euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Anima zaitez! Ezagutu eta erabili euskara, euskaldunon hizkuntza', aldarrikatuko du Rosarion Euskararen stand-ak

2007/10/04

Gazteak iazko euskara standean parte hartzen
Gazteak iazko euskara standean parte hartzen

PUBLIZITATEA

Iaz Cordobako Euskal Astean lortu zuen arrakasta ikusirik, FEVAk eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkarteak, euskararen stand-a datozen hiru egunetan Rosarion gailurra hartuko duen Euskal Astean berriro ipintzea erabaki dute. Bihartik hasita eta iganderaino egongo da zabalik, euskarari buruz edota euskaraz argibideak emanez, publiko euskaradun zein euskaragabeari jolasak proposatuz hizkuntzara hurbil daitezen, Euskaltzaleak-eko, Rosarioko Euskal Etxeko eta Argentinan Euskaraz programako ikasle eta irakasleen eskutik.
Urte askotan Argentinako Euskal Aste Nazionala dantzarien festa gisa bizitu izan den arren, urtetik urtera gero eta gehiago dira programan oro har kulturari lotutako proposamenak, edota kirol edo entrenimendu arlokoak. Horietan guztietan parte hartzeko egiten dituzte ehundaka kilometro Argentina ipar, hego, eki eta mendebaldetik datozen euskal kolektibitateko kideeentzat.

Hizkuntzari dagokionez, gehiago nabarmentzen joan da azken edizioetan, eta presentzia irabazten egitarauan, partikularzki euskarazko jarduera eta jokuak sartu zirenetik, edozein ikuslek parte hartzeko moduko aukerak eman baitira, euskaradun zein euskaragabeentzat, aldez aurretiko ezagupendunentzat zein euskarara lehen aldiz hurbiltzen zirenentzat.

Iazko bide arrakastatsuari segituz

Euskal Astearen iazko ediziorako, Argentinako euskara irakasleek proposamena luzatu zioten FEVAri Euskal Herria, bere lurraldeak eta gehienbat hizkuntzaren informazioa eman ahal izango zuen stand bat eratzeko, batez ere gazteen artean hizkuntzaren garrantzia markatu eta kontzientzia eta ezagupena zabaltzeko asmotan. Esperientzia haren arrakastaren ondotik errepikatuko da aurten ekimena, berriz ere Euskaltzaleak eta Horacio Marotto Etxezahar diseinatzailearen laguntzaz. Marotto José C. Paz herriko Toki Eder Euskal Etxeko lehendakaria da eta stand-aren diseinuko arduraduna.

Honela azaldu du berak aurtengo stand-aren izaera: 'Euskara eta Euskal Herriari buruzko informazioa biltzen dituzten 10 taulek osatzen dute. Jendea taulen artean nahi duen gisan ibil daiteke eta bertan planteatzen diren galdera batzuei erantzun diezaieke. Espaziora egokituz, modu ezberdinetan koka daiteke bere egitura arin eta askatzeko errazari esker. Lerroa jarraituz munta daiteke, zigzagean, erradio edo zirkular eran eta abar. Kasuak kasu, mahai eta aulkiak ere erantsi daitezke'.

Euskararen inguruko ezagutza eta kontzientzia piztearren

Aurtengo eslogan gisa 'Anima zaitez! Ezagutu eta erabili euskara, euskaldunon hizkuntza' hautatu da. Stand-a ezagutzera datorren jendea pixkanaka hizkuntzaren oinarrizko ideiak ikasten joango da, bere burua aurkeztu edo gustuei buruz hitz egiten, adibidez. Geroago, eskuratutako oinarrizko ezagupen hauei erabilera emango diete opari batekin sarituko diren galderak erantzunez.

Euskararen stand-a bihar ostirala, larunbatean eta igandean egongo da irekia Rural-eko aretoan eta Rosarioko euskal etxeko eta Euskaltzaleak-eko euskara ikasle eta irakasleen eskutik eta, oro har, Argentinan Euskaraz programako kideak harreragile eta laguntzaile edo azalpenemaile izango dituela.


Lotura interesgarriak

FEVA, 'Federación de Entidades Vasco Argentinas'
www.fevaonline.org.ar

'Euskaltzaleak, Escuela de Lengua Vasca de Buenos Aires'
www.euskaltzaleak.org.ar

Iazko Euskal Asteko argazkiak eta Euskararen stand-a
2006ko azaroaren 4an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia