euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anima Zaitez! 2023: Garazi, Larraitz, Iñaki eta Garazi dira Villa Mariako Euzko Etxera EHtik bilduko diren lau gazteak

2023/05/24

Garazi Suinaga, Iñaki Landa, Larraitz Goikoetxea Urdangarin eta Garazi Fernandez dira Villa Mariako Anima Zaitez! programan parte hartuko duten EH lau gazteak. Erdian, Villa Mariako Euzko Etxearen egoitza
Garazi Suinaga, Iñaki Landa, Larraitz Goikoetxea Urdangarin eta Garazi Fernandez dira Villa Mariako Anima Zaitez! programan parte hartuko duten EH lau gazteak. Erdian, Villa Mariako Euzko Etxearen egoitza

PUBLIZITATEA

Villa María, Argentina. Villa Mariako Euzko Etxeak Euskal Herriko gazteeak partaide antolatzen duen Anima zaitez! programaren 2023ko edizioak lau gazte hautatu ditu Argentinara etor daitezen euren lekukotasuna eta euskal kultura ezagutzak partekatzera bertako gazte eta ez hain gazteekin. Kultura trukerako programa honen seigarren edizioa uztailaren 14tik 30era bitartean garatuko da, gazte boluntarioek musika eta dantza tailerrak eta kultura hitzaldiak eskainita eta hezkuntza arloko erakundeak bisitatuta.

“Edizio honetan programa kalera atera nahi dugu, herriak Euskal Etxean egiten duguna ezagut dezan. Horregatik, bi norabidetan egingo dugu lan. Batetik, batez ere, elkartean parte hartzen dutenei zuzendutako jarduerak antolatuko ditugu eta, bestetik, herritar guztiei zuzendutako proposamenak izango ditugu, bertako beste zenbait gune eta elkarterekin batera”, azaldu dio Euzko Etxeko batzordekide eta programaren koordinatzaile den Flor Denizek Euskalkultura.eus-i.

Garazi, Larraitz, Iñaki eta Garazik uztailaren 14tik 30era bitartean garatuko dute Anima Zaitez! 2023, Euzko Etxearen egoitzan eta bertako beste erakunde eta eskola batzuk ere bisitatuz

Cordobako Villa Maria hirian egonaldia egingo duten lau gazte euskaldunak diasporako familiekin biziko dira. Aurreko edizioetan bezala, landa eremuko eskolak bisitatuko dituzte eta Villa Maria Unibertsitate Nazionalera ere joango dira. Izan ere, harrera egingo diete Bertako Nazioartekotze Idazkaritzan.

Hautatutako lau gazteak hauexek dira:

- Garazi Fernández Cacho, Barakaldokoa (Bizkaia), txistularia eta Laguntasuna dantza taldeko kidea. 2022ko Euskal Aste Nazionalean parte hartu zuen La Pampako Macachinen.

- Larraitz Goikoetxea Urdangarin, Beasaingoa (Gipuzkoa), euskara eta literatura irakaslea, Beasaingo "Ostadar Dantza Taldea”-ko partaidea. Ez du Argentina ezagutzen eta herrialde honen diaspora “betidanik ezagutu nahi" izan du.

- Iñaki Landa, Gasteizkoa (Araba), historia eta filosofiako irakaslea, komunikatzailea eta sukaldaritza zalea. Argentina ezagutzen du, Mendozako Denak Bat EEan eta Neuquengo Haraneko Euskal Etxean ibilitakoa da.

- Garazi Suinaga, Gorlizekoa (Bizkaia), euskal filologoa, euskara irakaslea, haurrekin lan egin izan du eta sukaldaritzazalea da.

Ongi etorri, asko i(ra)ka(t)si eta bikain pasa!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia