euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anita Anacabe elkotarrak urrian gidatuko duen Euskal Herrira bidaian izena emateko epea irekita dago

2008/07/11

Anita Anacabe elkotarra jaialdi batean
Anita Anacabe elkotarra jaialdi batean

PUBLIZITATEA

Gernikako urriko azken asteleheneko azoka, Bilbo, Donostia, Lapurdiko kostaldea, eta baita Madril eta Bartzelona hiriak dira Anita Anacabek urrian gidatuko duen bidaian parte hartzen dutenek ezagutu ahal izango dituzten lekuetako batzuk. Bidaia Educational Tours agentzia estatubatuarrarekin batera antolatua da eta ikasle eta helduei eskaintzen zaien kultur esperientzia bikaina da. Bidaia urriaren 21etik 30era izango da , Salt Lake City (Utah) hiritik irtenda, baina nahi duenak bere kabuz egin dezake bidaia, taldearekin Madrilen bat eginez. Zenbat eta partaide gehiago prezioa merkeagoa izango da, baina horretarako izena emateko epea abuztuaren 31an itxiko da.

Elko, EEUU. Anita Anacabe elkotarrak Educational Tours enpresaren tour pribatu bat gidatuko du aurten, besteak beste Madril, Bilbao, Gernika, Donostia, Donibane Lohitzune (Saint Jean de Luz) eta Bartzelona hirietan zehar. Bidaia urrian egingo da eta prezioa parte hartzaile kopuruaren araberakoa izango da: 2.295 dolar pertsonako 20 laguneko taldea egiten bada, eta 1.995 dolar  bidaiariak 35 izanez gero.

Anita Anacabek ederki ezagutzen ditu Euskal Herria eta euskal kultura. Nevadako Elko hirian jaioa, bere gurasoak bizkaitarrak ziren eta Anita sarritan izan da Euskal Herrian. Elkoko euskal komunitateko kide ezaguna da -Elkoko Euskal Etxeko lehendakaria izan da-- eta euskara eta gaztelera irakaslea da. Anacabe bidaiaren buru izango da, xehetasunak eta joan-etorriak koordinatuz, bisitaldiak gidatuz eta euskara edo gaztelera itzultzaile lanak eginez. Gainera, euskal senitartekoekin bildu edo lehen aldiz ezagutu nahi dituztenentzat bere laguntza ere eskaintzen du hitzordua antolatu ahal izateko.

Gernikako azken astelehenean

Bidaia urriaren 21ean hasiko da Salt Lake City-n, Madrilerako hegaldia hartuz. Madrilen bi egun egingo ditu taldeak eta gero Bilbora joango dira, bidean Segovia eta Burgos ezagutuz. Bilbon gaua egin eta hurrengo eguna librea izango da, hiria bisitatu edo familia euskalduna dutenek haiekin elkartzeko. Anita Anacabek famili bilkura hauetan laguntzeko -euskara edo gaztelera itzulpenak eginez, etab.-- bere burua eskaintzen du. Hurrengo egunean taldea Lapurdira, Donibane Lohitzunera (Saint Jean De Luz) joango da, eguna Donostian bukatzeko. 

Urriaren 27an bidaia hitzordu oso berezia izango dute bidaiariek Gernikan, euskal jai tipiko bat ezagutu eta bizitzeko aukera izango dutelako. Herri bizkaitarrean Urriko Azken Azoka egingo dute eta inguruetako nekazari, abeltzain eta jai gogoa duten gazte eta nagusi oro bilduko da bertan. Hurrengo  egunean taldea Bartzelonara joango da, bidean Elciegoko 'Ardoaren hirian' geldialditxoa eginez eta Zaragoza bisitatuz. Bartzelonan bi egun egingo dituzte, besteak beste Macba museoa bisitatuz. Urriaren 30ean AEBetara bueltatzeko hegaldia hartuko dute.

Bidai honi buruz informazio gehiago jaso nahi izanez gero edo izena emateko, deitu Anita Anacaberi 775-389-9300 telefonora edo bidali e-maila hona: elkoanacabe@hotmail.com.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia