euskal diaspora eta kultura
2012/03/07
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Ana Olazabal donostiarra elkarrizketatu du Maialen Goñi kazetariak Gaztezulo aldizkarian, otsailearen hondarrean Madrilen eskuratu zuen Espainiako Diseinatzaile Gazte Onenari saria dela eta. Jarraian elkarrizketa horren pasarte batzuk ekartzen ditugu geurera (elkarrizketa osoa Gaztezulon, hemen).
-Estatuko diseinatzaile gazterik hoberena zara uneotan, 22 urtetxorekin. Nola sentitzen zara?
Egia esan, ustekabekoa izan da! Lehenik eta behin, ez nuen Bilbon irabaztea espero —bertan hautatu zuten Madrilera joateko—; handik Madrileko lehiaketara joan nintzen, parte hartzeko intentzioarekin, besterik gabe… eta han ere irabaztea ikaragarrizko sorpresa izan zen. Dagoeneko egun batzuk pasa dira, eta pixkanaka sinesten hasi naiz.Paris eta New York ziren zure ametsetako bi, eta bat behintzat, betetzeko zorian da! Gezurra dirudi baina hala da! —barre egiten du—. Madrilen lortutakoarekin irailean Pret a Porter feria batera joateko aukera eman didate, eta oso pozik nago.
-'Release' izan da zuk aurkeztutako bilduma. Nola definituko zenuke bi hitzetan?
Petrolioak itsasoaren gainean duen mugimenduan oinarritutako bilduma da.
-Beraz, edozein lekutan bila daiteke inspirazioa…
Bai, hori oso argi dago! Momentu batzuetan gauza batzuek erakartzen zaituzte, eta horiek hartzen dituzu inspirazio iturri. Une hartan petrolioa hartu nuen, eta halaxe sortu da Release.
-Eta orain egiten ari zaren bilduma berrian, zein da inspirazio iturria?
Ofelia koadroa hartu dut oinarri. Oso irudi erromantikoa da, aurrekoaren ostean beste zerbait egiteko gogoa bainuen. Kolore gehiago sartuko ditut eta forma ezberdinak bilatu; hori bai, nire estiloa jarraituz!
-Zure estiloa jarraituz diozu… eta zein da zure estiloa?
Klasikoa eta abangoardia nahasten ditut. Puntu klasiko bat du, baina ere berean momentuko tendentziekin jokatzen dut. Nik uste dut oso erraza dela nire jantzi bat bereiztea, nire kutsua du.
-Beharbada aita bati seme-alabarik gustukoena zein den galdetzea bezalakoa da, baina bilduma honen baitan, ba al duzu jantzi gustukoenik?
Oso zaila da esaten, baina badago ibiltokiak ixteko beti erabiltzen dudan konjunto bat: lumadun gona grisa eta beroki beltza. Nik uste ikusgarriena delako erabiltzen dudala. Gainera, hori da petrolioaren ideia hoberen islatzen duena.
-Ni bezalako ezjakinentzat, nolakoa da bilduma oso bat sortzeko prozesua?
Ongi uler dezazun, azken proiektu hau nolakoa izan den azalduko dizut. Milanen egon nintzen Erasmus programaren baitan, eta handik itzulita milaka haserretu topatu nituen Madrilgo Puerta del Sol plazan. Oroitzen duzu, ezta? Ba nik horiekin bat egin nuen! —barrez—. Bertan irailaren 11ko Dorre Bikien aurkako erasoari buruzko erreportaje bat ikusi nuen, eta hortik abiatuta, munduko bidegabekeriei eta gerrei buruz informazioa bilatzen hasi nintzen. Irudi mordoa ikusi nituen, diseinatzaileek hori egin behar baitute ideiak lortzeko; haur gosetiak, gerrako irudiak, etab. Eta azkenik, guzti horren bitartez petroliora iritsi nintzen. Azken batean, gerra askoren atzean petrolioa bera dagoela uste dut. Beraz, horixe hartu nuen oinarrizko material moduan.
-Hurrengo urratsa, marrazten hastea.
Petrolioak itsasoaren gainean egiten dituen mugimenduak, dituen tonalitateak, horiek irudikatzeko erabili nitzakeen materialak, bolanteak, uhin formak… Horiek denak marrazten hasi nintzen, eta modeloen zirriborroak egiten.
-Eta horiek prest izandakoan, telen bila hasiko zinen?
Behin betiko zirriborroa egin behar da lehenago, eta baita diseinuaren fitxa teknikoa ere. Hau da, jantzia nondik irekiko den, mozketak non eta zergatik leku horretan egin behar zaizkien… Horrelako detaile guztiak fitxa teknikoan sartu behar dira. Eta orduan bai, materialak aukeratu.
-Dena prest, beraz, josten hasteko.
Oraindik ez! Patroiak egin behar izan nituen, eta horiek gorputzean nola geratzen ziren frogatu. Dena ongi zegoenean, behin betiko tela hartu eta patroiaren arabera moztu nuen.
-Josi aurreko ibilbidea luzea da, dudarik gabe.
Bai, bai. Release bildumaren kasuan nik josi nituen jantzi gehienak, nahiz eta momentu batzuetan laguntza behar izan nuen, denbora faltagatik.
-Baina prozesu osoa zure gain hartzen duzu, ezta?
Telak erosi, patroiak egin, jantziak josi… Guztia nire esku!
-Jendeak askok uste ez badu ere, lan handia da!
Argi dago ez dela lan erraza. Nik hiru hilabete pasa ditut egunean hiru ordu lo egiten, eta zazpi kilo argaldu ditut. Gau eta egun pasa dut, lagunekin ia atera gabe. Bilduman pentsatzen pasa zait denbora! Gainera, patroiak egitea eta jantziak jostea nahiko azkar egin dut; aldiz, askoz gehiago kostatzen zait diseinatzea. Oso gustuko dut, baina buruari etengabe bueltak ematen dizkiot: ze forma, ze tela…
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus