euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Angeles de Dios Altunak La Baskonia-ren sortzailearen bizitzari buruz hitz egingo du Paueko Unibertsitatean

2011/10/18

Jardunaldiaren kartela
Jardunaldiaren kartela

PUBLIZITATEA

Argentinara emigratu zuten elite euskal-bearnesei buruzko jardunaldiak egingo dira ostegun eta ostiral honetan Pauen, bertako Unibertsitateko ITEM Ikerketa laborategiak antolatuta. Mintzalarien artean, Argentina zein Europako hainbat unibertsitate eta erakundetako ikertzaile eta irakasleen izenak, tartean Claude Mehats, Oscar Alvarez Gila, Jon Ander Ramos, Beñat Çuburu-Ithorotz, Viviane Oteiza, Adrian Blazquez edota Adrian Zarrilli adituenak. Argentinako Chacotik propio bidaiatuko da, besteak beste, Angeles de Dios Altuna, 'Francisco Grandmontagne: Nortasuna, kazetaritza eta saiakera Argentinan' gaia aurzkezteko La Baskonia aldizkariaren sortzaile izan zenaren bizitzari buruz.

Buenos Aires, Argentina. Europarik Argentinara etorritako euskal-bearnesen diaspora gaietan aditu diren irakasle eta ikertzaileek, lan esparru duten honetan dauden zenbait hutsune hartuko dituzte hizpide datozen ostegun eta ostiralean, urriaren 20 eta 21ean, Bearnoko hiriburuan, Paueko Unibertsitatean.

Ezagunak dira Pirinioetako hego-mendebaldetik Argentinarako migrazio prozesuak, besteak beste Alejo Peyret, Alberto Larroque eta  Carlos-Tomás Sourigues bezalako pertsonaiei buruz egindako lanei esker. Hala ere, oraindik badago hamaika gauza ikertzeke. Mintegian aurkeztuko diren ikerketa lanek XIX. mendeko erdialdetik 1930. urtea bitartean gertatutako gaiak azalduko dituzte. Garai horretan, eta tarte horretako pertsonaia eta gaietan sakontzea, hain zuzen, du helburu Paueko Unibertsitateko ITEM laborategiak antolatutako mintegiak.

“Berriz ikertzeko eta landu beharreko hainbat puntu geratzen dira norbanako ibilbideez eta , batez ere, azaltzeke eta argitzeke  daude beste hamaika migrazio-bideratze. Eliteen migrazio honetan ogibide askotako jendeak sartzen dira, tartean intelektual, sendagile, zientzialari edota elizgizonak, baina baita beste elite taldeak ere, hala nola goi-artisauak edo emaginak, eta hauei buruz ezer gutxi ezagutzen da eta, beraz, lan handia behar da egin hor sakontzeko", diote jardunaldiotako antolatzaileek.

Kari horretara, hiru puntu hauek gailenduko dira aurkeztuko diren lanetan:

- Bakarkako ibilbideak eta migrazio sareak
- Elite euskal-bearnotarrek Argentinako bizitza politika, kultural eta ekonomikoari egindako ekarpena;
- Begirada gurutzatuak: Nola ikusten zuten argentinarrek euskal-bearnesen etorrera? Izan zuten bertakoek jarrera berezia etorkin hauekiko? Nola ikusten zuten helduberriek, jaso zituen gizartea?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia