Bahía Blanca, Argentina. Animazio handiz bukatu zen atzo Bahia Blancan 2024ko Euskal Argentinar Aste Nazionala. Ohiko dantzarien alardeak eta euskal dantzen plaza erakustaldiak, goizez; eta eguerdi-arratsaldez azken agur bazkariak eta azkeneko kalejirek ipini zioten amaiera, ofizialki azaroaren 16an hasitako Euskal Asteari, baina urtero bezala ostegunetik igandera arteko hondarreko hiru egunak hauek ekitaldi eta hitzordu jendetsuenak izan dituena, Argentina osoko euskal etxeetako delegazio, dantzari eta jendeen bilgune.
Ohi bezala, EuskalKultura.eus-en, gaur astelehenez Euskal Asteak eman duenaren begirada grafiko orokor bat eskainiko dugu gaurko artikuluan, zipriztin batzuk, astean zehar eskainiko dugun argazki, bideo eta kronika sorta xehetuagoaren aitzindari. Gogora dezagun aurten 125 urte bete dituela Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxeak eta karia horretara Euskal Aste Nazionala Bahíara ekarri dutela bertakoek, euskal argentinar komunitatearekin ospatzeko efemeride gogoangarria..
600 bat kilometro hego-mendebaldera dago Bahia Blanca Buenos Airestik, kostaldean, eta, Euskal Herriko partaide eta gonbidatuez gain, izan da ia bi egun autobusez eman dituenik Argentinako beste puntatik edo ondoko Uruguaitik hona etortzeko. Aurtengoan, egoera ekonomikoak ere ez du lagundu jendea biltzen. Egunaren arabera, zortzi, bederatzi eta mila pertsona batu dira ekitaldietara, Argentinako geografia osotik eta Uruguatik, 24 euskal etxe, beste hainbeste dantza talde, abesbatzak, musikariak... Hona lehenengo irudi sorta:
Ostegun gauean sagardotegi afaria egin zen, txotxean, Euskal argentinar sagardoarekin
'Txapela' sagardoa Patagoniako sagarrekin egiten dute, euskal moldeei segituz, eta botilan zein txotxean kontsumituz
Bahía Blancako Euskal Etxean dagoen Gernikako Arbolaren kimua "Euskal Herri askearen ondarea gara" (sic) esaldiarekin
Ostiral arratsaldez, dantza tailerra Boronat Plazan, Xabi Aburruzaga trikian, Joseba Urrutia pandero-jotzaile
Giroa ezin hobea, momentu batez euriak eraso bazuen ere. Jendea, bustirik baina kontent
Ilundu aurretik Korrontzi igo zen oholtzara, eta handik, ohi duenez, Agus Barandiaran jende artean sartu zen
Korrontzir beraren kantu ezagunez gain, amaiera aldera euskal kanturik ikonikoena: Txoria txori, publikoarekin bat
Larunbatean FEVAk bere Urteko Bilera Nagusia egin zuen, Asier Iriberri lehendakaria (erdian mikroaz) buru. Ezkerretik eskuinera, Carlos Miguelena (diruzaina), Iñaki Ederra (Bahía Blancako EEko lehendakaria), Asier Iriberri (lehendakaria), Arantxa Anitua (lehendakariordea) eta Elba Mocoroa (idazkaria)
Bertaratutako ordezkaritza instituzionalak Pradales lehendakariaren mezu bat ekarri zuen. Mahaiean, Sara Pagola Euskadiren ordezkaria Argentinan, Ander Caballero Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berria, eta Gorka Álvarez, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria
Euskal Etxeetako ordezkariak mintzo, kasu honetan Coronel Pringlesko Juan José Olasagastia
ETBk ordezkaritza bat bidali zuen Primeran eta Diasporatik balia daitekeen bere eskaintza aurkeztuz. Mikroa eskuetan ETBko zuzendari Unai Iparragirre
Larunbat arratsaldeko kalejira Bahia Blancako kaleetan barrena Udal Antzokiraino
Eta danborrada, Bahia Blancako danborrariak jotzaile, Argentina beste euskal etxe batzuetatik etorritako jotzaileekin
Barruan, Udal Antzokiko ekitaldian Kaixarranka, Lapridako Lagun Onak EEaren eskutik
Zuberoko maskarada, La Plata hiriburu buenosairestarreko Euzko Etxeko dantzariak oholtza gainean
Eusjal Herri barnealdea eta itsasoa: Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko dantzarien Batelerak
Bahía Blanca bertako Beti Aurrerako dantzariak Fandango eta Arin-Arina eskaintzen
Euskal Etxera itzulita, afaria bertan eta egoitzako areto eta leku diferentetan, animazio desberdinak. Irudian Luis Carricaburu soinujotzailea, Villa Mariatik (Bahía Blancatik 700 kilometrora), bertako Euzko Etxetik bertaratua, ondoan neskatilak dantzari
Euskal Etxeko beste sektore batean jendea kantu herrikoiak kantari Bahia Blanca bertako soinujotzailea lagun
Eta Euskal Etxean bertan baina 'Andoni Irazusta Aretoa'n, erromeria Korrontzirekin
Igande goiza heldu da eta dantzarien alardearen momentua, besteak beste kalejiran jauzika
Alardearen ondotik, azken agurreko bazkaria, eta bazkalostean, pozik baina penaturik, hondarreko kalejira Euskal Asteari azken agurra eman aurretik. Datorren urtean Tandilen izango da Argentinako Euskal Aste Nazionala. Bertaratzeko planik?
(segituko du atal berri batekin)