euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Andresare" sareratu du Eusko Ikaskuntzak, emakumeen inguruko azterlanen berri emango duen webgunea

2008/02/28

Eusko Ikaskuntzaren laguntza izan du "Andresare" webguneak proiektu hau aurrera ateratzeko
Eusko Ikaskuntzaren laguntza izan du "Andresare" webguneak proiektu hau aurrera ateratzeko

PUBLIZITATEA

Dagoeneko Eusko Ikaskuntzak sareratu duen "Andresare" webguneak Euskal Herriko emakumeen, eta batik bat feminismoaren eta generoaren alorrean, Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz egiten diren azterlanen egoeraren berri emango du. Teknologia berrien bidez, gune honek euskal emakumeen errealitatea erakutsi nahi du, ezagutza, sorkuntza eta zientziaren bidez.
Webgune berri honen ibilbidea 2002. urtean sortu zen Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko sistemei eta genero-harremanei buruzko ikerketen azterlan bibliografikoa egiteko atera zuen bekarekin. Bere helburuetako bat Euskal Herriko gizarteko zenbait esparrutan lanean ibilitako emakumeen lana aitortzea da eta Emakundek zein EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Defentsarako bulegoak babesten dute.

"Andresare" webguneak hainbat atal ditu. "Nor da nor" atalaren bidez, Euskal Herriko emakumeek hainbat sorkuntza eta ikerketa alorretan ekoiztutako ezagutza zabalduko du interneten. Beste sail batzuk ere izango ditu webgune berriak, hala nola "Albisteak", "Agenda", "Iritzia" eta "Aipamenak". Atal guztiak ez dira berdin berriztatuko. Horietako batzuk astean behin berritzeko asmoa dago, baina "Proiektuak" atalarena, adibidez, motelagoa izango da.

Sortze prozesu luzea

2002an ekindako ikerketa-proiektu batean, hainbat erreferentzia bibliografiko jaso ziren jakintza-alor hauetan: Antropologian, Historian, Soziologian eta Politika-Zientzietan, Filosofian, Zuzenbidean, Informazio-Zientzietan, Pedagogian, Artean eta Literaturan. Hainbat egilek, irakaskuntzari eta ikerketari begira, material baliotsua eskaini zuten. Gainera, horrek guztiak bitartekoak eskaintzen zituen gizarte-intereseko arloei estuki lotuta dauden arazoei aurre egiteko. Hauek dira horietako arlo batzuk: emakumeen osasuna; emakumeak familian eta zaintzaren esparruan duen zeregina; lan-munduan bizi duen errealitatea; erakundeetan, politikan eta enpresan duen partaidetza; euskal kulturan dituen zereginak; aisialdiaren eta sormenaren eremuetan duen ordezkaritza; hiriak diseinatu eta antolatzen duen parte-hartzea; eta emakume emigranteen egoera.

Material hori guztia edukita, proiektuko kideak lanak ezagutaratzeko eta eguneratzeko eman beharreko hurrengo pausoa zein zen pentsatzen hasi ziren. Eusko Ikaskuntza eta Euskomediaren aholkularitzaren laguntzarekin sarea erabiltzea modurik 'arin, integratzaile eta eraginkorrena' zela erabaki zuten.


Lotura interesgarriak

"Andresare" web orrialdea
www.andresare.net

Eusko Ikaskuntzaren web orrialdea
www.eusko-ikaskuntza.org

Euskomediaren web orrialdea
www.euskomedia.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia