euskal diaspora eta kultura
2011/03/24
PUBLIZITATEA
Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeak Korrika lehen aldiz alemaniar hiriburura ekarriko du datorren apirilaren 9an, Brandenburgoko Ate ezagunetik aterako den lasterketa herrikoi bat eginez. Alta, Alemanian inor gutxik daki Korrika euskararen aldeko lasterketa dela eta bi urtetan behin Euskal Herria alderik alde zeharkatzen duela. Hori dela eta, iragan martxoaren 5ean Euskal Etxeak Korrikaren aurkezpen jaia egin zuen Berlingo Bethanien auzoan.
200 lagundik gora bildu ziren ekitaldira, Euskal Etxeak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez. Hasteko, afari legea egin zuten partehartzaileek eta ondoren, alemaniarrei Euskal Herriaren berri emateko asmoz, bideo emanaldiak izan ziren afalondoan. Lehena Korrika zer den adierazten duen bideoa izan zen eta ondoren Asier Altunak zuzendutako 'Bertsolari' lanaren aurrerapena izan zen ikusgai. Bideoak 2009ko txapelketa nagusiko finala du oinarri eta bertan bertsolaritzaren fenomenoa aztertzen da.
Maialen Lujanbio hizlari
Eta bertsolaritzari buruz hitzegiteko, nor hobe 2009ko txapelketa hartako txapelduna bera baino: Maialen Lujanbio hernaniarra. Txapelketa irabazi duen lehen emakumea da Lujanbio, eta berak azaldu zuenez, "15.000 lagun batzen ditu Bertsozale Elkarteak txapelketan, baina ez bertsolari onena zein den ikusteko, euskarari eta euskal kulturari bultzada emateko baizik". Bildutakoek jakinminez jarraitu zuten hitzaldia.
[Maialen Lujanbiok bertsolaritzari buruzko hitzaldia eman zuen. Irudian, Lujanbio Berlingo Euskal Etxeko presidentearekin, Ainhoa Añorga Osarekin (argazkia BerlinEE)]
Hitzaldien ostean giroa pil-pilean zegoen Bethanienen, Anariren kontzertuaren zain. "Batzuk ezagutzen dutenaz gozatzen, besteak kultura eta herri berri bat ezagutu gosez. Euskaldunak, alemaniarrak, kataluniarrak, italiarrak, turkiarrak, espainiarrak, britaniarrak eta nork daki nondarrak kontzertu handiaren zain", azaltzen du Euskal Etxeko Ainhoa Añorgak. Hamaikak aldera hasi zen Anari kantari azkoitiarraren kontzertua. "Goxoa, hunkigarria", euskal etxeko kideek azaldu digutenez.
[Anari kantariak kontzertua eman zuen 200 bat lagunen aurrean Berlingo Bethanienen (argazkia BerlinEE)]
Kontzertuaren ondoren Lucha Amada DJ-kolektiboak jarraitu zuen festaren gidari, eguna argitu arte.
Jarraian, Anariren kontzertuaren bideo bat:
Antolatzaileak oso pozik agertu dira festak izan zuen arrakastarekin. "Euskal Etxea sortu denetik antolatzen den bigarren deialdi handia da, eta jendeak oso ondo erantzun du. Berlingo euskal komunitateak ezezik beste berlindarrek ere gustura hartzen dituzte euskal ekintzak, eta hori poztekoa da. Indartsu eta gogotsu dago Euskal Etxea, Korrikari ongi-etorri beroa egiteko irrikaz!", bukatu dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus