euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia Ipar Ameriketara artzain joaniko baztandarrei Elizondon: argazki eta bideoak (I)

2008/09/23

Zaldi gaineko 'cowboy' edo artzainek zabaldu zuten Santiago elizatik 'Euskal Sheep Camp'erainoko bidea joan den igandean Elizondon (argazkiak EuskalKultura.com)
Zaldi gaineko 'cowboy' edo artzainek zabaldu zuten Santiago elizatik 'Euskal Sheep Camp'erainoko bidea joan den igandean Elizondon (argazkiak EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Egun berezia izan zen joan den igandea Euskal Herritik oro har, baina bereziki Baztandik Ameriketara artzain joaniko jendeentzat, besta eta oroimen/omenaldi ekitaldi ederra antolatu baitzuen Elizondon bertako Udalak, Nafarroako Gobernua, Udalbide, Diario de Noticias egunkaria eta Artzain Mundua elkartea lankide. Mementu hunkigarriak eta elkarretaratze eta aspaldiko berriz-ikuste gogoangarriak gertatu ziren azkeneko berrogeita hamar urteetan Estatu Batuetako bazterretan urte batzuk emandakoen artean. Urte amerikanoak joan ziren, baina markak --batzuetan onak, beste batzuetan ez hainbeste-- segitzen du hainbat jenderen bihotzean. Hona argazki eta bideo kronika, lehenengo partea.

Elizondo, Nafarroa. Egun zinez ederra pasatu zen iragan igandean Baztango Elizondon, Ameriketan artzain izan zireneri eskainia. Aitzineko urteetan Sunbillan, Lesakan, Aldude eta Gernikan egin bezala, aurten Baztanen egin da amerikanoen ohoretan antolatu besta hau, andana bat jende bildurik eta Ameriketan euskaldunek zeramaten bizimolde eta ohidurak bilduz eta erakutsiz. Eguna goizeko hamarretan meza nagusiarekin hasi zen Elizondoko Santiago elizan, ondotik kabalkada bat egin zelarik, gisa amerikanoko zaldi gaineko bakeroak, sorry, artzainak, buru.

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 01

 [Hamaikak jo ondoren arkupea mezatik jalgi zen jendez eta bertzela ere hara bildutakoez betetzen hasi zen]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 002

 [Bildu ere, jende frango bildu zen, partaideak eta baita ere, bidearen bi alboetan, ikusle frango ere. Nork Baztanen ez dauka oseba bat Ameriketan?]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 003

 [Kabalkadako gidari, elizatik artzain kanpamendura, zaldi gainean, Arantzako Jesus Mari Lujanbio, Lesakako Migel Almandoz, Oronoz-Mugairiko Jose Javier Agirre eta Legasako Jose Antonio Andiarena]

"Euskal Sheep Camp" izeneko kanpamendu bat propio eraiki zen Elizondon, eta meza bukaturik, hameka orenetarik goiti ehundaka amerikano eta heien ahaideak bildu ziren hara. Gehientsiak, bistan da, urte batzuk Wyoming, Arizona, Utah, Kalifornia edo Nevadako bazterretan lan egin eta gero, egun Euskal Herrian bizi direnak, baina baziren tartean Ameriketarik helduak ere, hala nola beste anitzen artean Pettan Osinalde lasarra, Jose Luis Urrutia mezkiriztarra, Manuel Villanueva Los Angeles-etik heldua edota, Mexikotik, Juanjo Arrieta eta bere emazte Mari Carmen Arrechea, azken hauek ez artzainak baina bai beste molde bateko euskaldun amerikanoak, Juanjo baztandarra eta Mari Carmen Mexikon sortu baztandarren alaba.

 [Euskal artzainen kanpamentuari itzulia, bideoan]

 [Arizonako euskaldunen berri ematen dauku bideo huntan Jesus Jorajuria sunbildarrak]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 006

[Ezkerrean, Henri Oçafrain bankarra, anitz urtez San Frantziskon bizi izan zena eta egun Donibane Garazin bizi dena; eskuin, Pettan Osinalde lasarra, Kaliforniako Fresnon bizi dena eta aste batzuendako Euskal Herrian dena, bere arreba alboan]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 007

 [Kaliforniatik etorririk baita ere, ezkerrean Jose Luis Urrutia mezkiriztarra, Ventura County Basque Club-eko lehendakaria eta beti lanean ari den gizona; eskuin, Los Angelesen bizi den Manuel Villanueva, muslari aparta, hau ere bisitan Euskal Herrian, Bartzelonako Mundu Mus Txapelketan arizan ondoren]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 004

 [Mexikoko euskaldunen ordain edo ordezkari, Mari Carmen Arrechea Mexikon sortu baztandarren alaba; eta haren senarra Juanjo Arrieta, Euskal Etxeko sukaldean abila dena, eta urte guziz Olentzeroz jantzi eta Euskal Etxeko haurrer opariak ematen diena]

Lehenengo partearen azkena



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia