euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anna Bruning-ek euskal nortasunaz eta euskaldunez egin dokumentala estreinatuko du larunbatean AEBetan

2009/02/26

Anna Bruning Donostiako Igeldo mendian, kamera eskuetan, errodatze lanetan ari zenean (argazkia, UNH prentsa zerbitzua)
Anna Bruning Donostiako Igeldo mendian, kamera eskuetan, errodatze lanetan ari zenean (argazkia, UNH prentsa zerbitzua)

PUBLIZITATEA

Anna Bruning estatubatuarra Euskal Herrian izan da grabatzen eta bere lehenengo dokumentalaren estreinaldia egingo du datorren larunbatean, otsailak 28, New Hampshire-ko Unibertsitatean. Lanak “Omendu Basques: Beyond the Bombs” (Omenaldia euskaldunei, bonbetatik haratago) izena du. Ez omen da euskal politikaz edota indarkeriaz. Bere hitzetan, "filma terrorismoarekin zerikusirik ez duen jende batez da. Euren kulturari buruz, hizkuntza ardatz nagusitzat harturik, euren kulturako zatirik esanguratsuenetako baita. Egun euren burua nola identifikatzen duten aipatuz. Iraganean, euskal nortasuna heredentziarekin lotua zen, baina egun, nortasunak zerikusi askoz handiagoa du euskaldun izateko borondatearekin". Artikulua aste honetan zabaldu du New Hampshire Unibertsitateko prentsa zerbitzuak.

Durham, Estatu Batuak. New Hampshireko Unibertsitatean (UNH) komunikazioan gradua lortutako Anna Bruning-ek bere lehenengo filma, euskaldunei eta euren kulturari buruzko dokumental bat, estreinatuko du datorren larunbatean arratsaldeko sei t'erdietan, Memorial Union eraikinean, sarrera libre, ondotik galdera-erantzun saio bat egitarautu delarik.

Egun zine eta espainiera ikasten ari den Bruning-ek euskaldunei buruz egin du bere lehenengo lana. Estreinaldiko propagandak dioenez, bere historia aberatsa ETA izeneko erakunde terrorista batek izkutatua duen Euskal Herria izeneko herri bati buruzko dokumentala da. "Filma terrorismoarekin zerikusirik ez duen jende batez da. Euren kulturari buruz, hizkuntza ardatz nagusitzat harturik, euren kulturako zatirik esanguratsuenetako baita. Egun euren burua nola identifikatzen duten aipatuz. Iraganean, euskal nortasuna heredentziarekin lotua zen, baina egun, nortasunak zerikusi askoz handiagoa du euskaldun izateko borondatearekin", azaltzen du Bruning-ek.

"Euskaldunak leheneak izan ziren munduaren bira nabigatzen. Lehenengo baleazale komentzialak izan ziren. Euskal eskifaia izan zuen Colon-ek Ameriketara heltzeko, eta eurak bertan bakailao arrantzan ari ziren Colon heldu aurretik. Euren hizkuntza, euskera, bereziki bakarra da eta berarekin eta euren kulturarekin inbasioak eta erromatartzea ere gainditu ahal izan zituzten. Egitate hauek guztiak hor ditugu, eta oraindik ere badago euskaldunei buruz soilik ETAri buruzko berrien bidez entzun izan duen jendea".

Bruning-ek nerabe gisa familiarekin Espainia aldera egin zuen lehenengo bidaia batean jakin zuen euskaldunez eta institutuan ikasten ari zela sortu zitzaion zinearekiko interesa. Gero New Hampshireko Unibertsitatean hasi zen, eta hor, zine ikasle zela, Ken Burns dokumentalgile ospetsuaren Florentine Films-ekin ikasletza praktika batzuk egitera animatu zuten. Uda oso bat eman zuen estudioan lanean.

"Praktika haiek sekula izan dudan uda onenetakoa izan ziren. Arras emozioz beterik joaten nintzen egunero lanera. Editore exekutiboak eta biok zenbait film ikusi genituen elkarrekin, eta azaldu zidan --tomaz toma-- zergatik hartu zuen editaia erabaki bakoitza. Ken Burns ere ezagutu nuen eta bere inspirazioaz hitz egin zidan. Praktika hauek benetan eman zidaten oinarri sendo bat dokumental honetan hasi ahal izateko. Izan ere, praktikak Ken Burns-ekin egin izan ez banitu ez dut uste aski eskarmentu izango nukeenik hau egiteko, eta ez dut uste IROPek (International Research Opportunities Program edo Ikertzeko Aukeretarako Nazioarteko Programa) eman didan beka emango zidanik hortik pasatu izan ez banitz", dio egileak.

Bere proeikturako IROP beka jaso ostean, Bruning-ek Euskal Herrian iragan zuen joan den (2008) uda euskaldunak elkarrizketatuz eta grabatuz. Besteak beste solastu zen ikasleekin, herritar arruntekin, euskal administrazioko kideekin eta bateko eta besteko buruzagiekin, galdetuz kulturak bakoitzarentzat duen garrantzia eta esanguraz eta zer den norberarentzat euskalduna izatea.

"Gizon bat atxeman nuen (Xabier Mendiguren), ordubetez nirekin mintzatu ondoren, bere anaia (Iñaki Mendiren) ezagutu behar nuela esan zidana. Bere anaiak eta haren emazteak egun libre bat hartu zuten lanetik euren herri inguruak erakusteko, elkarrizketa egiteko eta afaltzera ere gonbidatu ninduten. Horrek erakusten du zein harro dauden euren kulturaz bertako jendeak eta zein puntutaraino nahi duten besteekin partekatu".

Europatik itzuli eta gero, Bruning-ek bere lana editatzeari eta osatzeari ekin zion, berriz ere UNHko Graduatu Aurreko Ikerketa Helmen Zentroaren laguntza ekonomikoa medio. Florentine Films-eko adituek ere aholku eta gida laguntza eman zioten. Hala ere, esan daiteke filma bere ahalegin independente bat izan dela eta konfidantza du berak zinegile gisa emango beharreko hurrengo pausoen gidari izango dela.

Lehenengo filma estreinatu duten guztiek bezala, urduri  begiratzen dio larunbateko gala eta estreinaldiari, baina ilusio handiz aldi berean, filma egiteko prozesu osoa eta euskal kulturarekiko duen amodioa partekatu ahal izango baititu bertan izango diren lagunekin, familiarekin eta ikusleekin oro har.

Lotura interesgarriak

Dokumentalaren preview
http://www.unh.edu/news/basques.mov

Bruning-en bloga Euskal Herrian egon bitartean: 'Una pelirroja en España'
http://annasansebastian.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia