euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andres Urdaneta itsasgizonaren erakusketaren azken egunak Mexiko DFko Franz Mayer Museoan

2008/10/15

'Urdaneta Novohispano: el vasco que abrió las puertas de Asia a la Nueva España (1508-1568)
'Urdaneta Novohispano: el vasco que abrió las puertas de Asia a la Nueva España (1508-1568)

PUBLIZITATEA

Andres Urdaneta euskalduna Europa, Asia eta Amerika arteko komunikazio eta komertzio bideak ireki zituen itsasgizona legez da ezagutua. Franz Mayer Museoko klaustroan 'Andres de Urdaneta Novohispano 1508-1538' erakusketa ostiralera arte egongo da zabalik Mexiko DFn, Ordizian (Gipuzkoa) jaiotako itsasgizon honen bizitzan eta bidaietan oinarritua. Bere ekarpenak urrezko lekua dauka munduko itsas historian, nahiz eta britainiarra ez izateak bera baino merezimendu gutxiagoko itsasgizonak baino izen txikiagoa izatea ekarri dion. Oraingo aukera, ordea, azaleratzen ari da bere lan eta ekarria.

Mexiko DF, Mexiko. Andres Urdaneta itsasgizonaren jaiotzaren bosgarren mendeurrena dela-eta Mexiko DFko Franz Mayer Museoko klaustroan Andres de Urdaneta 1508-1568 izeneko erakusketak azken txanpa bizi du, etzi itxiko baititu ateak, irailaren 17tik zabalik egon ostean. Erakusketak Urdanetak bere bizitzan zehar egin zituen bidaiak agertzen ditu. Bere bidaia famatuenak --'Itzulbidea' (gazteleraz Tornaviaje) edo Ozeano Pazifikoko bidaia, 1565ean Asia eta Amerikako kostaldeak lotu zituena-- Manila eta Acapulco arteko harremana ahalbidetu eta 360 urteko komertzio bidea zabaldu zuen. Bidaia honetaz gain, bere bizitzan zehar egin zituen beste bidaiak Europa, Asia eta Amerikako harreman komertzialen oinarri izan ziren, hiru kontinenteen arteko komunikazioa posible eginez.

Franz Mayer Museoan dagoen erakusketak Urdanetak bizi izan zuen testuinguru historikoa azaltzen du: garaiko itsas potentzien arteko liskarrak, Asiara gerturatzeko ahaleginak eta Espainia Berriaren papera aro horretan. Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkariaren esanetan, 'Andres Urdanetak izan zuen garrantzia ez dago oso zabaldua eta gisa honetako erakusketek pertsonaia ezagutzen laguntzen dute'.

Franz Mayer Museoan beste ekimen batzuk ere burutu dira erakusketak iraun duen bitartean. Nazioarteko elkarretaratze bat egon da eta Japonia, Espainia eta Filipinetako historialariak hartu dute parte, mexikar eta euskaldunez gain, 'Urdaneta Novohispano: mundu hispaniarraren barneraketa Asian' izenpean. Esan bezala, erakusketa ikusteko azkeneko hiru egunak baino ez dira gelditzen.

Informazio gehiago:

Franz Mayer museoa
Andres Urdaneta, itsas gizona

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia