Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires hiriko nerabe bat da Sol, eta egunkari intimo bat aurkitzen du bere etxeko trastelekuan. Gerraoste hasieran Argentinara iritsi zen bere euskal birramonarena da, gauza gutxi daki haretaz... "Lo que cabe en una valija" (Maleta batean sartzen dena) liburuaz ari gara, Andrea Braverman idazle argentinarrak idatzia. Joan den ostiralean, maiatzaren 31an, Buenos Airesko Euskaltzaleak elkartean aurkeztu zen, areto betean. Quipu argitaletxearen izenean, Vik Arrieta aritu zen, Euskaltzaleak-en partetik, Sabrina Otegui irakaslea. Lanari buruzko trukea egin ostean entzuleen galderei bide eman zieten. Istorioak, kantua eta emozioa falta izan ez ziren topaketa.
Jon Luko laguna gogoan
Ekitaldia Jon Luko lagun euskaltzale zendu berriari eginiko omenaldi labur eta sentitu batekin hasi zen. Euskaltzaleak-eko lehendakari Anabel Jaureguiberryk "Tribuaren hitzik zaharrenak ematen dizkizut" irakurri zuen, Jonek berak, Euskaltzaleak-eko kide hain maitatua zenak idatzitako olerkia. Renzo Bustosek Agurra dantzatuz ohoratu zuen, Euskaltzaleak elkarteko abesbatzako zuzendari Ana Etcheparek kantaturik. Jardueraren amaieran, xiberotar kantutegiko "Lo hadi aingüria" ere abestuko zuen.
“Tribuaren hitzik zaharrenak ematen dizkizut” Jon Lukoren olerkiaren irakurketa
Sabrina Oteguik, idazle eta gidoilari den Andrea Bravermanen curriculumaren aipu laburra egin zuen, jendaurretzen ari ziren nobelaren argumentua ere komentatuz, eta ondotik egileak liburuaren lehen pasarte bat irakurri zuen, Engracia birramonak 1939ko abuztuan Bilbon idatzitako egunkari intimoaren hasiera. Iraganeko birramona honekin elkartzeak Solen oraina argitu eta familiako gatazkak konpontzen lagunduko du. "Emozioak kontatu nahi nituen, ez gertaerak. Egunkariak Engraciak esan ezin duena esaten du", azaldu zion idazleak bere esanak interes biziz segitu zituen publikoari.
Liburu gomendagarria
Egileak dioenez, immigrazio istorio bat lantzea zuen buruan. Engraziaren pertsonaia eraikitzeko, egileak testigantza ugari erabili zituen. Liburuak kontatzen dituen istorioren gorabeherak ez zaizkie guztiz arrotzak gertatzen Quipu argitaletxekoei, eta oso harrera ona egin zioten proiektuari. Emaitza, kontakizun freskoa, arin irakurtzekoa, geure istorioan murgiltzera gonbidatzen gaituena. Zenbait ale dedikatu eta sinatu ondoren, egileak eta Quipuko ordezkariek pintxoak eta abestiak partekatu zituzten, euskal etxe buenosairestarrean bizitutako beste gau suspergarri eta indarremaile batean.