euskal diaspora eta kultura
2011/03/02
PUBLIZITATEA
Seattle, Estatu Batuak. Seattle-go eta inguruetako euskal komunitateak (Vancouver-eko euskal etxea ere oso gertu dago) 'Amuma Says No' talde boisetarraren musika zuzenean gozatzeko aukera izango du bihar eta etzi. Idahoko euskal-amerikar taldeak kontzertua emango du bihar Poulsbo-n (19:00tan), eta etzi Fremont-eko Hale's Ale's tabernan (18:30etan, pintxo dastaketa doan eta dantza tailerra). Kontzertuetan bildutako dirua 'Summer in the USA' programaren antolakuntzan laguntzeko erabiliko da. Programa honek Euskal Herriko ikasle gazteak ekartzen ditu AEBetara uztailean, hilabetez familia amerikar batekin bizi eta ingelesa ikas dezaten.
Bill eta Jane Robinson, Washington estatuko bikote bat, dira programaren sustatzaileak. Programa 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendua da eta AEBetako mendebaldeko eta erdialdeko familiekin hilabete igarotzen dute gazteek, kultura berri batean murgilduta. Ikasleen familiak ordaintzen du hegaldia eta egonaldia, baina AEBetako familiek ez dute kobratzen. Programa orain dela hamar urte hasi zen, Bill-ek eta Jane-k etxean urtebeterako Donostiako ikasle bat hartu zutenean. Esperientzia oso ona izan zen eta bikotea euskal kulturaz maitemindu zen. Hori dela eta, programa sortu eta esperientzia ikasle eta familia gehiagori zabaltzen hasi ziren. 'Summer in the USA' programari buruzko informazio gehiago, hemen.
'Amuma Says No' Boisen sortatuko euskal taldea da eta bere abestietan euskal musikaren oinarria eta amerikar izpiritua biltzen ditu. Trikitixa tradizionalaren soinuak erritmo rockero eta modernoekin uztartzen ditu Amumak, eta euskaraz abesten du. Taldekideek horrela deskribatzen dute euren musika: "energiaz betea, zirraragarria, garaikidea eta... zinez euskalduna".
Jill Aldape, Dan Ansotegui, Sean Uranga Aucutt eta Spencer Basterrechea Martin dira taldearen sortzaileak, laurak bigarren edo hirugarren belaunaldiko amerikanoak. Batzuk Boiseko Oinkari dantza taldean ibilitakoak dira eta Jimmy Jausoro eta Domingo Ansotegui bezalako musikari euskal-amerikarrengandik jaso dute euskal musikaren tradizioa. Rod Wray eta Micah Deffries taldekide berriek ere osatzen dute 'Amuma Says No'. Taldeari buruzko informazio gehiago www.amumasaysno.com webgunean.
-Seattle Basque Club-en webgunea: www.seattleeuskal.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus