euskal diaspora eta kultura
2011/06/27
PUBLIZITATEA
Londres, Ingalaterra. Londresen saioa egiten duten bigarren aldia izan zen ekainaren 18koa Amets Arzalluz eta Jokin Uranga bertsolarientzat. Iaz ere Londresen izan ziren kantari, euskal etxeak gonbidatuta, eta esperientzia hain izan zen ona aurten ere errepikatzea erabaki dutela.
Aurtengo Londresko Bertso Lunchak triki-poteo bat izan zuen hasierako gisa. Bazkarira zetozen euskaldunek, tartean Azkoitiatik etorritako bisitari tropelak, metrotik atera eta trikitixaren doinuak barreiatu ahal izan zituzten, gehiengo afro-karibearra duen Dalston auzoko kaleetan zehar. Musikak lagundurik auzoko pub-etan buelta egin zuten euskaldunek eta bertakoen harridura eta jakinmina piztu.
[Bazkarira 60 bat lagun bildu ziren (argazkia LondonEE)]
[Dantzarako gogoa zuten Londresko euskaldunek bertso saioaren ostean (argazkia LondonEE)]
Bazkaria Haggerstoneko Community Centre-n egin zen eta bertan "adin guztietako, eta jatorri ezberdinetako 60 bat pertsona bildu ziren; gehiengo handi bat euskaldun gazteak", azaldu diote London Basque Societyko arduradunek EuskalKultura.com-i.
Bazkariaren menua honakoa izan zen: entsalada, indaba zuriak, aza eta odolosteek lagunduta eta Errioxako ardo gorriarekin ondo bustita. "Askorentzat etxeko janaren moduko otorduak ez baitira horren ohikoak izaten Londresen", azaldu dute.
Bazkalostean, euskal pastela eta kafearen osteko patxaranarekin, hasi zen bertso saioa. Amets Arzallus eta Jokin Uranga luze eta patxadan aritu ziren kantari, gai librean zein Euskal Elkarteko lagunek proposatutakoekin. Ondoren, mahaiak batu zirenean, elkarteko gazteek azkar moldatu zuten dantzarako tokia trikitilariaren doinuek lagunduta.
-Argazki gehiago, Londreseko Euska Etxearen facebook orrian, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus