euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andeen magaleko San Juango Eusko Etxeak haritz bat landatu du hirian Gernikako Arbolaren omenean

2013/06/04

San Juango Espainia Plazan landatu zen haritza, Gernikako Arbolaren omenean. Juan Antonio Garcia Espainiako kontsulordeak, Luis Meglioli Udaleko Kultur Idazkariak eta Ofelia Larrea etxeko lehendakariak izan zuten plaka desestaltzeko ohorea
San Juango Espainia Plazan landatu zen haritza, Gernikako Arbolaren omenean. Juan Antonio Garcia Espainiako kontsulordeak, Luis Meglioli Udaleko Kultur Idazkariak eta Ofelia Larrea etxeko lehendakariak izan zuten plaka desestaltzeko ohorea

PUBLIZITATEA

Haritz bat landatu dute San Juango Eusko Etxea-ko lagunek hiriko Espainia Plazan, Juan Antonio Garcia Espainiako kontsulordea eta Luis Meglioli Udaleko Kultur idazkaria lagun. Ekitaldi berean ohorezko plaka bat desestali eta Iparragirreren bertso ospetsuak aipatu ziren. Berri honekin batera, ekainaren 14an Marita Echaveren bisita jasoko dutela jakinarazi digute Eusko Etxea-tik. San Juango egonaldian “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” liburua aurkeztuko du sukaldari cordobatarrak, hiriko Oroimenaren Museoan.

San Juan, Argentina. Gernikako Arbolaren omenean, haritz bat landatu dute San Juango euskal gizataldeko ordezkariek bertako Espainia Plazan. Proiektua aspaldikoa zuten eta azkenik Maiatzeko Astean burutu dute --Argentinan aberri eguna den Maiatzaren 25aren inguruan--, herrialde honetan hain garrantzitsua den efemeride hau ere gogora ekarriz.

Landatze zeremonian zuhaitza ezartzeaz gain, ohorezko plaka bat desestali zen arbola gaztearen ondoko harresian. Plakan, Eusko Etxearen izena eta “Gernikako Arbola” ereserkiaren lerro batzuk irakur daitezke. Honekin lotuta, Iparragirreren bertsoei eta Gernikako Bonbardaketari buruzko hitz batzuk zuzendu zizkieten bildutakoei Paulo Landa EEko lehendakariordeak eta Ofelia Larrea lehendakariak.

San Juango haritza 2013 01

[Etxeko agintari eta lagunak, hiriko erakundeetako ordezkariak eta banderadunak -Diego eta Jorge Landa- maiatzaren 24an burututako zeremonian (argazkiaEE)]

Behin arbola landatuta, Alberto Larrea gernikarrak azaldu zuen hau ez dela San Juan probintzian euskaldunek landatutakon lehenengo haritza. “Juan Larrea nire osabak 1953.ean Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuen Carpinteria herrian, San Juan hiriburu hegoaldean. Urte batzuk geroago pasatu nintzen handik eta ez nuen ikusi, jadanik ez zegoen”, jakinari zuen euskal etxeko kideak.

Euskal eta baserrietako sukaldaritza, San Juanen

Sukaldaritza edo gastronomia ekitaldirik gabeko programak gutxi dira euskal etxeen munduan. San Juangoak ez dio eredu honi ihes egiten eta datorren larunbaterako, ekainaren 8rako, ‘Aberri Lokroa’ bazkaria antolatu du. Elkarretaratzean, Juan Vizcaino tango abeslariak bere azken diskoa aurkeztuko du eta etxekoek lokroa (argentinar janari tipikoa) eskainiko diete gonbidatuei.

Ekainaren 14an, berriz, Marita Echaveren bisita jasoko dute sanjuandarrek. Eusko Etxeak deiturik, bere “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” liburua aurkeztuko du Echavek hiriko Oroimenaren Museoko liburutegian eta kari horretara, euskal etxeko kideek esker beroak eskaini nahi dizkiote Luis Meglioli Kultur Idazkariari lekua uztegatik. Hitzordua arratsaldeko 5etan izango da.

‘Sukaldetik’ atera barik, klase bat emango du biharamunean Echavek euskal etxeak antolatutako ekitaldi berri batean. Cordobako sukaldariak bere liburuaren errezeta batzuk egiten irakatsiko die etxeko kide eta lagunei.

Zorion-agurra

Bukatzeko, Eusko Etxetik esan digute EuskalKultura.com-ek eskaintzen dien aukera hau baliatu nahi dutela euskal etxeko kide bat zoriontzeko, Enzo Landa lagun eta bazkidea,‘Verbo Encarnado’ delako kongregazio katolikoko nobizio bihurtu delako pasa den maiatzaren 18an. Hitza hitz, eta eskatu bezala islatzen dugu.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia