujer bikotea osteguneko Buenos Aireseko kontzertuan. María Eugenia Figueroak, ezkerrean, gitarra eta ahotsa; eta Laura Ramat-ek, eskuin, ahots eta perkusioa, osatzen dute bikote paranatarra (argazkia BasqueHeritage.com)]

CanciónMujer-en emanaldia amaiturik, Anne Etchegoyen igo zen oholtzara eta Xabier Leteren 'Seaska Kanta' hunkigarria hautatu zuen, hautatu ere, bere jarduna abiarazteko aurkezpen kantu gisa, kontzertu osoan segituko zuten publikoaren esku zartak aise bereganatuz. Eskuarki euskaraz, frantsesez eta espainolez ari den kantariak bereziki euskarazko kantuekin lortu zuen konexiorik onena publikoan zeuden euskal-argentinarrekin, zenbaitentzat kantu ezagutuak baitira eskaini zituen 'Mendian Gora', 'Agur Maria', 'Maitia non zira' eta 'Neurriak'.

[Anne Etchegoyen Parisen bizi den Felipe Saldivia gitarrajolea lagun --jatorri euskaldunekoa hau ere-- eskaini zuen kontzertua. EuskoSareren eskutik heldua den itzuliak hiru kontzertu baitaratu ditu, Buenos Aires-en eta Rosarion, aste honetan, eta Paraná, heldu den ostiralean, ekainak 1 (argazkia BasqueHeritage.com)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia