euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ana Agirre Industria sailburua agintari eta euskal enpresariekin bildu da Mexikon egiten ari den bidaian

2007/03/15

Eusko Jaurlaritzako Ana Agirre Industria sailburuak Mexikoko bidaian egin duen ekitaldietako batean
Eusko Jaurlaritzako Ana Agirre Industria sailburuak Mexikoko bidaian egin duen ekitaldietako batean

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, Ana Agirre, bost eguneko bira egiten ari da Mexikon, herri honen eta Euskal Herriaren arteko harreman industrialak sakontzeko helburuarekin. Euskal enpresa askok interesak dituzte Mexikon eta horietako batzuk lantegiak ere jarri dituzte herrialde honetan. Bidaia honetan Agirre euskal enpresariekin eta Mexikoko Industria eta Energia arloko arduradunekin bildu da. Bihar sailburua San Luis de Potosín izango da, Fagor Industrial-en lantegi berria inauguratzeko.
Ana Agirre sailburua eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo saileko ordezkaritza bat Mexikon dira astearteaz geroztik. Bidaiaren helburua Mexikoko merkataritza eta industria agenteekin harremanak estutzea da. Izan ere, Mexiko herri oso inportantea da euskal industriarentzat eta euskal enpresek presentzia nabarmena dute herri honetan: 48 ezarketa komertzial eta 32 produkzio ezarketa. Mexiko merkatu gakoa da Euskal Herriarentzat, Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, eta euskal esportazioak hartzen dituzten herrien zerrendan zortzigarrena da.

Gaur sailburua Queretaron izango da, Eika S Coop. euskal enpresaren lantegia bisitatu eta Iparlaten lantegi berria inauguratzeko. Honela, sailburuak joan den urtarrilean Queretaroko gobernadoreak Euskal Herrira egindako bisita bueltatuko du. Bihar sailburua eta euskal ordezkaritza San Luis de Potosí herrira joango dira eta bertan Fagor Industrial enpresaren lantegi berria inauguratuko dute.

Bilerak erakunde eta euskal enpresariekin

Sailburuak programa mardula bete du bere egonaldiko lehen egunetan. Astearte goizean euskal enpresariekin bilera egin eta gero Mexikoko Ekonomia eta Energia Ministeritzako ordezkariekin elkarrizketatu da. Hain zuzen ere Beatriz Leycegui, Nazioarteko Merkataritza Negoziaketetarako Idazkariordearekin eta Eduardo Solis Kanpo Inbertsio Idazkariordearekin. Bileraren helburua Mexikoko Gobernuak hurrengo urteetarako aurreikusi duen politika industrial eta ekonomikoa zein den ezagutzea, bereziki Euskadirentzat oso garrantzitsuak diren sektoreei begira, hala nola aeronautikoa edota automozioa, besteak beste. [Irudian Beatriz Leycegui (ezkerrean) eta Ana Agirre (eskuinean)]

Jarraian Agirre sailburua Carlos Petersen Energia Idazkariordearekin bildu zen, Euskadiko energia sektorearen gaitasunak aurkezteko, baita BancoMext Kanpo Merkataritzako Banku Nazionaleko buruekin ere. Atzo euskal ordezkaritza Guanajuato estatuko Celaya hirian izan zen eta bertan finkatutako hiru euskal enpreseko arduradunekin --CIE Automotive, ELAY eta RPK S.Coop-- bildu ziren.


Lotura interesgarriak

Euskadiko Ordezkaritza Mexikon
www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico zerrenda eta web gunea
www.vascosmexico.com

Ibarretxek bertan behera utzi du Mexikora egin behar zuen bidaia
Basqueheritage.come-an argitaratua 2007ko martxoaren 7an

Querétaro estatuko gobernadorea Euskal Herrian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrialren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia