euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andrea Moch artista, kulturzale eta feministaz liburua aurkeztuko du Angeles de Martinak Buenos Airesen

2011/04/14

Angeles de Dios Altunak Andrea Moch-ez idatzitako liburuaren azala. Datorren asteko larunbatean aurkeztuko da Buenos Airesko Liburu Azokan.
Angeles de Dios Altunak Andrea Moch-ez idatzitako liburuaren azala. Datorren asteko larunbatean aurkeztuko da Buenos Airesko Liburu Azokan.

PUBLIZITATEA

Duela ehun bat urte Argentinan aritu zen Andrea Moch artista, kultura eragile eta feministaz idatzi duen liburua aurkeztuko du datorren asteko larunbatean, Buenos Airesko Liburu Azokaren baitan, Angeles de Martina euskal jatorriko idazle eta ikertzaileak. 'Andrea Moch, andanzas de una artista' du izena liburuak. Moch paristarra zen jatorriz eta 1908an etorri zen Argentinara. Oso aktiboa izan zen kultura eta gizarte mailako mugimenduetan eta euskaldun batekin, Jose Rufo de Uriarte, 'La Baskonia' aldizkari euskaltzaleko fundatzaileetakoarekin maitemindu zen. Baita Euskal Herriarekin ere. Bere engaiamenduen lekukotasuna ematen du bere biziak, euskara eta euskaldunekin zein ezkerrarekin eta feminismoarekin.

Buenos Aires, Argentina. Angeles de Martina edo, beste batzuetan sinatzen duen legez Angeles de Dios Altuna-ren azken liburua da Andrea Moch, andanzas de una artista (Andrea Moch, artista baten ibilerak) izenburu duen hau. Liburua datorren asteko larunbatean, apirilaren 23an aurkeztu dute Buenos Airesko Liburu Azokaren baitan. Egilea, Angeles de Martina, ezaguna da Argentinako euskal gaiko ikertzaileen artean eta argitara emanak ditu dagoeneko zenbait lan Argentinako euskal zein bestelako jatorritako jendeen bizitza eta ekarpenak zein oro har kultura arloko gaiak ikertu eta papereratuz.

Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kide den egile honek Andrea Moch-en ekarpena dakarkigu oraingoan. Ez zen sortzez argentinarra, jatorri paristarreko europarra baizik, eta 1908an sartu zen Argentinara, herrialdearen Mendeurreneko kultur ospakizunetan lan egiteko. Gelditu egin zen, ordea, euskaldun batez maiteminduta, nonbait, 'La Baskonia´euskal argentinar aldizkari garrantzitsuko fundatzaileetakoa izan zen Jose Rufo de Uriartez maiteminduta hain zuzen.

Margolaria, zizelkaria eta idazlea zen, eta argentinar sozialismoa eta feminismoa hartu zituen borroka-zelai. Frantsesaz gain, gaztelania eta euskara ere mintzatzen omen zituen, azken hau Kantauri itsasoaren lurretan baserriak margotzen eta bertako bizimodua islatzen emandako boladen ondorio.

Liburuaren kontrazaletik ateratzen dugu unibertsitate-esparrutik heldua zela; familia eta Europako goi-mailako erakundetan lortutako hezkuntza eta hazkuntzaren jabe zen. Pariseko margolari eta zizelkari prestigiotsuak izan zituen maisu, arteak jorratzen zituzten pertsonen zirkuluetan zebilen eta erakusketak egin zituen, museoak bisitatu eta erreseinak eman zituen argitara, kultura unibertsalaz zein euskal kulturaz, Espainia eta Frantziako egunkaritan.

Argentinan, garai hartako kazetaritzarekin harremandu zen, tartean La Prensa eta La Nación egunkariekin, horietako zuzendarientzat aurkezpen gutunak ekarri baitzituen Europatik. Abangoardiako emakumea, argentinaratu bezain laster buruzagi sozialistekin harremandu zen eta sozialismoarekin batera engaiamendu handia izan zuen mugimendu feministan, baita Union y Labor eta Nuestra Causa aldizkarietako kronikari bezala.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia