euskal diaspora eta kultura
2013/11/04
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Euskadi Buru Batzarrak ohar batez aditzera eman duenez, Ortuzarrek bihar asteartea, azaroaren 5ean, hasiko du bidaia, eta hasi ere Venezuelan. Iritsi eta berehala Caracasen EAJ-PNVren Venezuela Buru Batzarreko ordezkariekin elkartuko da. Biharamunean, asteazkena, Andrés Bello Unibertsitate Katolikoko erretore ohi Luis Ugalde aitarekin batzartuko da. Jannah Arendt Saria jaso berria du Bergaran jaiotako jesuitak. Iluntzean Caracaseko Eusko Etxean komunitate euskal-venezuelarrarekin elkartuko da eta afari-hitzaldi batean hartuko du parte, “Euzkadiko oraingo Egoera eta Venezuelako Diasporarekin duen harremana, kezkak eta proposamenak“ izenburupean. Bertako zenbait politikarirekin ere bilduko da EBBko presidentea Venezuelan egingo duen bisitan. Egun horretan, arratsaldean Argentinarako bidea hartuko du.
Ostiralean, azaroaren 8an, Villa Mariara iritsiko da, Córdoba probintziako hiri honetan Argentinako Euskal Astea egingo baita aste honetan zehar, ostiraletik igandera bitartean bereziki. Aurten, Latinoamerikako Euskal Gizataldeen Lehenengo Eskualde Kongresua ere egingo da bertan, Ortuzar bera partaide. Argentinan ere, bilkura politikoak izango ditu azaroaren 11an Buenos Aires hirirako bidea hartu baino lehen. Argentinako hiriburuan, EAJ-PNVren Argentina Buru Batzarrarekin bilduko da, Emakume Abertzale Batzako euskal-argentinar militanteei egingo zaien omenaldian parte hartuko du eta Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean eskainiko den hitzaldian izango da. Ortuzarrek hainbat batzar egingo ditu Argentina eta Uruguai-ko alderdien ordezkariekin eta ekonomia munduko eragileekin.
Azaroaren 14an, azkenik, Txilera iritsiko da, Hego Ameriketarako bidaia honen azken zatian. Santiagon Txile Buru Batzarrarekin bilduko da hiriko Euzko Etxean. Ostiralez, Emprebask (Euskal Jatorriko Txileko Enpresarien Elkartea) taldeko buruzagiekin elkartuko da eta Txileko hauteskunde presidentzialen kanpaina amaierako ekitaldietan izango da, eta hainbat bilera izango ditu Errepublikako Senaturako eta Txileko Diputatuen Ganberarako aurkezten diren euskal- txiletar hautagaiekin. Azaroaren 16an, larunbata, hauteskunde aurreko jardunaldia biziko du Txileko Alderdi Demokrata Kristauko (PDC) ordezkariekin. Demokristau txiletarrak Gehiengo Berria koalizio barruan (lehenagoko Kontzertazioaren ondorengoa) aurkezten dira hauteskundeetara.
PDC alderdiak Michelle Bachelet sostengatzen du presidenterako hautagai eta orain arte egindako iritzi-azterketek lehen hautespen aldiko garaipena ematen diote. Igandean, azaroak 17, hauteskunde eguna izango da eta EBBko presidenteak hainbat hautesleku bisitatuko ditu eta azkenean boto zenbaketa prozesua jarraituko du PDCren egoitzan eta Bacheleten Hauteskunde Komandoan. Astelehenean, azaroaren 18an, Ortuzarrek Euskadirako bidea hartuko du eta azaroaren 19ko lehen orduan itzuliko da etxera, amaitzen da jeltzaleek helarazi diguten oharra.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus