Buenos Aires, Argentina. Ekainaren 15ean hasiko da eskaerak jasotzen eta banaketak egiten –beti ere konfinamenduak oztopatzen ez badu– Buenos Aires hirian sortu berri berria den 'Amurrio' gozotegi eta txokolategia. Postreek, tartek, budinek, alfajoreek, txokolateek… goxoki guztiek zapore argentinarra izango dute, zalantzarik gabe, baina euskal ukitu batekin. ‘Amurrio’, Cecilia Canz euskara irakasle argentinarraren ekimen pertsonala da eta dendaren izenak berak ere zerikusi handia du bere euskalduntzearekin eta bere Euskal Herriarekiko ikaste prozesuarekin.
“Gure ama, Miren Edurne Aranoa Zulueta, Amurrion (Araban) jaioa da eta txiki-txikia zela Bilbora joan zen bizitzera. 1941an, Espainiako gerra zibilaren ostean, Argentinara etorri zen". "Baina izena ez nuen horregatik aukeratu. Izena beste pasadizo bati dago lotuta”, azaldu dio Ceciliak EuskalKultura.eus-i.
“Duela 30 bat urte Lazkaora joan nintzenean Maizpiden euskara ikastera, asteburuetan Amurriora joaten nintzen izebarengana. Berak hur txigortuak prestatzen zituen, gaziak, eta zapore eder hura ez dut geroztik sekula ahaztu. Urte asko pasa eta gero, Argentinako Gastronomia Eskolako azken azterketa egin nuenean, hur haiek jarri nizkion pastelari eta pentsatu nuen ‘egunen batean nire gozotegia badut, ‘Amurrio’ jarriko diot izena’”.
Hiriburuko azoka gastronomikoetan izandako esperientzia ezin hobeak, urrats berri bat ematera animatu zuen irakaslea eta orain 'Amurrio' gure telefono eta ordenadoreetan dago. Gozokiak dastatzen hasteko, Instagram-era sartu baino ez da behar, dauden produktuen artean aukeratu eta Instagram-en bertan eskatu. Nola aurkitu ‘Amurrio’ Instagramen? Oso erraza! Erreparatu, eta ohartuko zara ekimen berriaren logotipoak lauburua eta Amurrio izeneko 'A'a lotzen dituela.
Zorionak, Ceci!