euskal diaspora eta kultura
2013/03/19
PUBLIZITATEA
Leipzig, Alemania. Indartsu abiatu da aurten Universität Leipzig-en Euskara eta Euskal Kultura irakurletza, Unai Lauzirika irakaslearen zuzendaritzapean. Aurreneko seihilekoan ikastaroan parte hartu duten 40 ikasleek, euskara ikasteaz gain, euskal kulturan sakondu dute (bereziki historian eta antropologian). "Udarari begira irakasgaiak zabalduko dira (euskal musika, zinema e.a.) eta ekitaldi batzuk prestatu ditugu dagoeneko", azaldu dio EuskalKultura.com-i Lauzirikak.
Euskal kulturan sakontzeko ahalegin horretan, ikasleek Korrika 18 dela eta ekitaldi berezia antolatu zuten. Taldetxo polita bildu zen horretarako eta, Korrikaren petoak soinean, lasterketatxoa egin zuten unibertsitateko kanpusean barrrena, Leipzigeko Operaraino. Eguna hotza zen, eta kanpusa elurtuta zegoen, baina hala ere giro ederra izan zuen ekitaldiak.
[Leipzig-eko euskara ikasleek unibertsitateko kanpusean abiatu zuten lasterketa (argazkia ULauzirika)]
Alabaina, Korrikaren aldeko ekitaldiak ez ziren horrekin amaitu; izan ere, euskararen aldeko lasterketak Leipzigeko Liburu Azokan ere izan zuen isla. Martxoaren 14tik 17ra bitartean egin zen azoka, Frankfurteko liburu azokaren ondoren Alemania mailan ekitaldirik garrantzitsuena. Honek, baina, badu berezitasunik: "Anime-Manga Fans" izeneko guneak Japoniako marrazki bizidunen eta komikien zale andana biltzen dituela, Alemaniakoak zein atzerrikoak.
Gauzak horrela, azokak ziurrenik Korrikaren edizio honetako irudi bitxienetako batzuk utzi zizkigun, azokako otakuek (komikietako pertsonaietaz mozorrotzen diren zaleak) ekimenari sostengua adierazi ziotenean. Eta zergatik? Bada, horietako batzuk -- Harry Potter eta lagunak-- euskara irakurletzako ikasleak direlako!
[Leipzigeko Liburu Azokako otakuak ere Korrikaren alde! (argazkia ULauzirika)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus