Bahía Blanca, Argentina. Animazio handiz bukatu zen atzo Bahia Blancan 2024ko Euskal Argentinar Aste Nazionala. Ohiko dantzarien alardeak eta euskal dantzen plaza erakustaldiak, goizez, eta eguerdi-arratsaldez azken agur bazkariak ipini zioten amaiera, ofizialki azaroaren 16an hasitako Euskal Asteari, baina urtero bezala ostegunetik igandera arteko hiru egunak ekitaldi eta hitzordu jendetsuenak izan dituena, Argentina osoko euskal etxeetako delegazio, dantzari eta jendeen bilgune.
Ohi bezala, EuskalKultura.eus-en gaur astelehenez Euskal Asteak eman duenaren ikuspegi orokor bat eskainiko dugu gaurko artikuluan, zipriztin batzuk, astean zehar eskainiko dugun argazki, bideo eta kronika sorta xehetuagoaren aitzindari. Gogora dezagun aurten 125 urte bete dituela Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxeak eta karia horretara Euskal Aste Nazionala Bahíara ekarri dutela bertakoek, euskal argentinar komunitatearekin ospatzeko efemeride gogoangarri hau.
Bahia Blanca Buenos Airestik 600 bat kilometrora dago eta, Euskal Herriko partaide eta gonbidatuez gain, izan da ia bi egun autobusez eman dituenik Argentinako beste puntatik edo ondoko Uruguaitik hona etortzeko. Aurtengoan, egoera ekonomikoak ere ez du lagundu jendea biltzerakoan. Egunaren arabera, zortzi, bederatzi ehun eta mila pertsona batu dira ekitaldietara, Argentinako geografia osotik eta Uruguatik, 24 euskal etxe, beste hainbeste dantzari talde bederen, abesbatzak, musikariak... Hona lehenengo irudi sorta:
Ostegun gauean sagardotegi afaria egin zen, txotxean, Euskal argentinar sagardoarekin
'Txapela' sagardoa Patagoniako sagarrekin egin dute, euskal moldeei segituz, eta txotxean ere kontsumitzen da
Bahía Blancan Euskal Etxean hazten den Gernikako Arbolaren kimua "Euskal Herri askearen ondarea gara" (sic) esaldiarekin
Ostiral arratsaldez, dantza tailerra Boronat Plazan, Xabi Aburruzaga trikian, Joseba Urrutia pandero-jotzaile
Giroa ezin hobea, momentu batez arratsalde hartan euriak erasoko bazuen ere, jendea bustirik baina kontent
Ilundu baino zerbait lehenago, Korrontzi igo zen oholtzara, eta handik Agus Barandiaran jaitsi zen jende artera
Korrontziren kantu ezagunez gain, amaiera aldera euskal kanturik ikonikoena den Txoria txori publikoarekin kantuz
Larunbatean FEVAk bere Urteko Bilera Nagusia egin zuen, Asier Iriberri lehendakaria (erdian) buru
Bertaratutako ordezkaritza instituzionalak Pradales lehendakariaren mezu bat eraman zuen. Mahaiean, Sara Pagola Euskadiren ordezkaria Argentinan, Ander Caballero Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berria, eta Gorka Álvarez, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria
Euskal Etxeetako ordezkariak mintzo, kasu honetan Coronel Pringlesko Juan José Olasagastia
ETBk ordezkaritza bat bidali zuen Primeran eta Diasporatik balia daitekeen bere eskaintza aurkeztuz. Irudian mikroa eskuetan ETBko zuzendari Unai Iparragirre
Larunbat arratsaldeko kalejira Bahia Blancako kaleetan barrena Udal Antzokiraino
Eta danborrada, Bahia Blancako danborrariak jotzaile, Argentina beste euskal etxe batzuetatik etorritako danbor eta barrilekin
Eta barrura, Udal Antzokian eginiko ekitaldira. Irudian Kaixarranka, Lapridako Lagun Onak EEaren eskutik
Zuberoko maskarada, La Plata hiriburu buenosairestarreko Euzko Etxeko dantzariak oholtza gainean
Barnealdea eta itsasoa, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko dantzarien Batelerak
Bahía Blanca bertako Beti Aurrerako dantzariak Fandango eta Arin-Arina eskaintzen
Euskal Etxera itzulita, afaria bertan eta egoitzako areto eta leku diferentetan, animazio desberdinak. Irudian Luis Carricaburu soinujotzailea, Villa Mariatik (Bahía Blancatik 700 kilometrora), bertako Euzko Etxetik bertaratua, ondoan neskatxak dantzari
Euskal Etxeko beste alderdi batzuetan, jendea kantuz Bahia Blanca bertako soinujotzailearekin
Eta Euskal Etxean bertan baina Andoni Irazusta aretoan, erromeria Korrontzirekin
Igande goiza da eta dantzarien alardearen momentua, hasteko, dantzarien kalejira batekin
Haren ondotik, azken agur bazkaria, eta bazkalostean, azkeneko kalejira Euskal Asteari azken agurra eman aurretik. Datorren urtean Tandilen izango da Argentinako Euskal Aste Nazionala. Planak egiten hasteko edo pentsatzen hasteko momentua?