euskal diaspora eta kultura
2013/04/25
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Euskal Herritik kanpo bizi izan da urte askoan Arantxa Ugartetxea pedagogo donostiarra: tartean, 80. hamarkada Brasilen igaro zuen, eta azken bi urteak Txilen egin ditu, hango komunitate behartsuetan alfabetatze lana egiten. Bi urte horietan, egunari orduak kenduz, apurka apurka, idatzi du "Andrea" eleberria, munduan zehar bizi izan dituen esperientzietan oinarritua. Liburuan itzal handia dute Arantxak Brasilen ezagutu zituen pilotariek eta haien istorio zirraragarriek.
"Sao Paulon ezagutu nituen Club Atletico Paulistano elkarteko pilotariak. Frontoi bat dute Sao Paulon eta bertan jokatzen dute, zesta puntan, batez ere. Pilotarekin txoratuta daude", azaldu dio Arantxak EuskalKultura.com-i. "Zesta puntaren ikusgarritasuna maite dute, pilotak pareta edo otarra jotzen duenean egiten duen hotsa". Ugartetxearen esanetan pilotaren lehian ez dago jokalarien arteko agresibitaterik; aldiz, abilezia kontua da, eta hori ere maite dute brasildar zaleek.
Pilotariak Txinara
Pilotari euskaldun asko munduan zehar ibili diren abenturazaleak izan direla dio Arantxak eta, hortaz, istorio harrigarri asko dituztela kontatzeko. "Esaterako, Brasilen diktadura garaian pilota debekatu egin zuten, apustuak egiten zirelako, eta pilotari asko Txinara joan ziren. Brasilen izan nintzenean pilotari haien alabak ezagutu nituen eta haiek sekulako istorioak kontatu zizkidaten. "Mila eta bat gau" ipuinetatik aterakoak ziruditen argazkiak erakutsi zizkidaten".
Club Paulistanoko presidente Alfredo Correiak abentura horiek guztiak eleberri batean jarri behar zirela esan zion inoiz Arantxari, eta harek, azkenean, Txilen lortu zuen lana burutzea. Liburua gazteleraz idatzi duela esan digu Ugartetxeak, Diasporan, "euskaraz egiten ez dutenek ere irakur ahal izan dezaten".
Bere ustetan pilota Euskal Herriko mugak gainditu dituen euskal ondarea da, kultura desberdinetako jendea erakartzea lortzen duena. "Frontoiak ez du mugarik, ez da leku itxia, aterik ez du ta edonor sar daiteke", amaitu du.
Liburua erosteko, jo hona.
-Sao Pauloko pilotariei buruzko artikulu bat, Arantxa Ugartetxeak idatzia eta EuskoNews-en argitaratu zena, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus