Sabrina Otegui / Buenos Aires, Argentina. Hilabete pasexe da egin zuela bere estreinaldi hegoamerikarra Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian ‘Habanako Zazpi Kale’ dokumental sailak. Saileko lehenengo tituluak, ‘Belascoain, la calle de los pelotaris’ (Belascoain, pilotarien kalea) luzemetraiak, oso harrera ona izan zuen hiriburuan eta eskuragai dago ikusi nahi duten Argentinako euskal etxe guztientzat. Saileko bigarrena, berriz, gaur bertan estreinatuko da elkarte berean. 'Zulueta, azúcar moreno' (Zulueta, azukre beltza) du izena eta, aurrekoa bezala, Carlos Gabilondo buru duen 'Euskal Zinema Ibiltaria' ekimenak pantailaratuko du Argentinako euskal etxeetan. Gabilondok berak jarri gaitu kontaktuan Angel Katarainekin, eta hauexek dira berarekin izan dugun solasa.
Noiz eta nola sortu zen ‘Haziak denboran’?
Urteak daramatzat Kubara bidaiatzen eta bisita horietan berehala hasi nintzen konturatzen euskal herritar ugarik utzi zituztela irlan aztarna nabarmenak. Erraz ohartu nintzen leku askok dauzkatela bertan gaur egun euskal izenak. Obdorioz, jakin-mina sortu zitzaidan eta hemengo (Euskal Herriko) eta hango (Kubako) lagunek animaturik 2008. urtean proiektu hau gauzatzen hasi nintzen. Hasierako asmoa, Habanako kaleen izenak ikertzen zituen dokumental batzuk egitea baino ez zen; gero hasierako ideia hori zabaldu eta ‘Semillas en el tiempo' (Haziak denboran) jaio zen, Euskal Herriarekin lotura duten istorioak kontatzeko, ez Kuban bakarrik, mundu osoan baizik. Helburua istorio horiek berreskuratzea eta liburu, dokumental eta web edukien bidez zabaltzea.
Asmo handiko proiektua dirudi...
Lagunak ere baditut; batzuek lan guztietan laguntzen didate eta beste batzuek proiektu jakinetan. Itsasoaren bi aldeetatik ideia ekarle ari zaizkit eta historialari eta zinegileak dira. Adituak dira eta euren ekarpena ezinbestekoa da nire lana kontrastatu eta ziurtatzeko. Zerrenda luzea da eta inor ez ahazteko nahiago dut jendeak izen zerrenda osoa dokumental bakoitzean ikustea edota www.semillaseneltiempo.com webgunean agertzen diren kredituetan.
Jorratzen ditudan gai batzuk kontuzko gaiak direnez, aholkularitza egokia izan ezean ez nintzen sartuko proiektuan. Dokumentalek arazo bat daukate: jendeak uste du ikusten duena errealitatea bera dela, eta horregatik errealitatea desitxuratzeko oso tresna eraginkorra eta arriskutsua izan daitezke. Hori dela eta egileak zintzo jokatu nahi badu, lan sakona egin behar du dokumentalean sartzen dituen datuak frogatu eta baieztatzen. Zorrotza behar da izan. Eguneko berriak kontatzean akatsak egiten baditugu, pentsa ezazu zer gerta daitekeen duela ehun, berrehun edo urte gehiago dauzkaten gertaerak kontatzen ditugunean.
Nola joan da filmazio eta muntaketa prozesua?
Nik zinema munduan ‘gerrilla zinea' deitzen dena egiten dut, hau da, aurreko gidoirik gabe egiten dut lan. Honek esan nahi du, gaia hautatu ondoren, lehenengo urratsa informazioa biltzea dela; liburutegi, artxibo, filmoteka eta weborrietan ikertuko dugu. Lan handia da, aukeratzen ditugun istorio gehienak nahikoa galduta daudelako. Horren ostean, informazioa kontrastatzen lagunduko duten kolaboratzaileak topatu behar dira eta parte hartzera gonbidatu elkarrizketatu gisa. Poliki poliki istoria itxuragabea zena hezurmamitzen joan da buruan eta gidoia ere sortzen, elkarrizketa bakoitza egin ahala. Datu berriak emendatzen joango gara eta horrek aldaketak behartuko ditu, material berriak bere lekua eskatuko baitu, talka etorriko da materialen artean eta horrek guztiak pixkanaka tankera hartze bat ekarrko du buruan sortzen ari garen balizko grabaketari dagokionez.
Aldi berean, kalera atera behar da. Nire kasuan normalean bakarrik ateratzen naiz, zaila baita inork hainbeste ordu jasatea kalean gora eta behera, filmatzen eta jendeari galdetzen. Kantoi batean esertzea eta zerbait bitxia gertatu arte itxarotea ere tokatzen zait. Momentu horietan dena filmatzen da, nahiz eta gaiarekin harremanik ez izan. Horietako hainbat oso baliabide baliotsuak izan daitezke gutxien espero duzunean muntaketa prozesuan. Oraindik ere batzuk gogoratuko dira Habanan horma baten kontra, kamera eskuan, orduak pasatzen zituen tipo horrekin…
Honekin ia batera muntaketa ere hasten da. Kaletik iristen naizenean material osoa sartzen dut ordenadorean eta ordenean jartzen dut. Orden horrek konplexuagoa eta zorrotzagoa beharko du, gero eta material gehiago gehitzen joatean. Ekintza bakarti eta zoragarria da… pantailan agertzen diren istorioaren zatiak eta ni… Batzuetan edizio ordu asko pasa eta gero konturatzen zara agertzen ari den istorio horri irudiak, erantzunak edo beste ikuspuntu edo pertsonaia berri bat falta zaiola eta orduan berriro kamera, mikroa eta bizkarzorroa hartu eta kalera… Dokumentala ia ia prest zegoela zirudienean, bat-batean zeozer falta dela eta urtebete gehiago beharko duzula kontura zaitezke. Nire kasuan, aurretik eperik ezarria ez dudanez, hori behintzat ez dut arazo
Bitartean, garrantzitsua da kolaboratzaileekin hitz egitea eta elkarrekin pentsatzea nola kontatu istorioa ahalik eta gutxien eragin eta aldatu gabe, norberaren ikuspuntua inposatu gabe… Nola egin ikusleak lanabesak izan ditzan bere interpretazio propioa egin ahal izateko.
Oraingoz Kuban bakarrik filmatu duzu…
Bai, orain arte horrela izan da; etorkizunean gustatuko litzaidake beste portu batzuetan lehorreratzea. Beti esaten dut ‘Haziak denboran’ oso ideia handia dela baina lan egiten duen taldea oso txikia. Eta momentu honetan oso laguntzaile onak izan arren, maila operatiboan bakarrik nago. Dokumentalak nire diruarekin egiten ditut; nire beste aktibitateen fruitua den diruarekin… beste biderik ez dut. Dudan astiaren arabera egiten noan proiektu bat da.
Euskal Herrian, soinu ingeniaritza arloko zure ibilbideagatik zara ezaguna. Nolakoa izan da soinu ingeniaritzatik zinemagintzarako jauzi hau?
Egia esateko beti izan ditut gustuko argazkilaritza eta zinea; nahiz eta nire karrera musika arloan garatu dudan. Azken 40 urteotan euskal musikariekin egin dut lan, eta tartean hainbat ikus-entzunezko proiektutan partaide izan naiz… Asko ikasi dut --eta asko gozatu dut-- besteen lanetan kolaboratzen, baina lan horretan, kapitalaren izpirituak harrapaturik, ez dago denborarik sormenerako, zenbakiak atera behar dira aurrera..
Bestalde, nahiz eta zinemagitza gustatu, ezin izaten nion ekin giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomiko ugari behar zirelako. Gaur egun ordea, hori aldatu egin da eta teknologia berriekin posible da lagun talde minimo batekin zinea egitea.
Ze prozesua jarraitzen duzu Kubara joan behar duzularik filmatu eta elkarrizketa egitera?
Nire maleta edozein turistarena bezalakoa da. Dena sartzen da 23 kiloko maleta batean eta aurreko gidoirik ez dudanez, baimenik ere ez dut behar; ez dut kontraturik errespetatu edo segitzeko. Tresnak eramangarriak dira, oso txikiak. Neurekin daramatzat eta esertzen naizenean pertsonaiaz edo dokumentalaren gainean pentsatzen hasten naiz, neure burua akulatu eta tartean eragozpenik ez badut, kamera hartu eta kalera ateratzen naiz. Orain arte nire dokumentalak Kuban grabatu eta hasi, eta muntaketa lanak Euskal Herrian bukatu ditut.
Zure lanaren emaitza Argentinako zenbait lekutan pantailaratzen hasia da Euskal Zine Ibiltariaren proiektuaren baitan, Carlos Gabilondo tarteko. Hau izan da zure proiektua Hego Amerikara iritsi den lehen aldia… Zeintzuk dira zure espektatibak?
Ni kontent geratzen naiz lan ona egiten badut, niri eta nire laguntzaileoi gustatzen bazaigu. Horretaz gain jendeak ikusten badu, hobe. Dokumental hauek Argentinan ari zarete pantailaratzen Euskal Herrian oraindik ere apenas ikusi ez dituztela. Lana nola sustatu eta publikoarengana nola iritsi ahalik eta oihartzunik handiena izan dezan, hori nik menperatzen ez dudan zerbait da.
Espektatibak? Noizean behin lekuren batean pantailaratzen bada eta benetako interesa dutenek internetez ikusteko aukera badaukate, niretzat nahikoa da. Guk guztia, internetez zabaltzen dugu, dokumentalak eta gai honi buruzko informazioa, liburuak eta edukiak.
‘Zazpi Kale Habanan’ sailak zazpi dokumental izango ditu. Horietako hiru, ‘Belascoain’, ‘Zulueta’ eta ‘Espada’ prest eta ikusgai daude dagoeneko. Zein da hurrengo dokumentalean ezagutuko dugun euskal kubatar pertsonaia?
Habanan euskal izena duten hogeitazortzi kale daude eta horietatik zazpi aukeratu ditugu, Bilboko Zazpi Kaleei keinu bat eginez. Laugarrenak ‘Ayestaran’ izenburua izango du; Luis de Ayestaran Kuban jaio zen Euskal Herriko euskal merkatarien seme. Independentziaren alde borrokatu zuen eta oso gazterik, 24 urte zituela, patibuloan hil zuten integrista espainiarrek, 1870an. Gutxi heldu zaigu berari buruz eta dakigun gehiena Argentinan topatu dugu, El Siglo XX delako argitaletxe batek 1936an kaleratutako Vida y martirio de Luis de Ayestaran y Moliner liburuari esker. José Manuél Lopez Cabreraren idazlan horrek asko lagundu digu Ayestaranen istorioa deskorapilatzen.
‘Aranguren’ eta ‘Goicuria’ antzeko istorioak dira, garai eta gerra berekoak eta baliteke hirurak azkenean atal bakarrera batzea.
Azkena ‘Loynaz’ izango da. Zailena agian, armada askatzaileko generala eta musikaria izan zen Loynaz del Castilloren familiaren istorioa kontatzea baita. Lau idazle eta poeta dira; oso ezberdinak elkarrekiko eta zoragarriak guztiak.
Buenos Airesen eta Argentina osoan milaka dira euskal izena duten kaleak, baduzu bertan ‘geldialdi’ bat egiteko asmorik?
Asmorik... bai. Jakina, behar dudan gauza bakarra da euskal historia maite duen pertsona aberats batek bere Visa txartela uztea. Hemendik jakinarazten diot inongo baldintzarikez diodala onartuko, baina bai ziurtatzen diodala bere dirua ondo erabiliko dugula. Aditu talde onena osatuko dudala munduko bazter guztietan euskaldunek utzitako arrastoak aurkitzeko.
Tira, tantxak alde batera utzita, istorio berriak filmatzeko daukagun oztopo bakarra ekonomikoa da.
‘Habanako Zazpi Kale’ saileko lehenengo dokumentalak, hurrengoak ikusteko irrika piztu du Argentinan. EuskalKultura.com-en aukera honetaz baliaturik, zerbait esan nahiko zenieke dokumentala ikusiko duten argentinarrei?
‘Belascoain’ dokumentalaren lehenengo zatian egonezin dabilen tipo bat ikusi dute seguruenik, kamera eskuan kalean dabiltzana, zerbaiten bila, oso ondo zer den jakin gabe. Dokumentalaren bigarren zatian, zentratu egiten naiz eta dokumentala emozionalagoa da eta honela sartzen gara Kubara emigratu ziren euskal pilotarien mundu harrigarrian.
Orain ‘Zulueta’ eta geroago ‘Espada’ luzemetraiak ikustera hurbiltzen direnean aldea nabarituko dute. Hauetan, lortutako datu esanguratsuak dira protagonista nagusi. Nire beldur handiena hori izan da, jendea ez beldurtzea datu kopuruarekin. Ezezagunak zirenez eman egin behar genituen, ezin genituen kanpoan utzi, baina saiatu gara oharkabean pasa zedin eta integratzen.
Badago zerbait hiru dokumentaletan, nire kezka nagusi bihurtu dena eta seguruenik horixe da jendeari esango niokeena: honelako dokumentalek publiko orokorrarentzat interesgarriak edo dibertigarriak ez izateko arriskua daukate, bereziki historia gustukoa ez dutenentzat. Nola eta zer egin, orduan, istorio hauek kontatu ahal izateko inor aspertu gabe? Nola, topikoetan erori gabe? Espero dut hori lortu izana… neurri handi batean behintzat.
Diasporan eginiko lana diasporan ikusten ari da… Uste duzu euskal diaspora garrantzitsutzat jotzen duela Euskal Herriak?
Nire ustez, euskal diaspora euskal izaeraren irudipen iraunkorrena da. Sustraiekiko loturak elkarrekin mantentzen ditu euren euskal jatorriagatik benetako pasioa sentitzen duten lagunak. Pertsona eta talde horiek Euskal Herriaren enbaxadarik onena bilakatzen dira.
Tristea da aitortzea baina uste dut gaur egun gehiago begiratzen gaituela diasporak gu guk diaspora baino… Diaspora ama bezalakoa da, guk ondo edo gaizki tratatu beti dago prest maitasunez begiratu eta gure onena ikusteko.