euskal diaspora eta kultura
2010/12/20
PUBLIZITATEA
Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. Patxi Lopez Lehendakariaren oso hurbileko kolaboratzailea da Andoni Unzalu. Bere Euskal kulturaren aldeko lana eta engaiamendua ez da azken urteotan sortu. Izan ere bera izan zen “Argentinan Euskaraz”en ardura hartu zuena duela hogei urte eta nahiz eta orain proiektu horretatik urrun egon, oroipen onak baino ez ditu garai hartaz. Aurten Bai Fundazioko presidentea izanik, berak ezarri zituen Argentinan euskara irakasleak trebatzeko programaren oinarriak. Euskalkultura.com-ekin izandako elkarrizketa honetan, aurrekaririk izan ez zuen proiektuaren hasierari buruz hitz egiten dugu.
- Nola eta nori bururatu zitzaion proiektuarekin hastea? Zergatik?
Eusko Jaurlaritzarena izan zen erabakia, zehatzago Kultura Sailarena, Joseba Arregi sailburu zela. Jaurlaritzaren lehenengo urteetan nahiko baztertuak zeuden kanpoko euskaldunak, eta euskal etxeekin harremanak sendotzen ziren neurrian argiago zegoen zerbait egin behar zela. Gainera euskal etxeek eurak ere eskaria egin zuten laguntza emateko euskararen arloan.
- Nola eta zergatik deitu zizuten zuri?
Iruditzen zait, orduko urteetan, ez zegoela jende asko horrelako egitasmoak martxan jartzeko prest. Oso urrutiko kontu bezala ikusten zen eta erakunde publikoei burutik pasatu ere ez zitzaien egin eurak zuzenean proiektua gauzatzea. Ni, orduan, Aurten Bai Fundazioko presidentea nintzen eta Joseba Arregi sailburuaren laguna, gaur naizen bezalaxe, eta eskaintza hori egin zidan.
- Nolakoa zen euskararen egoera Argentinan proiektua hasi aurretik?
Agian denborak oroitzapenak aldatu egiten ditu, baina nik gogoratzen dudana zera da: adineko zenbaitzuk zekiten euskaraz baina gazteetatik ez zegoen inor euskaldunik, baina, aldiz, ikasteko gogoa oso bizia aurkitu nuen gazteengan.
- Zergatik onartu zenuen erronka?
Gauza berria iruditu zitzaidan eta oso interesgarria. Inoiz ez nuen horrelako egitasmorik martxan jarri. Ez nuen inolako zalantzarik izan eskaintza egin zidatenean. Gero, Fundazioko irakasleek ere oso gustura hartu zuten lana. Ezer gutxi nekien orduan Argentinari buruz, zer esanik ez Macachinen izena ere ez nuela ezagutzen. Lehen aldiz joan nintzenean, Bahia Blancan autoa alokatu, mapa bat erosi eta horrela heldu nintzen barnetegia zegoen hotelera. Orduan ikasi nuen askotan entzuna nuen “Pampa” hori zer zen. Ez zait inoiz damutu baietz esana, eta hau leku egokia da eman zidaten aukeragatik eskerrona agertzeko.
- Antolakuntza: programak, barnetegiak, irakasleak, ikasleen inskripzioa, nor arduratu zen?
Aurten Bai Fundazioko irakasleak eta Argentinako euskal etxeak. Ezin dut behar bezala eskertu Argentinan aurkitu genuen laguntza: pertsonen aldetik eta euskal etxeetako arduradunenetik. Ez dut inoiz aurkitu han aurkitu nuen ilusioa, lan gogoa eta ikasi nahia. Benetan miresgarria iruditu zitzaidan Argentinarren jarrera, gazteena batez ere.
- Nola izan zen euskal etxeen erantzuna? Zenbat ikasle hasi ziren 1990. urtean?
Lehenago esan dut, baina azpimarratu nahi nuke: mundu berezia aurkitu nuen, askotan Euskadin bertan aurkitzen ez genuena. Egoera oso larrian zegoen orduan Argentina. Hala ere, han zegoen ikasmina, ikasleek egiten zuten ahalegina, benetan miresgarria izan zen. Antolatu zen lehen ekintza Macachineko barnetegia izan zen: bi irakasle joan ziren: Gurutze Arrieta eta Miren Josu Uriarte. Ez zait erraz ahaztuko barnetegi hura. Hogei bat ikasle izan ziren lehenak. Geroago bostehun bat izan ziren Argentina guztian.
- Zergatik Macachinen?
Lekua ez nuen nik aukeratu. Euskal etxeekin egindako antolaketa izan zen. Dena dela, oso zaila izango zen, orduan, halako azpiegitura zuen leku aproposago bat aurkitzea Argentinan. Ez da ahaztu behar, gainera, Macachineko jendeak eman zuen laguntza. Gero, udaldian, ikasleak Euskadira ekartzen hasi ginen; lehen urtean Lazkaora, gero Zornotzako barnetegira, HABEk ardura zuzenean hartu zuen arte.
- Bazegoen horrelako aurrekaririk, ereduren bat jarraitzeko? Euskal Herritik kanpo, alegia.
Ez nuen nik bat ere ezagutzen. Lehen aldia zen. Hurrengo urtean Boisen antolatu nituen, han ere Jaurlaritzaren eskutik eta Aurten Bai Fundazioarekin. Bietan bertako euskal etxeen laguntza izan zen oinarririk sendoena. Ez genuen inolako arazorik izan eskerrona eta laguntza besterik ez. Beste urte bat geroago Polonian, Poznanen, gauzatu nuen beste egitasmo bat, Unibertsitatean hemen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.
- Noiz eta zergatik utzi zuen proiektua Aurten bai Fundazioak?
Arrazoi desberdinak egon ziren; batetik, behin martxan jarri ondoren eta emaitza hain onak egiaztatu ostean, HABEk berak hartu zuen zuzenean ardura hori. Normala ere bada esperientzia pilotua txekeatu ondoren administrazioak berak hartzea ardura. Egia da, baita ere, ordurako Eusko Jaurlaritzan aldaketak izan zirela Kultura Sailean, eta gainera, desberdintasun politikoak agertu nituela Eusko Jaurlaritzaren politikarekiko. Dena den, Eusko Jaurlaritzak HABEk hartuko zuela ardura esan zidatenean, onartu nuen eta Aurten Bai Fundazioak lankidetza eskaini du beti, HABEk egoki ikusi duen gauza guztietarako. Aldiz, Poloniako proiektua uzteko eskatu zidatenean Bizkaiko Diputaziotik, desberdintasun politikoak izan ziren arrazoi bakarrak.
Gobernu berriarekin, laster, Etxepare Institutua arduratuko da aurrerantzean Euskaditik kanpoko euskararen sustapenaz.
Amaitzeko esan nahi nuke, gaur Lehendakari berriaren Idazkari Nagusia naizela eta prest egongo naizela beti, ahal dudan neurrian, Argentinako euskarazko ikasleei laguntza emateko.
Lotura interesgarriak
Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net/euskaldunak
Aurten Bai Fundazioa
www.aurtenbai.com
HABE erakundea
www.habe.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus