Montevideo, Uruguai. Anael Bazterrica Uruguaiko antzerkigintzan ezaguna den aktorea da, 1987tik Montevideoko El Galpón Antzokian ari dena. Duela urtebete, bere euskal sustraiek Euskal Herrira bidaiatzera eraman zuten, bere familia nondik zetorren ezagutzera. Hunkitura itzuli zen, bereziki Gernikan Bakearen Museoa bisitatu ostean, eta gerrako haurren historia ezagutzean. Bizirik atera zirenen testigantzak entzutean bere arbasoen berbak zirela han hizketan ari zirenak sentitu zuen, kontatzen du artistak.
Itzuli zenean, gaia ikertzen hasi eta Sandra Masserarekin batera proiektu bat lantzen hasi zen. Lan horren emaitza da uztailaren hondarrean estreinatu den "Ainara de Gernika", El Galpóneko oholtza gainean irailaren 30eraino egongo dena, Bazterricak aktore dihardu eta dramaturgia eta zuzendaritza lana Masseraren esku dago. Beste zenbaiten artean, sortze prozesuan Leonat Egiazabal euskal-uruguaitarra ere partaide izan da, Montevideoko Aldaxka Kulturguneko kide eta historia irakaslea, euskara eta euskal kultura irakasle izana Universidad de la Repúblican.
Ainara de Gernika: "1937ko apirilaren 26ko arratsaldeko laurak eta hogeian Ainararen etxeak eztanda egin zuen. Astelehena zen, azoka eguna Gernikan"
Antzezlaneko protagonistak, Ainarak, Gernikako bonbardaketa pairatzen du 12 urte dituela, eta erbestea, milaka haur euskaldunek bezala. Uruguain bizitzen amaituko du, eta, antzezlanak uztartuko du herrialdearen historia berria, faxismo formak eta, batez ere, oroimenaren leiv motiv-a, oroimena mantentzearen garrantzia. "Bere etxea eta bere herriaren historia bisitatzen duen pertsonaia da Ainara", dio Bazterricak. XX. mendeko gertaerak birpentsatzeko aukera eskaintzen du antzezlanak.
Emanaldiak astebururo eskainiko dira irailaren 30eraino, larunbatetan 20:30etan eta igandetan 19etan, Montevideoko El Galpón Antzokiko Cero Aretoan. Sarrerak erosteko sakatu hemen.