euskal diaspora eta kultura
2008/10/22
PUBLIZITATEA
Frankfurt, Alemania. Frankfurteko Azoka mundu osoko argitaldarien bilgune nagusienetako bat da eta aurten ere euskal kulturak bere tartetxoa izan du nazioarteko editore, idazle, agente, itzultzaile eta literatur zaleak batzen dituen ekitaldi erraldoi honetan. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Editoreen Elkarteak antolatuta Aingeru Epaltza, Anjel Lertxundi eta Jokin Muñoz idazleak izan ziren bertan, euskal literatura eta euren lanak ezagutzera emateko helburuarekin.
Epaltza eta Lertxundiren kasuan, gainera, alemanera itzulitako eleberri bana zuten esku artean, moldiztegitik bero-bero: Lertxundik 'Hamaseigarrenean aidanez', eta Epaltzak 'Rock'n'Roll'. Bi lanak Pahl Rugenstein argitaletxe alemaniarrak duen Zubiak izeneko euskal literatur bilduman plazaratu dituzte.
Irakurraldi sorta Alemanian
Lan hauek alemaniar irakurleei aurkezteko asmoz, bi idazleek irakurraldi bira egin zuten, Bost_Kultura kultura agentzia euskal-alemaniarrak antolatuta. Bira honen barruan irakurraldiak eskaini zituzten Frankfurten, Berlinen, Essenen eta Paderbornen, Petra Elser itzultzaileak lagundurik.
Emanaldiek jende kopuru polita bildu zuten, idazleen beren ahotan eta jatorrizko hizkuntzan pasarteak entzun nahian. Egileek eleberrien pasarte batzuk irakurri ostean, Petra Elserrek eta beste itzultzaile batzuek alemanezko bertsioa irakurtzen zuten. Emanaldiak biribilduz 'Hamaiseigarrenean aidanez' filmaren emanaldiak egin ziren irakurraldietako batzuetan.
Publiko alemanaren interes eta errespetua
Egileak oso hunkituta agertu dira irakurraldietan izandako giroa dela-eta, batez ere, entzulegoak erakutsitako arreta eta aditasun horren isiltasuna azpimarratuz. 'Euskal Herrian ez dut inoiz hemen bezalako ekitaldirik ikusi, ez publikoaren kopuruaren aldetik, ezta jendearen harrera eta entzuteko erakutsi duten interesa kontuan izanda; publikoaren zein antolatzaileen naldetik', agertu du Aingeru Epaltzak.
Lertxundik, bestalde, Frankfurteko Azokako giroa eta errezitaldi txiki hauetakoa alderatu zituen: 'Liburu Azoka bera erraldoia da eta zaila da literaturak eta autoreak bereiztea. Halako leku txikiagoetan ordea, interes berezia jartzen diote autoreari, bere obrari eta euskal literaturari'.
Irakurraldietara euskaltzale andanatxoa hurbildu zen, tartean Anjel Lertxundiren itzultzailea bera, Frankfurteko Unibertsitateko euskara ikasleak edo Gernika Kulturverein elkarte euskal alemaniarreko kideak.
Lotura interesgarriak
Euskal liburu alemanak erosteko
www.zubiak.de
Bost_Kultura
www.bostkultura.net
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus