euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anaiki koral paristarrak 20 urte bete ditu eta hilean zehar emango duen kontzertu sortarekin ospatuko du

2007/12/01

Anaikiko kideak Iruñeko San Saturnino elizan abesten San Fermin jaietan, Jean-Marie Guezalaren zuzendaritzapean (argazkia Anaiki-Iparla)
Anaikiko kideak Iruñeko San Saturnino elizan abesten San Fermin jaietan, Jean-Marie Guezalaren zuzendaritzapean (argazkia Anaiki-Iparla)

PUBLIZITATEA

Anaiki, Pariseko gizonezkoen euskal abesbatza, 20 urte betetzen ari da eta ospatzeko kontzertu sorta berezia antolatu du. Emanaldiotan euren ibilbidean lankide izan dituzten hiru koralen babesa izango dute anaikikideek: Donostiako Easo, San Petersburgoko St, Alexandre Nevsky Monastegiko korua eta Korsikako Voce Isulane. Urteurrenaren itxiera kontzertua Donibane Lohizunen izango da, abenduaren 22an, Polentzi Guezala txistulari ezaguna partaide.
Anaiki koral paristarra 20 urte betetzen ari da egunotan musikaren munduan, bere kantarien esanetan 'abentura aparta' izan diren bi hamarkada. Korua 1987an sortu zen, orduan Pariseko euskaldunen omonier edo kapelaua zen aita Jean Eliçagaray baxenabartarraren proposamenez. Bere ustetan beharrezkoa zen kantari talde bat Eskual Etxearen egoitza poxteko. Eliçagaray Estatu Batuetako euskaldunen omonierra izango zen geroago, hiru urtez. 1989an Jean-Marie Guezalak hartu zuen taldearen gidaritza. Gaur egun ere zuzendari segitzen duen Guezalak igo zuen Anaiki geroztik ezaugarri izan duen maila musikalera.

Urteurren biribil hau behar bezala ospatzeko, Anaikik kontzertu sorta antolatu du Parisen eta inguruko zenbait txoko esanguratsutan. Emanaldi hauetan Anaikik hogei urteko ibilbide honetan lagun izan dituen hiru koruen laguntasuna izango du: Donostiako Easo, San Petersburgoko San Alexandre Nevsky Monastegiko korua eta Korsikako Voce Isulane.

Kantu euskaldun eta errusiarrak

Lehen emanaldia bihar bertan izango da, Senlisen, errusiar koruarekin batera. Asteartean, abenduaren 4ean, Anaikik Herblay-n izango da kontzertua, berriro ere San Petersburgoko korala lagun. Abenduaren 14ean, Saint-Germain-des-Prés auzoko elizan kantatuko dute, oraingo honetan bakarrik. 'Anaikiko 40 kantariek urteotan zehar bildutako errepertorioaren pieza selekzio bat erakusteko unea izango da, eta solistek protagonismo handia izango dute', azaldu dute koraleko iturriek.

Biharamunean, hilaren 15ean, koruak St. Louis en l'ile elizan eskainiko du kontzertua, Xalba Rallo zuzendari arituko den Easo Koruarekin batera eta St. Alexandre Nevsky-ko abesbatza ere lankide, Boris Satsenko zuzendari. Kontzertuak bi zati izango ditu: lehenengoan koru bakoitzak bere errepertorioko obra aukeratu batzuk kantatuko ditu eta azken zatian hiruek batera --ehun bat lagun-- hiru kanta egingo dituzte batera, Jean-Marie Guezalaren zuzendaritzapean.

Azken kontzertua, Euskal Herrian

Abenduaren 16ean, Anaiki St. Roch-eko elizan izango da, Easo Koruarekin eta Korsikako Voce Isulane abesbatzarekin. Emanaldiaren ostean jaia Pariseko Eskual Etxean jarraituko dute, entzule eta lagunekin batera, hor ere doaike umore ona eta kantu herrikoiak ezinbesteko lagun. Eta hilaren 20an kontzertu berri bat eskainiko dute Sèvres-en, San Alexandre Nevsky Monastegiko koruaren partaidetzaz.

Azken emanaldiak, ostera, Euskal Herrira eramango ditu anaikitarrak, urteurrena dagokion amaiera egokiaz bukatzeko. Hitzordua abenduaren 22an izango da, Donibane Lohizuneko elizan eta bertan Anaikik Easo Korua eta San Petersburgoko abesbatza izango ditu lagun eta baita ere, gonbidatu berezi bezala, Lezoko Txistulari banda, Polentzi Guezala txistulari ezaguna buru duelarik.


Lotura interesgarriak

Pariseko Anaiki gizon abesbatzaren webgunea
www.anaiki.com

Gabon euskal-errusiarra Parisen, Anaiki koruaren eskutik
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 14ean

Pariseko Anaiki koralak San Ferminetan kantatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia