euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anjel Lertxundik ekingo dio gaur Guadalajarako Liburu Azokan euskal kulturaren aurkezpenari

2011/11/28

Anjel Lertxundi idazle oriotarra Guadalajarako Liburu Azokan parte hartzen ari da (argazkia ArgazkiPress)
Anjel Lertxundi idazle oriotarra Guadalajarako Liburu Azokan parte hartzen ari da (argazkia ArgazkiPress)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko dozena bat argitaletxe eta kultur ordezkaritza bat Mexikon dira egunotan, Guadalajarako Liburu Azoka ezagunean parte hartzen. Hegoameriketako azoka nagusiena da hau eta iaz egin bezala, Etxepare Institutuak eta Mexikoko Euskadiren bulegoak euskal kulturaren partehartze hau sustatu dute, Euskadiko Editoreen Elkartea eta Euskal Editoreen Elkartearekin batera. Lertxundik gaur bertan emango duen hitzaldiarekin hasiko da euskal partaidetza. Azokaren ondotik Mexiko Hirian Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartuko dute Lertxundik, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak eta erakunde bereko Euskara arduraduna den Mari Jose Olaziregik.

Guadalajara, Mexiko. Dozena bat euskal argitaletxe ari dira parte hartzen aurten asteburuan hasi zen Guadalajarako Liburu Azokan. Abenduaren 4a arte izango dira bertan Alberdania, Desclee de Brower, Elhuyar, Elkar, Erein, Mensajero, Nerea, Ediciones Saldaña, Ttarttalo, Txalaparta, Txertoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea argitaletxeak. Horrez gain azokan eta euskal standean izango dira ere liburugintza arloko zenbait profesional: Jorge Gimenez (Alberdania), Javier Gogeascoechea (Desclee de Brower), Maite Pujana (Mensajero), Arantxa Liceaga (Nerea), Fermin Saldaña (Saldaña), Jin Jimenez (Txalaparta), Andres Fernandez (Euskadiko Editoreen Elkartea) eta Ana Urrestarazu (Euskal Editoreen Elkartea).

Euskal ordezkaritza osatzen dute Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Aizpea Goenagak, eta erakunde bereko Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapenerako zuzendariak. Eurekin batera Anjel Lertxundi idazlea da azokan, besteak beste, 'Etxeko Hautsa' azken lana aurkezteko. 

Gaurtik aurrera

Euskal ordezkaritzak gaur izango du lehendabiziko ekitaldia, Lertxundik "Ecos de la FIL" atalean emango duen hitzaldiarekin. 11:00etan hasiko da hitzaldia, eta entzulego berezia izango du: Guadalajarako eskola bateko batxilergoko ikasleak. Bihar, arratsaldeko 18:30etan, Lertxundik ‘Etxeko Hautsa’ eleberria aurkeztuko du “Los lectores presentan” sailean, Jorge Gimrnez eta Mari Jose Olaziregik lagundurik. Azkenik, etzidamu euskal literatura eta itzulpengintzaren inguruko hitzaldia emango dute hiruek.

EUSKARAREN EGUNA MEXIKO HIRIAN

Ostegunean Guadalajara utzi eta Mexiko hirira abiatuko dira Aizpea Goenaga, Mari Jose Olaziregi eta Anjel Lertxundi, Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM) unibertsitatean euskal kulturaren inguruko jardunaldi batean parte hartzeko. Ekitaldia arratsaldeko 15:30etan hasiko da, Ugarte anaia txalapartariek eta Xabi eta Fredi Paya bertsolariek egingo duten ongi etorri ikuskizunarekin. Ondoren ikasleekin hitzaspertua egingo dute Lertxundik eta Etxepareko ordezkariek. Gauean, euskal ordezkaritzak Emprebask, Mexikoko Euskal Enpresen Elkarteko Gabonetako afarian parte hartuko du.

Ostiralean, abenduaren 2an, Instituto Nacional de Lenguas Indígenas (INALI) delakoan Etxepareko ordezkariek institutuaren lana azalduko dute, Mexikoko hizkuntza indigenak babesten eta sustatzen dituen INALIrekin elkarlana bultzatu aldera. Arratsaldean, Centro de Capacitación Cinematográfica (CCC) goi-mailako zinema eskolan Anjel Lertxundik idatzitako ‘Zorion Perfektua’ liburuan oinarritzen den filmaren emanaldia egingo da. Ondoren, idazlearekin mahai-ingurua izango da.

Bidaiari bukaera emanez abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguneko Mexiko Hiriko ekitaldietan parte hartuko du euskal ordezkaritzak. DFko Euskal Etxean egingo da jaia eta bertara bilduko dira Mexiko Hiriko euskara eta euskal kultura ikastaroetako ikasleak eta hiriko euskaldunak. Xabi eta Fredi Payak eta Ugarte anaiek musika eta bertsoak jarriko dituzte eta omenaldia egingo diote Goenkale telesailari.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia