euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Amuma Says No' talde boisetarra, AEBetako euskal erromerien girotzaile; hurrengoa Mountain Home-n

2008/08/01

Boiseko 'Amuma says no' talde euskalduna Idahoko hiriburuko 'Basque Block' delakoan jotzen bertako euskal festetan (argazkia EuskalKultura.com)
Boiseko 'Amuma says no' talde euskalduna Idahoko hiriburuko 'Basque Block' delakoan jotzen bertako euskal festetan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Uda urteko sasoirik bizienetakoa izaten da AEBetako euskal etxeentzat, euren jai giroko ekitaldi nagusiak orduan egiten dituztelako, eguraldi ona profitatuz. Musika ezinbesteko osagaia da hitzordu hauetan eta aurten ere Boiseko 'Amuma Says No' taldeak errepidea hartu du eta Mendebaldean batetik bestera dabil kontzertuak ematen. Hurrengo hitzordua larunbat honetan bertan eskainiko dute, Mountain Home-eko '48th Annual Euskal Lagunak Basque Picnic' jaialdian.

Mountain Home, EEUU. Amuma Says No taldea 'udako bira' egiten ari euskal AEBetan zehar, bere musika nahasketa pertsonala --euskal folklorea, rocka, jazza eta erromeria-- Mendebaldeko euskal etxeen jaialdietara eramanez. Taldea Boiseko zazpi lagun euskal-amerikarrak osatzen dute:  Jill Aldape, ahotsa; Sean Aucutt, panderoa; Dan Ansotegui, trikitixa; Dave Manion, gitarra, Erik Snodgrass, baxua; Micah Deffries, saxoa eta Spencer Basterrechea, bateria. Musikarien emanaldiaz gozatu nahi dutenek aukera bikaina izango dute bihar bertan, taldeak kontzertua eskainiko baitu Mountain Home-ko euskal piknik edo jaialdian.

Basque Picnic delakoa Mountain Home-ko Euskal Lagunak euskal etxearen urteko festa nagusia da eta aurten 48. edizioa beteko du. Jaia Mountain Home-ko Basque Park-en (W 2nd N and S 3rd W) egingo da eta egunean zehar jarduera ugari prestatu dituzte antolatzaileek: haur eta nagusientzako jokoak, herri kirolak, dantza erakustaldiak (Mountain Home Euskal Etxeko Gazteak eta Boiseko Oinkari taldeekin) eta lagunarteko afaria. Iluntzean, bederatziak aldera, hasiko da 'Amuma Says No' taldearen kontzertua. Jaialdiari buruzko informazio gehiago (ingelesez),  hemen.

Datozen kontzertuak

Euskal amerikar taldeak emanaldiz betetako udari jarraipena emango dio kontzertu honekin. Aurretik Elko eta Renoko euskal festetan izan ziren uztailean, eta euren herriko jaietan --Boiseko San Inazio Festival jaialdia, joan den asteburuan-- ere kontzertua eskaini zuten. Atzo bertan Boiseko Modern Hotelean aritu ziren, bertako Music at the Modern hitzorduan. Datozen asteetan euskal komunitatearekin hitzordu ugari izango dituzte eta Idaho aldean egingo dituzten emanaldiez gain --tartean Leku Onan joko dute abuztuaren 7an--, abuztuaren 30ean Seattle eta Vancouverreko euskal etxeek antolatu duten jaialdi bateratuan izango dira, Washington estatuko Bellingham herrian.

Kontzertuetara joan ezin baina taldeak eskaintzen dituen kantuak entzun nahi dituztenek (tartean taldeak AEBetako euskal giroetan ezagun egin dituen Bizkaia Maite, Compostelako, Triki Triki Trauki edo Maite Zaitut, esaterako) hona jo dezakete:  www.myspace.com/amumasaysno.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia