euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ana Paula Segurolaren eskutik, abuztuan berrabiaraziko da Euskal Echea-ko Organo Kontzertu Zikloa

2012/07/19

Ana Paula Segurola organo-jotzailea
Ana Paula Segurola organo-jotzailea

PUBLIZITATEA

Argentinako neguko oporren ostean, abuztuaren 10ean hain zuzen, eta hainbat musikariren lana bilduz, berriro ere ekingo zaio Buenos Airesko Euskal Echea Institutuko Organo Kontzertuaren 2012ko zikloari. Proposamena Ana Paula Segurola organo-jotzailearen eskutik dator eta kari horretara, kontzertuetako errepertorioaz eta oro har euskal musika klasikoari buruz mintzatu gara kontzertista eta irakaslearekin. “Euskal Echea elkarteak eta hemengo Udako Euskal Unibertsitateak aurrera daramaten proiektu honek musika klasikoa eta bereziki organoarena zabaltzeko paregabeko aukera ematen digute eta hori oso baliagarria da” adierazi dio EuskalKultura.com-i jardunbide handiko musikari engaiatu honek.

Buenos Aires, Argentina. Nazioarteko ibilbide polita daraman artista da Ana Paula Segurola organo-jotzaile uruguaitarra. Uruguain bertan, Brasilen eta Frantzian egin zituen ikasketak irakasle ospetsuekin eta Amerikako eta Europako musika jaialdietan aurkeztu da azken urteotan errepertorio oparoak eskainiz. Proiektu askotan dabil baina proiektu hauek behar duen denbora uzten diote hiriburu argentinarreko Euskal Echea Elkarteko organo kontzertu zikloko zuzendari artistiko aritzeko. Nola hasi zen bere harremana euskal kolektibitatearekin galdegin diogu Ana Paula Segurolari.

“Euskal Echea Elkartera, eta Udako Euskal Unibertsitatera, Enrique Arambururi esker heldu nintzen. Musikazale amorratua da eta 2008an Buenos Aires hiriburuko San Jose kaperako organoaren berrestreinatze ekitaldian ezagutu genuen elkar. Ondoren, beste kontzertu batzuetan ere egin genuen topo eta, 2009an, Udako Euskal Unibertsitatearen amaierako errezitalean jotzera gonbidatu ninduen. Organoaren musikarekiko duen grinak bultzaturik eta euskal musika hedatzeko engaiamenduak gidatuta 2010ean Euskal Echean bertan organo kontzertu ziklo bat antolatzeko asmoa zuela komentatu zidan. Niri oso ideia ona iruditu zitzaidan eta proposamen bat aurkeztu eta Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak onartu zuen. Gaur zikloa errealitatea da eta 2011ko arrakastaren ostean, joan den apirilean hasi genuen 2012koa”.

Euskal Echea-ko zikloa

Gero eta harrera hobea du Euskal Echea Institutuko Organo Kontzertu Zikloak Buenos Airesko euskal gizataldearen baita eta baita komunitate osoan ere. Segurolaren esanetan, “Euskal Echearena espazio berria da eta musika klasikoa eta bereziki organorena zabaltzeko aukera paregabea. Oso baliagarria. Etorkizunari begira, erronka handia dugu gainera: Llavallolgo Euskal Echea-ko egoitzan dagoen Walcker organoa konpontzea”, diosku organo jotzaileak.

Euskal Echean hasitako ibilbide bide-urratzaile honek aukera sorta berria zabaldu dio musikari gazteari, euskal musikari dagokionez gehienbat. Halaber euskal institutuaren marka daramaten kontzertuok ez dira Euskal Herriarekin lotura duten obretara mugatzen. "Udako Euskal Unibertsitateko kontzertuan ez bezala, zikloan Euskal Herriko musika zabaltzeaz gain errepertorio unibertsal orokorreko lanak ere jotzen ditugu. Beraz, programetan XVIII.mendeko Oxinaga, Larrañaga edo Lombide bezalako euskal konpositoreak Scarlatti, Bach edota Händel egileekin batera agertzen dira; eta garai bereko Ameriketako autoreak ere biltzen ditugu. Gorriti edo Guridi bezalako musikariak Ingalaterrako edo Frantziako garai bereko musikariekin agertzen ditugu. Testuinguru horretan, Euskal Herriko piezak ezagutzeko eta ezagutarazteko espazio hautua bihurtu da zikloa". 

Euskal partitura bitxien aurkikuntza

"Ekaineko emanaldian, esaterako, jo genituen partitura guztiak artxibo amerikarretatik zetozen. Lan horien arten bazeuden batzuk Euskal Herriarekin oso harreman estua zeukatenak, euskal jatorrizko egile amerikarrenak zirelako –Guatemalako Jose Eulalio Samayoaren sonatak kasu– edo Euskal Herrian sortutako obrak izanik, ezagutzen ez ditugun arrazoiak medio, gure artera Ameriketako bildumetara heldu zirelako. Honen adibide bat Argentinako Liburutegi Nazionaleko altxorrean gordeta dagoen 'Zorzicoa' da. Errezitala antolatu genuen momentuan ez genekien norena zen, baina Gabriel Schebor-en ikerlanari esker egun esan dezakegu Peñafloridako Kondearena zela. Beste kasu bat Unis aux concerts (1882ko abesti eta aldaerak) lanarena da. Obra hau Notre-Dame de Betharram-eko J. A. Abbadie organistarena zen. Ezer gutxi dakigu pieza honi buruz. Enrique Godoy organogile eta musikagileak aurkitu zuen 2006an San Jose Eskolako kaperan, eta doaintzan eman zion Euskal Echeari, institutuak ezagutarazi eta eskuragai izan zezan. 2011ko abenduan bi kontzertutan jotzeko aukera izan nuen Euskal Echea Elkarteak eta Enrique Aramburuk emandako bultzadak eta entusiasmoak lagunduta. Emanaldiek Nazioko Kultur Idazkariaren babesa izan zuten".

Euskal musika Ameriketako musikari baten ikuspuntutik

Euskal Herriko musika beste ikuspuntu batetik entzun eta ikustera ekarri zuen Segurola Udako Euskal Unibertsitateko koordinatzailearekin topatu izanak. Eta hurbiltze eta gertuagotik ezagutze horrek hausnarketa bat baino gehiago eragin dizkio: "Nahiz eta txisturako moldaketa batzuk eta musika tradizionala jo, nire arloa musika akademikoa dela behar dut esan. Baina organoaren euskal errepertorioari dagokionez, ezaugarri batzuek  sakontzera gonbidatzen dute: XVIII. mendeko musikari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu Euskal Herriko musika eta Penintsula osokoa antzekoak direla melodia, armonia eta kalitateari dagokionez; baina hala ere Espainiatik kanpo, ezagunagoa da, konparazio, Antonio Soler apaizarena Jose Larrañaga apaizarena baino".

"Argi ikusten dut egile baten ospea eta bere musika mundu osoan ezagutarazteko posibilitatea askotan ez dagoela musika berarekin zuzenean harremanduta. Esan nahi dut eragin handia dutela musikatik kanpoko faktoreek. Beste alde batetik, XIX. mendeko musikan beste fenomeno bat ikus daiteke: musikaren eta musika hori jo behar zuten instrumentuen arteko lotura. Ez dut esan nahi aurretik ez zegoela eta lotura hori beti ez dagoenik, baina oso nabaria da Euskal Herrian organoetan jotzeko partiturek Espainiako organo barrokoetara egokitu behar izana, eta ezaugarri honek Europako garai bereko musikatik bereizi zuen estetika berri bat ekarri zuen. Askotan esan izan da Felipe Gorritiren lanean ikus daitekeela garapen hori eta horrek halaber organogileen eboluzio jakin bat ekarri zuela”.

Musikari euskaldunak eta euskal jatorriko musikari argentinarrak

“Argentinako musikarion artean, ezagunak dira Euskal Herriko artisten lanak baina oraindik lan handia dago egiteke. Euskal jatorriko konpositore argentinar bat aipatu behar badut, Juan Pedro Esnaola datorkit burura, pianojotzailea eta musikagilea, 1808an jaio eta 1878 hil zena. Organo errepertorioari dagokionez, euskal egile batzuk ospetsuak dira hemen, Jesus Guridi, esate baterako. Felipe Gorriti eta Hilarion Eslavaren lanak ere ezagutzen dira Argentinan, baita XVIII. mendeko autore batzuen partiturak ere. Baina lehen esan dudan bezala, ikertu behar da euskal musika hobeto ezagutu eta zabaldu ahal izateko. Euskal Echea erakundean hasitako proiektu honekin horren aldeko gure harri-koskorra jartzen ari gara. Ororen buru, oso interesagarriak egiten zaizkigu arlo honetan hemen zein Euskal Herrian egiten diren ikerlanak”.

Ana Paula Segurola organo-jotzaile, klabezinista eta fortepianista da. Uruguain jaio zen, Soriano herrian. Kontzertista eta irakaslea, Segurola Uruguaiko Universidad de la Republica-n ikasi zuen Arte fakultatean. Brasilgo Campinas Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak eta Mercedes Olivera Fundazioko, Uruguaiko Musika Kultur Guneko eta Frantziako Villecrozeko Musika Akademiako bekadun ohia da. Besteak beste, Domenico Zipoli-ren 'San Ignacio”'eta Francesca Caccini-ren 'La liberazione de Ruggero dall'isola d'Alcina' opereta barrokoetan hartu zuen parte eta 2010 eta 2012an Suitzan, Alemanian, Ingalaterran eta Finlandian aurkeztu zen, Argentinako kantzelaritzaren babesarekin. Orain hurrengo, Abuztuaren 10ean, Sarandi kaleko Euskal Echea-ko kaperan joko du, Buenos Airesko Lagun Onak abesbatza, Jose Maria Gutierrez txistularia eta Jose Luis Bella organo-jotzailearekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia