euskal diaspora eta kultura
2009/06/02
PUBLIZITATEA
New York, AEB. Ostegun honetan, ekainaren 4an, Ana eta Idoia Uribarri ahizpek ganbera musika emanaldia eskainiko dute New Yorkeko Carnegie Hall zentro ezagunean, hiri horretako espainiar kontsulatuak antolatu duen ekitaldi batean. Emanaldia Weill Recital Hall aretoan egingo dute, 20:00etatik aurrera. Euskal artistek honako lanek osatutako egitaraua eskainiko dute: Joaquin Turina-ren Sonata Española Op. 82, Igor Stravinsky-ren Suite Italienne, Manuel de Fallaren Suite Populaire Espagnole eta Manuel de Falla Maurice Ravel-en Sonate pour Violin et Piano.
Uribarri ahizpek haurtzarotik erakutsi zuten musika zaletasuna, nahiz eta euren familian horrelako tradiziorik ez egon. Gaztetandik ganbera musikan trebatzeari ekin zioten, eta ahizpak izanda egunero elkarrekin praktikatzeko eta ahalmena era naturalean garatzeko aukera izan zuten. Eskola urteetan eman zituen bikoteak lehen emanaldiak eta irakasleen babesarekin Euskal Herriko hainbat aretotan kontzertuak egin zituzten. 90. hamarkadaren hasieran ikasketak burutu zituzten Madrilen, bertako Musika Eskola Nagusian nota altuenak eskuratuz. Trebakuntza tarte honetan, gainera, orkestra desberdinekin ere emanaldiak egin zituzten, hala nola Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Juan Crisostomo Arriaga Orkestrarekin.
Musika lantegiak Palestinan
Bikoteak izan duen kolaborazio emankorrenetako bat Oleg Nikitine maixuarekin edukitakoa izan da. Berarekin batera Quinteto Talia taldea egin zuten eta honi esker ganbera musikaren munduko zirkuitu profesionalean sartzeko aukera izan zuten euskaldunek. Nikitine-ren heriotzarekin Quinteto Talia desegin zenean, bikoteak Ferenc Rados-en gidaritzapean jarraitu zuen eta nazioarteko emanaldiak eskaini zituen. Aldi berean bi ahizpek jarduera pedagogikoari ekin zioten eta bi musika eskolatan klaseak ematen hasi ziren.
Hezkuntzan eta aukera gutxi izan dituzten gizarteen garapenean interesa dute bi ahizpek eta hori dela eta ganbera musika giza garapenerako tresna egiten duen ekimena jarri zuten abian. Ekimen honen barruan Uribarritarrek gazteentzako musika lantegiak eman dituzte Palestinan eta Jordanian. Datozen hilabeteetan Asian eta Ekialde Hurbilean egingo dituzte emanaldiak.
Informazio gehiago Carnegie Hall-aren webgunean: www.carnegiehall.org.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus